Emaitzak

Iñaki Martinez de Luna.
2016ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Harriduraz jaso nituen Ebaluazio Diagnostikoaren emaitzak.Datuen zergatia ulertu nahirik, lehenengo zalantza metodologiaz da: posible litzateke tamaina horretako aldakortasuna agertzea datuetan, bakarrik neurtzeko prozeduraren gorabeherengatik? Eusko Legebiltzarrean sailburuak emandako interpretazioa zuzena litzateke?Alegia: «... joera egonkorra da, hamar punturen barruan baitaude gorabeherak. Estatistika aldetik, arrazoizko gorabeherak dira».

Datu-segida baten interpretaziorako, irakurketa egokiena ez da izaten urtez urtekoa. Arinkeriatan ez erortzeko, hobe da, segidako puntu guztiak aintzat hartuz, neurketaren gorabeherak neutralizatzen dituen doitze-marra zuzena baliatzea. Hala ere, euskarazko konpetentzian gaitasun mugatua adierazten duen hasiera mailako marra gorantz doa sei urteko epean, LHn zein DBHn. Konpetentzia nahikoarena den erdiko mailan egonkortasuna dago LHrako, baina jaitsiera DBHrako. Gaitasun handia islatzen duen maila aurreratuak beherantz begiratzen du bi ikasmailetan, batez ere LHn. Baina zinezkoak ala metodologikoak dira joera horiek?

Egia da datuek aintzat hartu dituzten bost konpetentzietatik lautan jaisten direla emaitzak: euskaran, gaztelanian, ingelesean eta matematikan. Zientzietan, aldiz ez. Kontraesan hori ulertezina zait. Zergatik jaitsi, adibidez, matematiketan eta ez zientzietan? Eta, lehian dauden hizkuntzei dagokienez, zer gertatzen da? Gaztelaniazko emaitzak LHn hobetuko lirateke pixka bat, eta DBHn, aldiz, txartuko. Ingelesean, 2011ko eta 2015eko datuak parra. Ez dago argi, beraz, euskara emaitzen higadura bilatu behar denik beste bi hizkuntzei gizartean eta irakaskuntzan eskainitako arreta handiagoan.

Egia da ere, neurketa batetik bestera dagoen bi edo lau urteko tartea ez dela nahikoa luze irakaskuntzaren emaitzetan aldaketa nabarmenik gerta daitezen. Are gutxiago denbora-tarte horretan sisteman aldaketa estrukturalik ez badago. Eskuratutako informazioaren arabera, bi dira gertatutako aldaketa nagusiak: D ikastereduaren gorakada, eta familien estatus sozio-ekonomiko-kulturalaren jaitsiera. Familien batez besteko estatus horren ahultzeak izango du loturarik emaitzen jaitsierarekin? Horrela balitz, zergatik ez konpetentzi guztietan, zientzia barne? Beraz, ez dirudi hori ere denik.

Hortaz, ez dugu sailburuaren azalpena zalantzan jartzeko arrazoirik aurkitu. Hala ere, emaitzak hobetzen hasteko ezin da zain egon hurrengo neurketa batek zer esaten duen jakin arte.

Emaitzak hobetzeko gakoa da euskararen ikaskuntza beste modu batera ulertu eta planifikatzea. Alegia, askoz zabalagoa eta korapilatsuagoa den sozializazio prozesuaren baitako atal gisa hartzea. Izan ere, ikasleak euskaraz hiztun osoak izatera irits daitezen, sozializazioan garatzen diren eremu guztiak jorratu behar dira euskararen inguruan ere; hala nola maila kognitiboko ezagutza formala eskolan eta informala familia eta gizartean; afektibotasuna, horretarako hain egokia den familian, batez ere; gizartean, oro har, osagai identitarioak; eta abar. Horretan, erabat ados sailburuak esandakoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.