HIZTEGIA

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
 

-a galde partikula. 'Bai/ez' erako galderetan erabiltzen da, ekialdeko hizkeretan. Gehienetan, aditz laguntzaileari eransten zaio. Aditza isildua dagoenean, beste hitz batzuei atxikia ere erabiltzen da. Ama etorriko dea? Zu etorriko zarea? Zuek etorriko zaretea? Hemen dagoa? Egin duzuia? Baia?.

 

-arena. Batzuetan, alferrik eransten zaio '-arena' atzizkia aditz izenari. Asmo batzuk ez direla aldatuko ohartarazi zuen; herri galdeketa egitearena, esaterako*[e.] Asmo batzuk ez direla aldatuko ohartarazi zuen; herri galdeketa egitea, esaterako. // Aitzindaria izatearena ez zait askorik gustatzen*[e.] Aitzindaria izatea ez zait askorik gustatzen.

 

-ekiko. Gehiegi erabiltzen da. Bertsoak egiteko eta ulertzeko modua aldatu egin zen. Zer aldatu zen aurreko belaunaldiarekiko?*[e.] Bertsoak egiteko eta ulertzeko modua aldatu egin zen. Zer aldatu zen aurreko belaunaldiaren aldean?. // Gai horiekiko jarrera bera dute*[e.] Gai horietan jarrera bera dute.

 

-elako. Estandarrak dira ekialdeko '-elakoz' eta '-elakotz' kausalak ere.

 

-en aitzakian, aitzakiarekin, aitzakiatan, aitzakiaz (-en aitzakiapean*).

 

-en aurrean. Irudizko zentzuan gehiegi erabiltzen da. Jokabide horren aurrean, prest gaude zerbait egiteko*[e.] Jokabide hori ikusirik, prest gaude zerbait egiteko. // Inposizioen aurrean, gure izaera indarberritzen dugu*[e.] Inposizioen aurka, gure izaera indarberritzen dugu.

 

-en berri eman, -ko berri eman. Osagarri bat behar du, '-en' edo '-ko' kasukoa. Berri ematera joan da*[e.] Hango berri ematera joan da. Hango egoeraren berri ematera joan da. // Lehengusuaren berri eman zion. Gazako berri emateko.

 

-en burua. Kontuz egitura bihurkariarekin. Nire burua*, hire burua*, haren burua*, gure burua*, zure burua*, zuen burua*, haien burua*[e.] Neure burua, heure burua, bere burua, geure burua, zeure burua, zeuen burua, beren / euren burua. // Oso ondo ezagutzen dut nire burua*[e.] Oso ondo ezagutzen dut neure burua.

 

-enetz (-enentz*, -enez*). Zehar galderetan erabiltzen da, '-en' bezala. Ezin jakin etorriko denentz*[e.] Ezin jakin etorriko denetz.

 

-eno (-eino*). Estandarrean nagusi den forma erabiliko da BERRIAn ere. Hemen gareino, esperantza duguino, ez gara galduko*[e.] Hemen gareno, esperantza duguno, ez gara galduko.

 

-ero. Zenbakiak eta '-ero' atzizkia ezin dira ezkondu. Hiru astero joaten naiz eskiatzera*[e.] Hiru astetik / astean / astez behin joaten naiz eskiatzera. // Hamar minutuero pasatzen da autobusa*[e.] Hamar minututik hamar minutura pasatzen da autobusa. Arratsaldero, asteartero, azteazkenero, asteburuero, astelehenero, astero, domekero, egunero, gauero, goizero, hamabostero, hilabetero, hilero, igandero, iluntzero, jaiero, larunbatero, minutuero, neguero, orduero, ostegunero, ostiralero, segundoero, udazkenero, urtero.

 

-ik eza, -a. Kontuan izan hitza 'ez' dela, artikulua baita '-a'. Indarkeriarik eza aktiboa*[e.] Indarkeriarik ez aktiboa.

 

-kara. Kolore bat edo forma bat gauzaren batekin identifikatzen duen atzizkia. Hauskara, hautsaren kolorekoa. Lastokara, lastoaren kolorekoa. Zilarkara, zilarraren kolorekoa. Arrauzkara, arrautzaren tankerakoa. Belarkara, belarraren tankerakoa. Burdinkara, burdinaren tankerakoa.

 

-keria. Kontuan izan '-keria' bukaera duten hitzek '-a' itsatsia dutela. Jauntxokeri lotsagabea*[e.] Jauntxokeria lotsagabea.

 

-kide. Abalkidea, aberkidea, aburukidea, adinkidea, adiskidea, aitakidea, aldekidea, alderdikidea, amaikidea, anaikidea, auzokidea, baliokidea, batzarkidea, batzordekidea, bazkidea, bikotekidea, biltzarkidea, bizikidea, distantziakidea, erdikidea, erkidea, garaikidea, gelakidea, guraskidea (ezkonlagunen gurasoak elkarrekiko), herrikidea, hizketakidea, hoskidea, ikaskidea, irizkidea, izatekidea, izenkidea, jabekidea, jelkidea, lankidea, legebiltzarkidea, lehiakidea, mahaikidea, mailakidea, mugakidea, odolkidea, poliziakidea, sabelkidea, solaskidea, taldekidea, uztarkidea, zentrokidea, zentzukidea.

 

-na. Hona hemen banatzaileak osatzeko era: 'mila bana' (milana*), 'hiruna mila' (hiru milana*), 'milioi bana' (milioina*), 'bosna milioi' (bost milioina*). Banatzaileak erabili ahal izateko, ezinbestekoa da subjektua edo 'nori' kasua plurala izatea. Gainera, singularrean jokatu behar da 'bana'-ri dagokion aditza. Etxe bana erosi dituzte Arkaitzek eta Maialenek*[e.] Etxe bana erosi dute Arkaitzek eta Maialenek. // Disko eta liburu bana erosi du Arkaitzek*[e.] Disko bat eta liburu bat erosi ditu Arkaitzek. Milioi bana egokitu zaie loterian. Bina sagar jan dituzte.

 

-orde. Dagokion hitzari loturik idazten da. Ahizpaorde, aitaorde, alabaorde, alkateorde, amaorde, anaiorde, arrebaorde, erregeorde, erreginaorde (erreginorde*), hortzorde, idazkariorde (idazkari nagusiorde* e. idazkariorde nagusi), ileorde, izenorde, kontsulorde, lehendakariorde, presidenteorde, sailburuorde, semeorde, zuzendariorde...

 

-pasa. Halako adberbioak marratxoz idazten dira. Denbora-pasa ibili ginen. Hondartzara joango gara, egun-pasa. Ezin lokartu, eta hona etorri naiz, gau-pasa. Txanda-pasa egin diot orain ere.

 

-rik, -ta, -ak. Forma hauek osatzean, kontuan izan bakoitza zer aditz laguntzailerekin erabiltzen den: 'bahiturik dago', 'bahiturik dauka'; 'bahituta dago', 'bahituta dauka'; 'bahitua dago', 'bahitua da', 'bahitua dauka', 'bahitua du'. Bahituta dira*[e.] Bahituta daude. Bahituak dira. // Nekatuta naiz*[e.] Nekatuta nago. Nekatua naiz.

 

-tik. Desegokia da honelako egituretan erabiltzea: 'ministeriotik esan dute...'*, 'sindikatuetatik babesa eman diote erabakiari'*, 'elkartetik protesta egin dute'*... Era berean, alferrikako berrikeria da '-z' instrumentalaren ordez erabiltzea. Eusko Jaurlaritzatik esan dute prest dutela aurrekontua*[e.] Eusko Jaurlaritzak esan du prest duela aurrekontua. // Umoretik hartu behar dira horrelakoak*[e.] Umorez hartu behar dira horrelakoak. // Konponbidea estatu laiko bakar bat sortzetik iritsiko da*[e.] Konponbidea estatu laiko bakar bat sortuta iritsiko da.

 

-tik aurrera. Batzuetan, gehiegikeria da 'noiztik aurrera' idaztea, nahikoa baita 'noiz' adieraztea. Hego Euskal Herrian, ikusle gehien izaten den ordutegia 22:00etatik aurrera hasten da*[e.] Hego Euskal Herrian, ikusle gehien izaten den ordutegia 22:00etan hasten da.

 

-tzeko, -teko. Batzuetan, erdara imitatu eta '-t(z)eko' perpausak erabiltzen dira inolako helbururik ez dagoenean ere, baina desegokiak dira. Euskaraz, aski da esaldiak koordinatzea 'eta' erabiliz. Larria da politikariek sua piztea gero hor konpon esateko*[e.] Larria da politikariek sua piztea eta gero hor konpon esatea.

 

-tzeraino, -teraino. Denbora hutsa azaltzeko, 'arte' erabiltzen da; zenbateraino adierazteko, berriz, '-tzeraino'/'-teraino' da egitura egokia. Gaua iritsi arte torturatu zuten, hiltzeraino.

 

-z gainera. Instrumentala eta 'gainera' egitura erabiltzen denean, ezinbestekoa da 'nor' kasuan egotea korreferentea. Hala izan ezean, erabili 'ez ezik'. Liga horretaz gainera, Gipuzkoan ere ari dira bizkaitarrak*[e.] Liga horretan ez ezik, Gipuzkoan ere ari dira bizkaitarrak.

 

-z gero (ezkero*). Orduekin-eta, denbora posposizio gisa, 'ezkero' ere idatz daiteke, baina BERRIAk '-z gero' erabiliko du horrelakoetan ere. Atzoz gero. Egin ezkero*[e.] Eginez gero.

 

-zko. 2018an sorturiko argitaletxea.

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: [email protected]
webgunearen mapa