HIZTEGIA

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
 

ba. h. bada. Elkarrizketetan, onartzekoa da 'ba' forma.

 

Baath (Baas*, Baaz*). Sirian sorturiko alderdi sozialista. Beste herri arabiar batzuetara ere zabaldu da.

 

babazorro. Alaves taldeko jokalariak izendatzeko modua. Pozik babazorroak, eta burumakur gorritxoak.

 

Babelgo dorrea, -a (Babelgo Dorrea*).

 

babes balore (balore aterpe*). Finantzetan, prezio egonkorreko gaia, hala nola urrea.

 

babes zibil (babesgo zibil*).

 

babesgabetasunean egon* e. babesik gabe egon, babes barik egon, babesik ez izan. Etxeko Langileen Nazioarteko Egunaren harira, gogora ekarri dute babesgabetasunean daudela*[e.] Etxeko Langileen Nazioarteko Egunaren harira, gogora ekarri dute babesik gabe daudela.

 

Babiloniako lorategi esekiak, -ak (Babiloniako Lorategi Esekiak*).

 

baby boom.

 

bacon* e. hirugihar.

 

bada urtebete, badira bi urte, badu hiru urte.... Denbora adierazteko esapide horiek erabiltzen direnean, perpaus osagarriak '-ela' hartzen du, ez '-enetik'. Bi aste dira entrenatzailea kaleratu zutenetik*[e.] Bi aste dira entrenatzailea kaleratu zutela.

 

badaezpadako 1. Dudazkoa; erdipurdikoa. Esaldi badaezpadako bat.

 

badaezpadako 2. Badaezpada egiten dena. Badaezpadako neurriak hartu beharrean daude.

 

Badok. BERRIAren musika ataria.

 

badugu aita santua. Latinez, 'habemus papam'.

 

baffle* e. bafle.

 

bafle (baffle*).

 

Bagagiltza (BagaGiltza*, Baga Giltza*).

 

bagaje (ekipaia*).

 

bahaismo, bahaista (baha'i*).

 

Bahiketa serrailoan (Bahiketa haremean*, Bahiketa harenean*). Mozarten opera.

 

bahisari. Bahitua askatzeko ematen den ordaina.

 

bahitetxe (pietate mendi*). Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea.

 

bahitura, enbargo; bahitu, enbargatu.

 

bai ala bai*, bai edo bai* e. nahitaez, nahi eta nahi ez, ezinbestean.

 

baieztatu. Zerbait egiazkoa dela adierazi. Batzuetan, egokiagoa da 'egiaztatu' erabiltzea. Horrela zela baieztatu zuen kazetariak, baina egiaztatu gabe, eta orain jakin dugu gezurra zela.

 

baikor 1. Optimista.

 

baikor 2* e. on, positibo. Rh baikorra*[e.] Rh positiboa.

 

bailaor* e. flamenko dantzari.

 

bailara. Auzoa edo ibar txikia. Beraz, hobe ez erabiltzea 'haran' edo 'ibar' adierazteko. Jauregi bailaran ibiltzen da paseoan, Hernani eta Lasarte inguruan.

 

bailitzan*, bailiran...* e. balitz bezala, balira bezala...

 

baimendu. Baimena eman. Ez erabili 'aukera eman' edo 'modua egin' adierazteko. Ordenagailu berriak erosi ditugu, eta horrek baimentzen digu bizkorrago lan egitea*[e.] Ordenagailu berriak erosi ditugu, eta horrek aukera ematen digu bizkorrago lan egiteko. Ordenagailu berriak erosi ditugu, eta, horri esker, bizkorrago lan egin dezakegu.

 

baino. 'Baino' erabiltzen den konparazioetan, nahitaezkoa da '-ago' duen elementu bat izatea; beraz, 'baino... -ago' da horrelakoetan erabili beharreko egitura. Beste esaldi mota batzuetan, ez dago egiazko konparaziorik: zerbait baieztatu egiten da, eta beste zerbait ukatu. Horrelakoetan 'ez baizik' edo gisako egituraren bat erabili ohi da. Planari berari baino, jasotzen dituen oinarriei eutsi behar diegu*[e.] Planari berari baino gehiago, jasotzen dituen oinarriei eutsi behar diegu. // Aurrera baino atzera egin dute*[e.] Aurrera ez baizik atzera egin dute. Aurrera ez, atzera egin dute. Atzera egin dute, ez aurrera.

 

bainuetxe, bainugela, bainujantzi, bainuontzi.

 

Baionako Adierazpena, -a (Baionako Deklarazioa*).

 

baita... ere. Ez da egokia 'ere' kentzea. Denek izenpetu zuten, baita pozik ospatu*[e.] Denek izenpetu zuten, baita pozik ospatu ere.

 

baitan 1. Osagarria pertsona izan ohi da. Hori pentsatu nuen nire baitan. // Jardunaldien baitan*[e.] Jardunaldietan. Jardunaldien barnean. Jardunaldien barruan.

 

baitan 2. Zerbaiten edo norbaiten mende. Haren erabakiaren baitan dago gure etorkizuna.

 

baitezpada. Ezinbestean, nahitaez. Baitezpadakoa izan ez balitz, ez zuen eginen.

 

baja. h. gaixo agiri, gaixoaldi, gaixo baimen. Medikuak ez dio baja eman nahi*[e.] Medikuak ez dio gaixo agiria eman nahi. // Hegoaldeko 160.000 autonomoek baja ordaindua izango dute*[e.] Hegoaldeko 160.000 autonomoei ordaindu egingo diete gaixoaldian.

 

baja izan* Kiroletako klixe gogaikarria da. Tiko baja izango da hurrengo partidan*[e.] Tikok ezingo du jokatu hurrengo partidan. // Bost jokalari baja izango dira datorren denboraldian*[e.] Bost jokalarik ez dute segituko datorren denboraldian.

 

bajoiarekin egon*, bajoia izan* e. jota egon, makalaldia izan... Bueltan, bajoia daukazu, nekearena, sentimenduena, eta guztia batera*[e.] Bueltan, jota zatoz, nekeagatik, sentimenduengatik, eta guztiagatik batera.

 

bakailao. Arrain mota. Bakailaotara joan zen.

 

bakailaontzi. Euskaltzaindiaren Hiztegian 'bakailao ontzi, bakailao-ontzi' ageri da. BERRIAk hitz bakarrean idatziko ditu horrelako guztiak. Ikus 'ontzi' sarrera.

 

bakailu* e. bakailao.

 

bakalao (bakailao*). Musika mota.

 

bakartu (aislatu*, aislamentu*). Bost preso bakarturik daude. Bakartze ziega. Ospitaleko gela berezi batean dago, bakarturik.

 

Bake Bidea, -a. Bake Bideako*[e.] Bake Bideko.

 

Bake eta Bizikidetza Idazkaritza.

 

Bake eta Bizikidetza Plana, -a. Eusko Jaurlaritzak landutako plana.

 

Bake eta Elkarbizitzarako Lantaldea, -a (ponentzia*).

 

bakebide. Baketzeko bidea.

 

Bakegileak (Bakearen Artisauak*, Bake Artisauak*). Ipar Euskal Herriko gizarte zibileko zenbait kidek osaturiko taldea, ETAren armagabetzea lortzeko 2017an sortua. Kideak aipatzeko, 'bakegile' erabiliko dugu, letra xehe etzanez.

 

Bakerako Hezkuntza Plana, -a.

 

bakero 1. Jeansak; jeansak egiteko ehuna. Bakero politak dira horiek. Oihal bakeroa ez da aise urratzen.

 

bakero 2* e. cowboy.

 

Bakio, Bakioko hondartza.

 

bakoitzero* e. bakoitzean. Tuteratik alde egiten dudan bakoitzero*[e.] Tuteratik alde egiten dudan bakoitzean.

 

bakotx* e. bakoitz.

 

bakteria* e. bakterio.

 

Balaitus (Balaitous*). Pirinioetako mendi bat da.

 

balantzaka. Binbili-bonbolo, binbilin-bolon, dinbili-danbala, pinpili-panpala, zinbulu-zanbulu.

 

balantze. Bilana.

 

baldintza. Gehiegi erabiltzen da. Indarkeria gaitzestea eta legea errespetatzea ezinbesteko baldintzak dira elkarlanean aritzeko*[e.] Indarkeria gaitzestea eta legea errespetatzea ezinbestekoa da elkarlanean aritzeko. // Etxe hori oso baldintza txarretan dago*[e.] Etxe hori oso gaizki dago.

 

baldintza plegu* e. baldintza agiri.

 

baldintzak eman* Aldaketak, baldintzak eta fenomenoak ez dira 'ematen'. Gaur egun, ez dira baldintzak ematen arazoa konpontzeko*[e.] Gaur egun, egoera ez da egokia arazoa konpontzeko.

 

baldintzapeko askatasuna eman* e. baldintzapean askatu, baldintzapean aske utzi. Esnali baldintzapeko askatasuna emateari buruzko auzi saioa*[e.] Esnal baldintzapean askatzeari buruzko auzi saioa.

 

balea. Ez du galtzen bukaerako '-a', itsatsia baitu. Balea bat ikusi zuten. Balea arrantza (balea ehiza*, balearen ehiza*), balea bizar, balea urdin, baleazale, balekume, baleontzi.

 

Balear Uharteetako Unibertsitatea, -a.

 

Balendin Berriotxoa museoa, -a (San Balendin Berriotxoa museoa*).

 

Balentziaga museoa, -a.

 

Balentziaga, Cristobal (Balenciaga*).

 

baleontzi.

 

baliagarri (baliogarri*).

 

Baliko Grand Prix (Baliko Grand Prixa*). Ez du artikulurik hartzen. Baliko Grand Prixa irabazi du*[e.] Baliko Grand Prix irabazi du.

 

balio. Filosofiari eta moralari dagozkienak 'balio' dira, ez 'balore'. Balio moral bat da elkartasuna.

 

balio izan. Prezioa adierazteko erabiltzen denean, singularrean nahiz pluralean egiten da komunztadura. Hamar euro balio du. Hamar euro balio ditu.

 

balioan jarri*, balorean jarri* e. balioa eman, balioa onartu, aintzat hartu, -ren balioa nabarmendu, -ren balioa ezagutarazi, azpimarratu, nabarmendu... Helsinkiko egitasmoak balioan jarri du Bilboko Guggenheim museoaren eredua*[e.] Helsinkiko egitasmoak agerian utzi du Bilboko Guggenheim museoaren eredua ona dela. // Hitzak balioan jarri nahi ditu*[e.] Hitzei beren balioa eman nahi die.

 

balioztatze makina. Metroan, trenean eta halakoetan sartzeko txartela baliozkotzat jotzen duen makina.

 

baliza. Itsasoan jarritako seinalea.

 

Balkanak, -ak; Balkan mendiak, -ak; Balkanetako penintsula.

 

balkanizazio (balkandartze*).

 

Balkhax (Balkhach*, Balkash*, Baljash*). Kazakhstango aintzira.

 

ballet (balet*).

 

Ballet triadikoa, -a (Triadisches Ballett*). Oskar Schlemmer-en ballet esperimentala.

 

baloiaren jabetza izan. h. baloia eduki. Bi taldeek nahi zuten baloiaren jabetza*[e.] Bi taldeek eduki nahi zuten baloia.

 

baloratu. Klixe gogaikarriak dira 'positiboki baloratu' eta 'negatiboki baloratu'. Era berean, galderetan ez da egokia 'nola baloratzen duzu?' erabiltzea. Positiboki baloratu zuen gobernuburuaren proposamena*[e.] Egokitzat jo zuen gobernuburuaren proposamena. // Nola baloratzen duzu hainbeste partida galdu izana? *[e.] Zer iruditzen zaizu hainbeste partida galdu izana?.

 

balore 1. Adorea, kemena. Balorea behar da, gero, horrelakoak esateko.

 

balore 2. Finantzetakoak 'balore' dira. Balore merkatua.

 

balore 3* e. balio. Filosofiari eta moralari dagozkienak 'balio' dira. Balore moral bat da elkartasuna*[e.] Balio moral bat da elkartasuna.

 

bals, baltseo (vals*). Dantza mota.

 

balsero (baltsero*). Kubatik ihesi Ameriketako Estatu Batuetan itsasoz legez kanpo sartzen den etorkina.

 

Baluarte. Iruñeko batzar jauregia eta auditoriuma.

 

banan-banan (banan-bana*).

 

banana errepublika (errepublika bananero*). Esamolde gutxiesgarria, batez ere Erdialdeko Amerikako eta, hedaduraz, demokrazia eskaseko eta gizarte egitura ahuleko herrialdeak izendatzeko erabilia.

 

banatzaileak. Ikus 'Ortotipografia' atala.

 

banaz bertze. Batez beste.

 

bandalismo.

 

Bandcamp. Sareko musika plataforma eta denda.

 

bandera. Estropadetan, banderak ematen dituzte sari gisa, ez ikurrinak.

 

bandera zuri. Gerran, guduetan eta gisakoetan, errenditzeko edo su etena eskatzeko erakusten den bandera.

 

banderola. Iparraldean, pankarta.

 

Bandres-Karolo Memoriala, -a.

 

bang* e. danba. Kolpe sendoaren edo tiroaren onomatopeia.

 

banka. h. bankuak.

 

bankarrot (bankarrota*). Ez du a itsatsirik.

 

banketxe. Banku lanak egiten diren etxea.

 

banku txar. Finantza sistema onbideratu nahian aktibo toxikoak erosten dituen finantza erakundea.

 

banlieu* e. bazter auzo.

 

banner. h. (Interneteko) iragarki.

 

banpiro, banpirismo.

 

bantu (bantou*). Saharaz hegoaldeko Afrikako hizkuntza multzoa; hizkuntza horiek erabiltzen dituen giza taldea.

 

bapatean* e. bat-batean.

 

Barandiaran, Jose Migel.

 

baratza* e. baratze.

 

Baratzazaraurrea, -a (Baraza Zarra*, Barazazarra*, Baratzazarrak*, Aitzuri*, Aizuri*). Debako eta Zumaiako kostagunea.

 

baratzezaintza (baratzegintza*, baratzagintza*).

 

Barazkien Festa.

 

barazkijale. Erdarazko 'vegetariano' / 'végétarien' guztiak ez dira 'barazkijale' ezinbestean. Menu barazki jalea*[e.] Barazki menua. Menu begetarianoa.

 

Barbadunen itsasadarra, -a; Barbadun itsasadarra, -a (Barbadungo itsasadarra*). Muskizko itsasadarra.

 

Barça. Bartzelona futbol taldea izendatzeko modu laburra.

 

Bardea (Bardeak*). Bardeetako tiro eremua*[e.] Bardeako tiro eremua.

 

Bardea Orain (Bardea Ya*).

 

Bardoak. Nafarroako bertso txapelketa. Kontuz kasu markak eranstean. Bardoak-en finalean*[e.] Bardoen finalean.

 

barematu; birbarematu. Baremoa ezarri; baremoa berriz ezarri. Birbarematzeko administrazio prozedurak.

 

bariazio. Musika lan batez mintzatuz, hura moldatuz sortzen den aldaera.

 

barietate 1. Biologian, aldaera. Zereal barietate batzuk betiko galdu dira.

 

barietate 2* e. aniztasun, aukera.

 

barik. Gabe, gaberik. Gogo barik dago.

 

Barinatxe (La Salvaje*, Barinatxa*, Barinatze*). Sopela eta Getxoko hondartza.

 

barizela. Gaitz kutsakorra, 'astanafarreri' ere deitua.

 

barman* e. tabernari.

 

barne 1. Desegokia da '-en barne egon' egitura. Hau erabiltzen da euskaraz: '-en barnean egon'. Sistemaren barne dago*[e.] Sistemaren barnean dago.

 

barne 2. Osagarriak 'nor' kasuan behar du. Ezkerreko joera politiko gehienek bat egin dute deialdiarekin, abertzaleek, komunistek, ezker muturrekoek eta PSko sektore batek barne*[e.] Ezkerreko joera politiko gehienek bat egin dute deialdiarekin, abertzaleak, komunistak, ezker muturrekoak eta PSko sektore bat barne.

 

barneraldi (barnealdi*, barnekaldi*, barneraketa*). Ryan Giggs ezkerraren barneraldi arriskutsu bi salbu, Gales apenas hurbildu zen ingelesen atera.

 

barra energetiko (barratxo energetiko*).

 

Barrako hondartza (La Barre*). Angeluko hondartza.

 

barraskilo (marraskilo*).

 

Barraskilo operazioa, -a (Karakoil operazioa*).

 

barre eginarazi. Barre eragin.

 

barre grabatuak, -ak; hozkailuko barreak, -ak; aldez aurretik grabatutako barreak, -ak (barre enlatatuak*).

 

barre ironikoa. Ja-jai.

 

barre terapia (barreterapia*).

 

barrea. Iji, iji-aja, iji eta aja, ijiji, kar-kar(-kar), kur-kur(-kur), ajaja, ja.

 

barreiatze granada. Frantziako Poliziak manifestariak eta protestariak barreiatzeko darabilen granada mota (fr: grenade désencerclante).

 

Barrika, Barrikako hondartza.

 

bart. Dagokion aditza orainaldikoa nahiz lehenaldikoa izan daiteke. Bart ikusi dut. Bart ikusi nuen.

 

Bartzelonako Etorbide Nagusia, -a (Gran Via*).

 

Bartzelonako Familia Santua, -a (Familia Sakratua*). Antoni Gaudik hasitako eliza. Familia Santuaren tenplua ikusteko. Familia Santuaren basilika.

 

Bartzelonako Gracia pasealekua, -a.

 

Bartzelonako Meridiana hiribidea, -a.

 

Bartzelonako Palau. Kataluniako musikaren jauregia.

 

Bartzelonako Salvador Espriu lorategiak, -ak. 'Graciako lorategiak' ere esaten zaie.

 

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, -a.

 

Bartzelonako Unibertsitatea, -a.

 

Bartzelonako Via Laietana (Layetana*).

 

Basasagarra, -a (Bassassagar*). Bidarraiko baserria.

 

Basauriko MAZ jaialdia, -a (MAZ Basauri*).

 

BASE salto. Toki finko batetik paraxutez egiten den jauzia. BASE ingelesezko sigla bat da ('building', 'antenna', 'span', 'earth').

 

base-ball* e. beisbol.

 

baselina egin* e. (baloia) harrotu, (baloia) loratu. Kiroletan.

 

baserri eskola. Haurrek baserria eta baserriko lanak zer diren ikasteko tokia. Ez nahasi nekazaritza eskolarekin.

 

baskismo, baskista.

 

baskongado. Inoren esanetan bakarrik erabiltzekoa.

 

basotu, basoberritu (birpopulatu*). Oihandu, zuhaiztu.

 

Basque Txok (BasqueTxok*).

 

Basta Ya* e. Aski Da.

 

basurdetan. Basurdeak harrapatzen. Basurdetan ibiltzen zen lehen.

 

Basurtuko ospitalea, -a (Basurtoko ospitalea*).

 

bat. Gogoan izan mugatu singularrak balio generikoa duela. Arratoiaren pozoiak gizaki bat hil dezake?*[e.] Arratoiaren pozoiak gizakia hil dezake?.

 

bat baino gehiago. Egitura honetan, 'gehiago' ez ezik 'bat' ere deklinatzen da. Izenlagunetan, berriz (hau da, lotura '-ko' edo '-en' denean), 'gehiago' bakarrik. Bat baino gehiagok irakurri dute artikulua*[e.] Batek baino gehiagok irakurri dute artikulua. // Bat baino gehiagori erori zaie etxea gainera*[e.] Bati baino gehiagori erori zaie etxea gainera. // Mila biztanle baino gehiagoko herrietan.

 

bat beste baten truke. Europako Batasunak iheslarien inguruan onarturiko sistema. Siriako errefuxiatuak Europako Batasunean sartzeko 'bat beste baten truke' sistema erabiltzea hitzartu dute estatuek.

 

bat egin, bat egite (bategite*). Kutxek bat egingo dute. Kutxen bat egiteak luze joko du.

 

bat ere. Bat bera ere. Ez dut zigarreta batere erre*[e.] Ez dut zigarreta bat ere erre. // Gonbidatu batere ez zen etorri*[e.] Gonbidatu bat ere ez zen etorri.

 

bat etorri. Kontuz esaldia jostean. Hirurak bat datoz bakerik nahi ez duten sektoreak ere badaudela esatean*[e.] Hirurak bat datoz bakerik nahi ez duten sektoreak ere badaudela.

 

bat-batean (bapatean*).

 

bat-batean. Di-da, brau, dzast, zart, rau, zapla, banpez, klak, krak, krask, krik, krik-krak, tak.

 

bat-batean bururaturiko ideia. Dapa.

 

batailoi (bataloi*, batalloi*).

 

batasuno. Inoren esanetan bakarrik erabiltzekoa.

 

batean, baten. Euskaltzaindiak bi forma horiek onartu ditu 'non' kasurako.

 

bategatik, batengatik. Euskaltzaindiak bi formak onartu ditu euskara baturako.

 

Batelerak. San Juan taldeko emakumezkoen trainerua. Etzanik gabe eta letra xehez idatzirik, arraunlariak izendatzen ditu.

 

batere. Mailakatzaile bat da, erabateko gabezia adierazten duena. Filma ez zitzaidan bat ere gustatu*[e.] Filma ez zitzaidan batere gustatu. // Jon ez da bat ere egokia lan horretarako*[e.] Jon ez da batere egokia lan horretarako.

 

batez beste, batez besteko, batezbesteko (bataz beste*, batazbesteko*, batez bestean*). Izena denean, batera idazten da, eta izenlaguna edo adizlaguna denean, berriz, bereiz. Irakurleen adinaren batezbestekoa jakin behar genuke. Etxeko langileen batez besteko soldata. Urtean zenbat irabazten dugun batez beste.

 

batik bat (batipat*).

 

batio* e. watt.

 

Batiz. Getxoko hondartza.

 

batukada (batucada*). Perkusio tresnak erabiliz jotzen den sanba mota.

 

batuta. Musikan, talde baten zuzendariak erabiltzen duen makilatxoa.

 

Batzar Nagusiak, -ak (BBNN*). Arabakoek 'Biltzar Nagusiak' izena izan zuten 2015eko azarora arte. Geroztik, 'Batzar Nagusiak' dira, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak bezala. Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak.

 

batzuk, batzuek. Gogoan izan 'nor' kasuan 'batzuk' dela erabiltzekoa (ez batzu*), eta 'nork' kasuan, berriz, 'batzuek' (ez batzuk*).

 

Baudouin Belgikakoa, -a; Boudewijn Belgikakoa, -a (Balduino*). Bigarren Mundu Gerraz geroztik Belgikan izaniko errege-erreginen izenak idazteko, frantsesezko forma nahiz nederlanderazkoa erabil daiteke.

 

Baxe Nafarroa* e. Nafarroa Beherea (-a), Baxenabarre.

 

Baxenabarre. h. Nafarroa Beherea, -a.

 

baxenabartar, Nafarroa Behereko (behenafar*).

 

baxo. Frantzian, bigarren hezkuntzako ikasketak eta etsamina, goi ikasketetara pasatu aurrekoak.

 

baxurako arrantza.

 

bazar. Askotariko produktuak saltzen diren denda.

 

bazkide konpromisario. Kirol elkarteetan, bazkide ordezkaria, batzarretan beste bazkide batzuk ordezkatzen dituena.

 

bazko* e. pazko.

 

Baztan ibaia. Sorburutik Mugairiraino, Baztan ibaia da; handik aurrera, Bidasoa.

 

Baztango txerri, euskal txerri.

 

bazuka (bazooka*, bazoka*).

 

BBK Gutun Zuria Bilbao saria, -a.

 

BBK Sala (BBK Aretoa*).

 

beat. 'Beat' belaunaldia.

 

Beatrix Herbehereetakoa, -a (Beatriz Holandakoa*, Holandako Beatriz*).

 

beaumontar (beaumondar*).

 

Bedaroako Ogella (Ogeia*). Ea hondartza.

 

bederatziehun, bederatzietan (bederatzirehun*, bederatziretan*).

 

beef. Rapean, trapean eta beste musika genero batzuetan, bi kantariren arteko ika-mika. 'Clash' ere deitzen zaio.

 

beganismo, begano. Animalia jatorriko produktuak erabiltzearen kontrako bizi estiloa, arrazoi etikoetan oinarriturikoa; haren jarraitzailea.

 

begetalismo, begetalista (begetalianismo*, begetaliano*). Begetarianismo zorrotza; haren jarraitzailea.

 

begetarianismo, begetariano.

 

begiratu 1. [dio] Norbaiti edo zerbaiti behatu, so egin. Halakoetan, 'dio' motako laguntzailea du. Atezaina begiratu zuen*[e.] Atezainari begiratu zion.

 

begiratu 2. [du] Norabait behatu, so egin. Halakoetan, 'du' motako laguntzailea du. Gora begiratu zuen.

 

begiratu 3. [du] Zaindu. Begira gaitzazu gaitzetik.

 

Begoñako punta (Punta Begoña*, Begoña punta**). Getxoko punta.

 

behaketan egon, behaketapean egon.

 

behar izan. Oro har, 'du' saileko laguntzaileekin jokatzen da, baita aditz osagarria 'da' sailekoa denean ere. Goiz altxatu beharko dugu bihar. Elkarrekin egon behar izan zuten.

 

beharrean. Aditzaren ondotik erabili ohi da 'ordez' esan nahi duenean. Hilero beharrean, bi hilean behin pagatuko da argindarra*[e.] Hilero pagatu beharrean, bi hilean behin pagatuko da argindarra.

 

Behategia, -a. Euskal hedabideen behatokia.

 

behatz 1. Hankako hatza.

 

behatz 2. Gipuzkeraz eta nafarreraz, hatza, hankakoa nahiz eskukoa.

 

behe laino (behelaino*).

 

behekalde* e. behealde, beheko alde.

 

behenafar* e. baxenabartar, Nafarroa Behereko.

 

beherapen. Beheratzea; gutxitzea. Ez erabili 'merkealdi' adierazteko. Beherapenetan erosi zuen jertsea*[e.] Merkealdian erosi zuen jertsea.

 

behi arrazak. Akitaniako blonda, behi asturiar, behi frisiar edo Holstein behi, behi holandar, behi piriniotar, behi suitzar arre, behi suitzar, betizu, betroi, Flandriako behi, frisiar gorri, limusin behi, mendietako asturiar (casina*), montxina behi, shorthorn behi, terreña behi, xaroles (txaroles*).

 

behi eroen gaitza, -a. Behien entzefalopatia espongiformea izendatzeko modu arrunta. Gizakien gaitza Creutzfeldt-Jakoben gaixotasuna da.

 

behia, zezena, idia. Mu, marru, orro, marru-marru, marru egin, marruka aritu, marruma, murrusa, murrusaka, mu eta mu.

 

behin betiko (definitibo*, behin-betiko*).

 

behin eta berriro, behin eta berriz.

 

behin-behinean, behin-behineko, behin-behinekoz (behin behinean*, behin-behingo*, behin behineko*).

 

behorra eta zaldia. Irrintzia, ijijiji.

 

beige* e. beix.

 

beirateria (bidriera*).

 

Beirie, Lorentxa (Beyrie*).

 

beix (beige*).

 

Bekat'uros eguna, -a.

 

bektore; gaixotasun bektore. Patogeno bat organismo gaixo batetik beste batera garraiatzen duen pertsona edo animalia, beretzako osasun ondoriorik izan gabe.

 

bel canto. Kanturako ahots teknika bat da, operan erabili ohi dena.

 

bela. Hona hemen kirol nautikoaren modalitate batzuk: 470 (honela irakurtzen da: /lau hirurogeita hamar/); 49er (/fortinainer/); 9er FX; finn; laser standard; laser radial; nacra 17; RS:X (windsurf mota bat da).

 

belaontzi.

 

belarriprest. Euskaraz hitz egiteko gai ez izanik ere, ulertzen duena eta prest dagoena euskaraz egin diezaioten. Euskaraldiak sortutako terminoa da. Ikus 'ahobizi'.

 

belatz. Politikan, jarrera gogorren aldekoa. Pentagonoko belatza den ospea goxatzen saiatu da Paul Wolfowitz.

 

belea eta gisako hegaztiak. Karra-karra, karranka, kras-kras, kua-kua.

 

Belemgo dorrea, -a. Lisboako dorrea.

 

Belharra uhina, -a; Belharra olatua, -a. Hendaia eta Donibane Lohizune aldeko Belharra uharriak sorturiko uhin handia.

 

beliko. Gerrari dagokiona. Gogoan izan askotan aski dela 'gerra' erabiltzea. Film beliko*[e.] Gerra filma.

 

Bell Hooks (bell hooks*). Estatubatuar Idazlea.

 

belle époque.

 

Bellevue. Miarritzeko biltzar jauregia.

 

belo. Aurpegia edo burua estaltzen duen zapia.

 

belomar* e. pedalontzi.

 

belomotor* e. motor bizikleta.

 

Beltxargen aintzira (Zisneen aintzira*, Beltxargen lakua*, Zisneen lakua*). Txaikovskiren ballet ezaguna.

 

beltzak, -ak. Ertzaintzako talde berezietako kideak. Inoren esanetan bakarrik erabiltzekoa.

 

beltzak, -ak. Kartetan, txanka, zaldia eta erregea.

 

bemol. Musikan, nota mota; hura adieratzen duen ikurra.

 

Benelux. Belgikak, Herbehereek eta Luxenburgok 1958an osaturiko batasun ekonomikoa.

 

Benetako Demokrazia Orain. 2011n Espainian sorturiko herritar plataforma.

 

benjamin. Kiroletako kategoria. Gainerakoak ikusteko, jo 'kiroletako kategoriak' sarrerara.

 

benjaminaurreko (prebenjamin*). Kiroletako kategoria. Gainerakoak ikusteko, jo 'kiroletako kategoriak' sarrerara.

 

beno* e. bueno, bon; tira.

 

Bentaberri (Benta Berri*). Donostiako auzoa.

 

ber-, bir-. Bokalez hasten diren aditzek 'ber' hartzen dute ('berrargitaratu', 'berreraiki', 'berridatzi'...), eta kontsonantez hasten direnek, 'bir' ('birloratu', 'birsaldu'...). Nolanahi ere, neurriz erabiltzeko baliabidea da: 'birkalifikatu' ez ezik, 'kalifikazioa aldatu' ere erabil daiteke; 'birfindegi' baino hobe da 'findegi' erabiltzea; 'birbanatu' baino hobe, 'banatu'; 'berradiskidetu' baino hobe, 'adiskidetu'...

 

Bera, Ainara (Ainara Bera*). Zinemagile nafarra.

 

Bera, Marta (Vera*). Nafar politikaria.

 

beranduago. Gehiegi erabiltzen da, eta tokia kentzen ari zaio 'geroago' hitzari. Lehen liburua 1921ean eman zuen argitara. Bigarrena hiru urte beranduago argitaratuko zuen*[e.] Lehen liburua 1921ean eman zuen argitara. Bigarrena hiru urte geroago argitaratuko zuen.

 

berbere (berebere*). h. amazig. Afrika iparraldeko etnia; etnia horretako kidea. Hizkuntzaren izena amazigera da. Afrikako iparraldean bizi dira amazigak.

 

Berdeak, -ak. Alemaniako alderdi ekologista. Baiezko botoa eman zuten Berdeek.

 

Berdeak-Europako Aliantza Librea, -a. Laburrago, Berdeak-EFA.

 

Berdeak-Europako Aliantza Librea, -a. Laburturik, 'Berdeak-EFA'.

 

berdegune 1. Hiri eta herriei buruz mintzatuz, landaredia duen tokia.

 

berdegune 2* e. zelai.

 

berdegune 3* e. futbol zelai.

 

berdin izan. Aditz erregimenari dagokionez, 'berdin da', 'berdin zaio', 'berdin du' eta 'berdin dio' erabiltzen dira, eta laurak dira egokiak. Berdin da nola ikasten dugun. Berdin zaio nola ikasten dugun. Berdin du nola ikasten dugun. Berdin dio nola ikasten dugun.

 

Berdintasun Legea, -a.

 

Berdintasunaren Aldeko eta Emakumeen Aurkako Indarkeriarik Gabeko Bizitzen Aldeko Herri Ituna, -a. Komeni denean, zilegi da parafrasia egitea eta laburtzea; halakoetan, letra xehez idatziko dugu. Berdintasunaren alde eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen alde egindako herri ituna; berdintasunaren aldeko herri ituna; berdintasunaren herri ituna.

 

bere 1. Gehiegi erabiltzen da. 'Bere' gabe esaldia ondo ulertzen bada, hobe kentzea. Orobat gertatzen da gainerako posesiboekin. 1911ko udan, Ingalaterra eta Frantziara joan zen bere amarekin*[e.] 1911ko udan, Ingalaterra eta Frantziara joan zen amarekin. // Gizon bat atxilotu dute Bilbon, bere emaztea jo duelakoan*[e.] Gizon bat atxilotu dute Bilbon, emaztea jo duelakoan.

 

bere 2 (be*). Hori be txarto dago*[e.] Hori bere txarto dago.

 

bere aldetik. Bere kasa. Askotan, betegarri gisa erabiltzen da, eta ez 'bere kasa' adierazteko; horrelakoetan, hobe kentzea. Esalditik esaldira subjektua edo gaia aldatu dugula adierazteko, egokiagoa da 'berriz'. Nork bere aldetik jardun du lanean. // Sindikatuen batasuna «inoiz baino beharrezkoagoa» da orain, baina beldur da sindikatu abertzaleak ez ote diren bakoitza bere aldetik arituko. // Gotzon Agirrek nabarmendu zuen negoziatzeko prest daudela. Joseba Labakak, bere aldetik, fruituaren metafora erabili zuen patronalaren egoera irudikatzeko*[e.] Gotzon Agirrek nabarmendu zuen negoziatzeko prest daudela. Joseba Labakak, berriz, fruituaren metafora erabili zuen patronalaren egoera irudikatzeko.

 

bere egunean* e. bere garaian.

 

bere gain. Bere kontura, bere esku. Adizlaguna da. Batera idatziz gero ('beregain'), adjektiboa da. Bere gain hartu zuen lan guztia.

 

bereber* e. amazig, berbere.

 

beregain 1. Inoren edo ezeren mende ez dagoena. Izenondoa da. Berezi idatziz gero ('bere gain'), adizlaguna da. Ordu hartan osoki beregaina zen Nafarroako erreinua.

 

bereizkeriarik gabeko tratamendua. Ikus 'Deontologia' atala.

 

bereizketa egin, bereizkeria egin (desberdintasunak egin*). Montero eledunak erantzun dio Madrilek ezin dituela desberdintasunak egin erkidego autonomoen arabera*[e.] Montero eledunak erantzun dio Madrilek ezin duela bereizketarik egin erkidego autonomoen arabera.

 

bereizmen (erresoluzio*). Pantailetan eta abarretan, irudi argia emateko ahalmena.

 

beren-beregi (beren beregi*, berenberegi*).

 

Berenize (Berenice*). Antzinaroko Egiptoko erregina.

 

beretsu* e. bertsu.

 

berez. Kontuan izan pertsonaren arabera aldatu egiten dela. Berezkoa dugu*[e.] Geurezkoa dugu. // Berez ez naiz oso eskuzabala*[e.] Neurez ez naiz oso eskuzabala.

 

berez hil; heriotza natural.

 

berezitu. h. espezializatu.

 

Berkeleyko Unibertsitatea, -a. 'Kaliforniako Unibertsitatea' ere deitua.

 

bermepean* e. bermea ordaindurik, bermea ordainduta. Aske geratu da, bermepean*[e.] Aske geratu da, bermea ordainduta.

 

bermut (vermouth*, vermut*).

 

bero kolpe. Beroak eragindako ondoeza.

 

bero sapa (berosapa*, bero-sapa*). Bero itogarria, sargoria.

 

bero uharte. (es: isla de calor; fr: îlot de chaleur urbain). 'Efektu' hitza erantsiz hiru hitzeko elkartea osatu behar bada, marratxoz idatziko dugu. Bero uharte efektua*[e.] Bero-uharte efektua.

 

berotegi (negutegi*). Berotegi efektua. Berotegi gasa.

 

berotze global, Lurraren berotze, Lurra berotu... (beroketa global*).

 

berpizkunde* e. pizkunde.

 

berradiskidetu* e. adiskidetu. Kubako Giza Eskubideen eta Berradiskidetze Nazionalaren aldeko Batzordea*[e.] Kubako Giza Eskubideen eta Adiskidetze Nazionalaren aldeko Batzordea.

 

berragerpen* Kiroletako klixe gogaikarria da. Igandean berragerpena egiteko prest dago Irujo*[e.] Igandean berriz jokatzen hasteko prest dago Irujo.

 

berralokatu, berralokatze (subarrendamendu*). Inoren esanetan bakarrik erabiliko dugu 'azpierrentamendu'.

 

berraragitu, berraragitze; berraragiztatu, berraragiztatze (errenkarnatu*, erreenkarnatu*, errenkarnazio*, erreenkarnazio*).

 

berrerabili, berrerabilgarri.

 

berreskuratu. Gehiegi erabiltzen da. Naturaz mintzatuz, erabili 'leheneratu'. Ibaia berreskuratu nahi dute*[e.] Ibaia leheneratu nahi dute. // Montañezek dio joko oldarkorra berreskuratu nahi duela*[e.] Montañezek dio oldarkor jokatu nahi duela berriz.

 

berri 1. Desegokia da 'beste bat' edo 'beste batzuk' adierazteko. Bilera berri batera deitu digu*[e.] Beste bilera batera deitu digu. // Teoria batzuen arabera, Lurra berotzeak glaziazio berri bat ekarriko du*[e.] Teoria batzuen arabera, Lurra berotzeak beste glaziazio bat ekarriko du.

 

berri 2. Ezezko esaldietan, sobran dago honelakoetan. Azken egunetan ez da positibo berririk izan*[e.] Azken egunetan ez da positiborik izan. Azken egunetan ez da positibo gehiagorik izan.

 

berri jakin, berri izan. Esaldia jostean, '-en berri' edo '-ko berri' egiturak erabiltzen dira. Bere kasa aritu zen inork berri izan gabe*[e.] Bere kasa aritu zen inork ezeren berri izan gabe. Bere kasa aritu zen inork jakin gabe. // Hemengo berri jakin behar zenuke.

 

BERRIA. Deklinabidea marratxorik gabe lotzen zaio. Tituluetan eta azpitituluetan, letra guztiak letra larriz idazten dira; testu barrenean, berriz, lehen letra larriz idazten da, eta gainerakoak, maiuskula txikiz.

 

BERRIA Aretoa, -a.

 

Berria Astekaria. Aplikazio baten izena da, eta izen arruntak bezala deklinatzen da. Berria Astekaritik hartu nuen.

 

Berria FM. Berriaren podcasta.

 

BERRIA Ikasgela.

 

BERRIA Komunitatea, -a; BERRIAlaguna, -a.

 

BERRIA Taldea. BERRIA egunkaria argitaratzen duen taldea.

 

Berria TB edo Berria telebista.

 

Berria.eus. Etzanez idazten da, eta kasu marka marratxoz lotzen zaio, etzanik gabe.

 

BERRIAren 2021eko egutegia (2021eko BERRIAren egutegia*).

 

berriemaile (berriemale*).

 

berriemaile berezi. Albiste jakin baten berri eman dezan atzerrira bildaltzen den kazetaria.

 

Berriketan.info. Etzanez idazten da, eta deklinabidea marratxoz lotzen zaio, etzanik gabe.

 

berrinfekzio, berrinfektatu.

 

Berriotxoa, Balentin (Valentin Berriotxoa*). Baina Elorriokoa Balendin Berriotxoa museoa da.

 

berritasun izan* Kiroletako klixe gogaikarria da. Felipe eta Yeste dira deialdiko berritasun nagusiak*[e.] Felipe eta Yeste deialdian sartu dituzte. // Sousa (Valladolid), Casquero (Racing), Alexis eta Nacho (Malaga), Manu del Moral eta Contra (Atletico) eta Cortes (Mallorca) dira berritasunak*[e.] Hauek dira fitxatu berriak: Sousa (Valladolid), Casquero (Racing), Alexis eta Nacho (Malaga), Manu del Moral eta Contra (Atletico) eta Cortes (Mallorca).

 

Berritzeguneak, -ak. EAEko hezkuntza administrazioan, ikastetxeei laguntzeko zentroak.

 

berriz gaixotu. Sendatzeko bidean baina guztiz sendatu gabe dagoen gaixotasun bat berriz indartzea. Ez nahasi errezidibarekin.

 

berriztaezin (ez-berriztagarri*). Ezin berrizta daitekeena. Energia berriztezinak.

 

berriztagarri. Berrizta daitekeena. Energia berriztagarriak.

 

berrogeialdi (kuarentena*, koarentena*).

 

bertan. Gehiegi erabiltzen da, eta lekua kentzen ari zaio 'han' hitzari. Indiako Bombay hirira joko dute. Bollywood zinema industria dago bertan*[e.] Indiako Bombay hirira joko dute. Bollywood zinema industria dago han. // Gaurko saioan, Etiopiara joko dute. Danakil basamortuko irudiak erakutsiko dituzte, eta bertako etnien ohituren berri eman*[e.] Gaurko saioan, Etiopiara joko dute. Danakil basamortuko irudiak erakutsiko dituzte, eta hango etnien ohituren berri eman.

 

bertan gozo. Ez dugu bertan gozo egin nahi.

 

bertsio 1. Jatorrizko bertsioan ikusi dugu filma.

 

bertsio 2* e. idatzaldi, itzulpen.

 

bertso, bertso afari, bertso jartzaile, bertso saio, bertsokera, bertsopaper, bertsozale, bertsozaletasun.

 

bertsu (beretsu*).

 

Besançongo Unibertsitatea, -a. 'Franche-Comteko Unibertsitatea' ere deitua.

 

beso armatu* e. adar armatu. Soldaduak Al-Fatahren beso armatuaren buru baten bila zebiltzan*[e.] Soldaduak Al-Fatahren adar armatuaren buru baten bila zebiltzan.

 

besoak jaitsi* e. amore eman, etsi. Kiroletako klixe gogaikarria da 'besoak jaitsi' erabiltzea irudizko zentzuan. Kolpea handia izan da, baina Alavesek ez ditu besoak jaitsi*[e.] Kolpea handia izan da, baina Alavesek ez du amore eman.

 

Beste bat!. Zuzeneko arteen zirkuitua.

 

Beste BI (BesteBI*). Bizkaiko plataforma.

 

beste egunean* e. lehengoan, lehengo egunean.

 

beste orduz (bestorduz*). Beste batzuetan. Beste orduz baino hobeto hartu gaitu.

 

bestelakoan 1* e. bestela. Jokalariek beste nonbait zuten burua; bestelakoan ez da ulertzen taldeak hain pattal jokatzea*[e.] Jokalariek beste nonbait zuten burua; bestela ez da ulertzen taldeak hain pattal jokatzea. // Bi erdilariak modu oso bestelakoan mintzatu ziren*[e.] Bi erdilariak oso bestela mintzatu ziren.

 

bestelakoan 2* e. gainerakoan. Hedabideak eta presioa dira alderik nabarmenenak; bestelakoan ez dago alde handirik*[e.] Hedabideak eta presioa dira alderik nabarmenenak; gainerakoan, ez dago alde handirik.

 

besteren artean* e. besteak beste.

 

besterik. Aditza, gehienbat, singularrean jokatu ohi da egitura honetan: 'absolutiboa + besterik ez + aditza'. Azkenaldian plurala erruz zabaldu da, baina BERRIAn singularra hobetsiko da. Ukoak eta kritika txarrak besterik ez zituen jaso*[e.] Ukoak eta kritika txarrak besterik ez zuen jaso. // Liburuak eta paperak besterik ez ditu*[e.] Liburuak eta paperak besterik ez du.

 

bestseller. Asko saldu den liburua.

 

beta-karoteno (betakaroteno*).

 

betatu* e. betoa jarri.

 

beterano. Kiroletako kategoria. Gainerakoak ikusteko, jo 'kiroletako kategoriak' sarrerara.

 

betetze maila osoa* e. osorik bete. Euskara biziberritzeko prozesuan ezarritako konpromisoen betetze maila «osoa» izan dela esan du Urkulluk*[e.] Euskara biziberritzeko prozesuan ezarritako konpromisoak «osorik» bete direla esan du Urkulluk.

 

Betharram (Betharam*).

 

Beti On (BetiOn*).

 

betoa jarri, betoa kendu (betatu*, betoa altxatu*).

 

betoi. Hormigoia. Betoi armatua.

 

betonatu* e. asfaltatu.

 

bezala. Konparazioetan bakarrik erabiltzen da BERRIAn. Bestelako esaldietan, saiatu beste bide batzuk: 'hala nola', 'besteak beste', 'gisa'... Mitterrand pertsona bezala nahiago dut politikari bezala baino*[e.] Mitterrand pertsona nahiago dut Mitterrand politikaria baino. // Horretan aritu ziren T.S. Eliot, Ezra Pound, William Carlos Williams, E.E. Cummings eta Mina Loy bezalako artistak*[e.] Horretan aritu ziren, besteak beste, T.S. Eliot, Ezra Pound, William Carlos Williams, E.E. Cummings eta Mina Loy artistak.

 

bezpera. Denborari buruz ari garela, singularra erabiltzen da eta 'aurreko eguna' adierazten du. Pluralean, beste esanahi bat du: 'ilunabarreko otoitzak'. Partidaren bezperetan, hiru jokalarik min hartu zuten*[e.] Partida jokatu aurreko egunetan, hiru jokalarik min hartu zuten.

 

Bi arnas. 2022an eginiko dokumentala.

 

bi aurpegi izan, bi aurpegi eduki (aurpegi bikoitza izan*). Halakoek aurpegi bikoitza dute*[e.] Halakoek bi aurpegi dituzte.

 

bi bandetara jokatu* e. bitara jokatu.

 

bi eskola teilape bakarrean. Bosnia eta Herzegovinako hezkuntzako segregazio sistema.

 

bi estaturen konponbidea, -a. Israelek eta Palestinak zeinek bere estatua izatearen aldeko proposamena.

 

bi puntuak. Ikus 'Idazkuntza' atala.

 

biaduktu. h. zubibide.

 

biak ala biak, biek ala biek (biak hala biak*, biek hala biek*).

 

bial. Medikuntzan, flasko txikia, xiringaz sartzen den likido bat gordetzekoa.

 

Biarritz-Golf Helmuga (Biarritz Destination Golf*).

 

biatloi (biatlon*). Neguko kirola, iraupen eskia eta errifle tiroa batzen dituena.

 

bibak, bibak egin (vivak*, bivouac*). Alpinismoan, kanpadendarik eta inolako aterperik gabe lo egitea.

 

bibalbio (bibalbo*). Molusku mota.

 

biberoi.

 

bibrato* e. vibrato. Musika tresnaren soinua edo ahotsa dardaratuz lortzen den efektua.

 

bidaia. Bidai bat*[e.] Bidaia bat.

 

bidaia agentzia.

 

bidaiderik gabeko adingabea, bakarrik doan migratzaile adingabea, bakarrik dagoen adingabe. (es: menor no acompañado; fr: mineur non accompagné, mineur isolé étranger).

 

bidailagun* e. bidaide, bidelagun.

 

Bidaso Beherea, -a (Bidasoa Beherea*).

 

Bidaso Garaia (Bidasoa Garaia*).

 

Bidasoa, -a. Sorburutik Mugairiraino, Baztan ibaia da; handik aurrera, Bidasoa. Bidasoako ura*[e.] Bidasoko ura.

 

Bidasoko ospitalea, -a (Bidasoako ospitalea*).

 

bide orri (bideorri*). Zenbait prozesu politikotan, jarraibideak zehazteko plana. PSE-EEk ez du onartuko Jaurlaritzak bere bide orria inposatu nahi izatea.

 

bide seinale.

 

Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoa, -a.

 

bidegorri. Bizikletetarako bidea.

 

bidegurutze. Bideak gurutzatzen diren tokia.

 

Bideko Ama Birjina ospitalea, -a (Virgen del Camino*).

 

bideo. Bideoaren munduari buruzko beste hitz batzuk. Atariko bideo (bideo atezain*), bideoanalisi, bideo arte, bideo artista (bideoartista*), bideoblog, bideo dei, bideo instalazio, bideojoko (bideo joko*), bideo sorkuntza, bideofono (bideotelefono*), bideogintza, bideokamera, bideokasete, bideoklip, bideoklub, bideokonferentzia, bideokontsola, bideokronika, bideopodcast, bideosaiakera, bideoteka, bideozaintza, bideozale.

 

bideo elkarrizketa (bideoelkarrizketa*).

 

bideo pilula (bideopilula*, bideo-pilula*).

 

BIDERA Zerbitzuak.

 

bideratu. Ez da 'eman' aditzaren sinonimoa. Familiei bideratzen zaizkien laguntzak*[e.] Familiei ematen zaizkien laguntzak. // EHUrentzat diru gehiago bideratzeko asmoa*[e.] EHUrentzat diru gehiago jartzeko asmoa.

 

biderkatu. Ez erabili 'handitu' edo 'gehitu' adierazteko. Diru sarrerak biderkatu egin zitzaizkien oso denbora gutxian*[e.] Diru sarrerak izugarri handitu zitzaizkien oso denbora gutxian.

 

bidesari. Autobideetan ordaintzen den saria.

 

Bidorreta, Txus (Txus Vidorreta*).

 

bidriera* e. beirateria.

 

bienal. Biurtekoa.

 

Bieuse. Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea.

 

bifobia. Bisexualen kontrako fobia.

 

Big Bang teoria (Big Bang*). Unibertsoaren hasierari buruzko teoria.

 

big data. Informatikan, oso datu multzo handiak. Gogoan izan 'datu masiboak' ere erabiltzen dela, eta errazagoa dela deklinatzen.

 

big tech* e. teknologia enpresa erraldoi, enpresa teknologiko handi...

 

biga. Bi.

 

bigarren aukera, bigarren aukeran sartu, bigarren aukeran hartu (repeska*, errepeska jokatu*).

 

bigarren bat* e. beste bat, bigarrena. Zer deritzozue bigarren bat eraikitzeko xedeari?*[e.] Zer deritzozue beste bat eraikitzeko xedeari? Zer deritzozue bigarrena eraikitzeko xedeari?. // Iaz bigarren bat kaleratu zuen*[e.] Iaz bigarrena kaleratu zuen. Iaz beste bat kaleratu zuen.

 

bigarren eskukoen azoka (bigarren eskuko azoka*).

 

Bigarren Federazioa, -a. Futbol kategoria. Lehen, Bigarren B Maila.

 

bigilantzia* e. zaintza.

 

bihar-etzi, bihar edo etzi. Egunen batean, noizbait, lehenago edo geroago.

 

bihar-etzietan (bihar-etzitan*). Bihar eta etzi.

 

biharamun. Kontuz esaldia jostean, aditzarekin batera baldin badoa 'eta' behar baitu. Poliziak Al-Adawiya hustu biharamunean*[e.] Poliziak Al-Adawiya hustu eta biharamunean.

 

biharamuneko pilula.

 

biharkoan* e. bihar. Kazetaritzako klixe gogaikarria da 'biharkoan' idaztea. Aski da 'bihar'.

 

bihileko (bihilabeteko*).

 

bihotz-gogor (bihozgogor*).

 

bihotza. Taup, taup-taup, taupa-taupa, tak, tak-tak, pil-pil.

 

bihotzekoa izan, bihotzekoak jo, bihotzekoak eman (bihotzeko bat jasan*, bihotzekoa izan*). Atzo hil zen, bihotzeko bat jasan ostean*[e.] Atzo hil zen, bihotzekoak jota. Bihotzekoak jo du. Bihotzekoak eman dio.

 

bihurtu, bilakatu. Erdarakada da 'zerbaitetan bihurtu / bilakatu'. Arazoan bihurtu zaigu*[e.] Arazo bihurtu zaigu. // Herriko izarrean bihurtu zen txapelketa irabaztean*[e.] Herriko izarra bihurtu zen txapelketa irabaztean.

 

bik. h. bolaluma.

 

bikingo (vikingo*).

 

biko, hiruko, lauko (bipartito*, tripartito*, kuatripartito*). Gobernu tripartito bat osatzeko *[e.] Hiruko gobernu bat osatzeko.

 

bikoitz, hirukoitz... Gehiegi erabiltzen dira. Ez ahaztu askotan badirela beste modu batzuk hori adierazteko. Iazkoaren bikoitza irabazi du enpresak*[e.] Iaz halako bi irabazi du enpresak. // Horri esker, oraingoaren bikoitza litzateke munduko ekonomian izango lukeen pisua*[e.] Horri esker, orain halako bi litzateke munduko ekonomian izango lukeen pisua.

 

bikoizle, bikoiztaile. Bikoizketan aritzen dena.

 

bikote 1. Bik osatzen duten multzoa. Jone eta zu, hori bai bikote ederra!.

 

bikote 2* e. bikotekide, bikote-lagun. Bikoteko kide bakoitza. Jone da zure bikotea?*[e.] Jone da zure bikotekidea?.

 

bikote zibil. (es: unión civil; fr: pacte civil, Pacs).

 

bikotekide, bikote-lagun. Bikoteko kide bakoitza.

 

biktimagile. Biktimarioa.

 

biktimismo, biktimista. Batzuetan, 'biktimarena egin' ere erabil daiteke. San Gilen ustez, Ibarretxek «biktimismoa» egiten du*[e.] San Gilen ustez, Ibarretxek «biktimarena» egiten du.

 

bilagailu, pertsona-bilagailu (buska*, biper*, beeper*).

 

bilakatu, bihurtu. Erdarakada da 'zerbaitetan bilakatu / bihurtu'. Emakumea sugean bilakatu zen*[e.] Emakumea suge bilakatu zen.

 

bilan. Balantzea.

 

bilateral. Aldebikoa.

 

bilatu. Gehiegi erabiltzen da. Sindikatuekin negoziatu eta akordioak bilatu nahi ditu zuzendaritzak*[e.] Sindikatuekin negoziatu eta akordioak lortu nahi ditu zuzendaritzak. // Ez dugu liskarrik bilatu nahi*[e.] Ez dugu liskarrik nahi.

 

bilbainada. Bilboko kanta mota.

 

Bilbo Arena (Bilbao Arena*).

 

Bilbo Arte (Bilbao Arte*). Ekoizpen artistikorako zentroa, Bilboko Udaleko Kultura Sailari lotua.

 

Bilbo Aurrera plana, -a (Bilbao Aurrera*).

 

Bilbo BSR (Bilbao BSR*). Saskibaloi egokituan aritzen den taldea, Bilbokoa.

 

Bilbo eskuinaldea, -a. Bilbo inguruko zenbait udalerri hartzen ditu: Berango, Derio, Erandio, Getxo, Larrabetzu, Leioa, Lezama, Loiu, Sondika, Zamudio.

 

Bilbo Estiba (BilboEstiba*).

 

Bilbo ezkerraldea, -a. Bilbo inguruko zenbait udalerri hartzen ditu: Abanto, Alonsotegi, Barakaldo, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Trapagaran, Zierbena.

 

Bilbo Handia, -a (Bilboaldea*). Basauri eta Bilbo bera hartzen ditu.

 

Bilbo hegoaldeko tren saihesbidea, -a.

 

Bilbo Kirolak (Bilbao Kirolak*).

 

Bilboko Alondegia, -a (Alhondiga*). 2015eko martxoan, 'Azkuna zentroa' izena hartu zuen.

 

Bilboko Arkeologi Museoa, -a.

 

Bilboko Arte Ederren Museoa, -a (Arte Eder museoa*, Arte Ederretako Museoa*).

 

Bilboko Aste Nagusia, -a.

 

Bilboko auzo eta barruti nagusiak. Abando, Abusu (La Peña*), Altamira, Ametzola, Arabella, Arangoiti, Askao (Iturribide*), Atxuri, Basurtu, Begoña, Begoñaibarra (Castaños*), Bilbo Zaharra, Bolueta, Deustu, Deustuibarra (La Ribera*), Elorrieta, Errekaldeberri (Rekaldeberri*), Ibaiondo, Ibarrekolanda, Indautxu, Iralabarri, Iturrigorri, Larraskitu, Loruri (Ciudad Jardin*), Masustegi, Matiko, Miribilla, Olabeaga, Otxarkoaga, San Adrian, San Frantzisko, San Ignazio (San Inazio*), San Pedro Doneperiaga (San Pedro de Deustu*), Santutxu, Solokoetxe, Txurdinaga, Uretamendi, Uribarri, Zabala, Zazpikaleak (Alde Zaharra), Zorrotza, Zorrotzaurre, Zurbaran.

 

Bilboko BBK Live (Bilbao BBK Live*). Bilboko musika jaialdia.

 

Bilboko BBK Music Legends festibala, -a (BBK Bilbao Music Legends Festival*).

 

Bilboko Erruki Etxea, -a (Santa y Real Casa de Misericordia*).

 

Bilboko Itsasmuseum (Itsasmuseum Bilbao*).

 

Bilboko Kale Nagusia, -a; Diego Lopez Haroko kale nagusia, -a (Gran Via*).

 

Bilboko metroa, -a. Garraiobidea. Bilboko metroa garbi-garbi egoten da.

 

Bilboko Metroa, -a. Enpresa. Ika-mika konpontzeko bidea egin dute Bilboko Metroak eta Bizkaiko Diputazioak.

 

Bilboko portua, -a.

 

bilduma, bilduma egin, bildumagile, bildumari, bildumatu.

 

bildumazaletasun. Zutabe bateko edo biko tituluetan, zilegitzat joko dugu bereiz idaztea: 'bilduma zaletasun'.

 

bilduta egon* e. bilera batean egon. LABeko arduradun bat auzitara eraman nahi dute, baina hura Donostian bilduta egon zen egun hartan*[e.] LABeko arduradun bat auzitara eraman nahi dute, baina hura Donostian bilera batean egon zen egun hartan.

 

bilera sorta, bilera sail (bilera erronda*).

 

Bilgune Feminista. Laburturik, 'Bilgunea'.

 

bilioi (biloi*). Itzultzean, kontuan izan Ameriketako Estatu Batuetako ingelesean 'billion' hitzak mila milioi adierazten duela, eta Erresuma Batuko eta Australiako ingelesean, berriz, bilioia. Dena dela, Erresuma Batuan eta Australian gero eta gehiago zabaltzen ari da, AEBetako ingelesaren eraginez, 'billion' hitza mila milioi adierazteko. Esaterako, BBCk berak balio horrekin erabiltzen du gaur egun.

 

bilkide. EH Bilduko kidea.

 

bilkura. Bilera. Ez erabili protestarako agerraldia adierazteko. Horretarako, hobe 'elkarretaratze' edo 'kontzentrazio'.

 

billabesa (villavesa*). Iruñeko autobus publikoen herri izena.

 

Billalabeitia, Gregorio (Gregorio Villalabeitia*).

 

billar (bilar*). Mahai berezi batean makila batez bola batzuk joz egiten den jokoa. Billarean ibiltzen ginen. Ez nuen gogoko billarean jokatzea.

 

billete (bilete*).

 

biluzi, biluztu.

 

biluzik (bilutsik*).

 

Bin Laden, Osama (Ben Laden*).

 

binario, binarismo, binarista. Giza eta gizarte zientzietan, biko sailkapenak darabiltzan sistema; hari dagokiona.

 

binkulante* e. bete beharreko. Ikasleen erabakia binkulantea da*[e.] Ikasleen erabakia bete beharrekoa da. // Batzordearen aholkua ez da binkulantea*[e.] Batzordearen aholkuak ez du ezertara behartzen.

 

bio-hondakin (biohondakin*, bio hondakin*).

 

bioagrodibertsitate* e. nekazaritzaren biodibertsitate.

 

bioaniztasun. Biodibertsitatea.

 

biobot. Izaki bizidunen zelulak erabiliz sorturiko robota.

 

Biocruces. Bizkaiko osasun ikerketarako institutua. Gurutzetako ospitalearen parte bat da. Izen osoa 'Biocruces Bizkaia' du, baina BERRIAn forma laburtua erabiliko dugu.

 

biodegradagarri.

 

biodiesel (bio-diesel*).

 

biodinamika, biodinamiko (bio-dinamika*, bio-dinamiko*).

 

bioekopolitiko (bio-eko-politiko*).

 

bioerregai. Biomasako materiaren batean oinarriturik sorturiko erregaia. 'Agroerregai' ere erabil daiteke, baina inoren esanetan bakarrik.

 

biogaitasun, gaitasun biologiko.

 

biogas. Metanoz eta karbono dioxidoz osaturiko gasa, materia organikoaren hartzidura anaerobikoaren ondorioz sortua.

 

bioklimatiko. Eraikin bioklimatikoak. Arkitektura bioklimatikoa.

 

biolentzia. h. indarkeria.

 

biolin, biolin jotzaile, biolinista (bibolin*).

 

BioNTech.

 

biopic. Norbaiten biografian oinarrituriko filma.

 

biorritmo (bioerritmo*).

 

biozida. Izaki bizidunak hiltzeko erabiltzen den gai kimiko toxikoa.

 

bipartidismo. Bi alderdiko sistema.

 

birakari. Ate birakaria.

 

biral. Interneti buruz mintzatuz, oso bizkor eta erruz zabaltzen den edukia. Bideo birala.

 

biral egin, biralizatu, biralizazio.

 

birbanatu. Gehienetan, nahikoa da 'banatu'. Aberastasuna birbanatzea da konponbidea*[e.] Aberastasuna banatzea da konponbidea.

 

birbideratu (berbideratu*).

 

birdie. Golfean, parraren azpitik kolpe bat jota. '(Kolpe) bat gutxiago' ere erabil daiteke. Tiger Woodsek 'birdie'-a egin zuen bosgarrenean. Tiger Woodsek bat gutxiago egin zuen bosgarrenean.

 

birfindegi* e. findegi.

 

birgizarteratu (bergizarteratu*). h. gizarteratu.

 

biribilgune (errotonda*).

 

birkalifikatu. h. kalifikazioa aldatu. Kalifikazioa aldatu. Baserri inguruko lurrak birkalifikatzea nahi dute.

 

birkokatu* e. beste lanpostu batean jarri, beste lan bat eman... Fagorreko 215 bazkide birkokatu ditu Mondragonek*[e.] Fagorreko 215 bazkide beste lanpostu batean jarri ditu Mondragonek.

 

birkolokazio*, birkokatu*, birkokatze* e. lanpostu aldaketa, beste lanpostu bat eman, beste enplegu bat eman, beste lanpostu batean jarri... Erretiro aurreratuen kostuak bere gain hartzeko eta birkolokazioak kontrolatzeko*[e.] Erretiro aurreratuen kostuak bere gain hartzeko eta lanpostu aldaketak kontrolatzeko.

 

birmasterizatu, birmasterizazio (bermasterizatu*, bermasterizazio*). 'Hautsi da anphora' historikoa berriz argitaratu zuen, birmasterizaturik.

 

birmoldatu. h. moldatu. Enpresa taldea birmoldatzeko industria plana*[e.] Enpresa taldea moldatzeko industria plana.

 

birnahasi, birnahasketa (remix*). Kanta bati beste ezaugarri batzuk eman, moldatzeko edo soinuaren kalitatea hobetzeko.

 

birpopulatu 1. h. berriz populatu, berriz jendeztatu.

 

birpopulatu 2* e. basotu, basoberritu, oihandu, oihanberritu, zuhaiztu, oihaneztatu. Basoez mintzatuz erabiltzekoak.

 

birsalmenta, birsaldu, birsaltzaile.

 

birtuoso. Artista trebea, batez ere musikaria.

 

birtxio, birtxiokatu (bertxio*, bertxiokatu*).

 

birus. Informatikan, erabiltzaileak jakin gabe ordenagailuan sartzen den programa edo kodea, kalte egiteko. 'Harrak' izeneko birusak oso erraz eta bizkor zabaltzen dira Interneten bitartez. 'Troiarrak / Troiako zaldiak' beste fitxategi batean ezkutaturik mugitu ohi dira.

 

birusen kontrako, antibiral, antibiriko.

 

biruzida (birizida*).

 

birzentralizatu, birzentralizazio.

 

birziklagarri. Birzikla daitekeena.

 

birziklatu, birziklapen.

 

birziklatze tasa (birziklapen tasa*).

 

bisa (bisatu*). Estatu batzuetan sartzeko behar den agiria. Bisarik gabe, ezingo da sartu AEBetan.

 

bisatu* e. bisa.

 

bisean biseko (vis à vis*). Bisean bisekoak astegunetan jarri dizkiete. Bisean biseko bisitak debekatu dizkiete.

 

bisera, kasketa. Aurrealdean hegal moduko bat duen txanoa.

 

Biskari, Thierry (Thierry Biscary*).

 

Biskarret, Felix (Felix Viscarret*). Zinemagile nafarra.

 

Bisquert, Patxi (Patxi Biskert*).

 

bista* e. auzi saio. Zuzenbidean.

 

bisurte. 366 egun dituen urtea. Olinpiar Jokoak bisurtean izaten dira.

 

bisuts. Haizea eta elurra edo euria dakartzan ekaitza.

 

bit. Informatikan, informazio unitate txikiena.

 

bit kuantiko, qubit (qbit*). Informazio kuantikoaren oinarrizko unitatea.

 

bitar. Matematikan, informatikan eta kimikan erabiltzekoa. Ikus 'binario'.

 

bitartean. Aldiberekotasuna adierazten du. Ez erabili bi ideia kontrajartzeko. Gonbidatuek hitz egin nahi zuten bitartean, aurkezleak nahiago zuen saioa musikaz osatu*[e.] Gonbidatuek hitz egin nahi zuten, baina aurkezleak nahiago zuen saioa musikaz osatu.

 

bitcoin. 2009an sorturiko dibisa digitala.

 

biter (bitter*).

 

bitrina. Beirazko atea duen arasa, beira arasa.

 

biurteko. Bienala.

 

bivouac* e. bibak.

 

bixintxoak, -ak. Hendaiako festak.

 

bixkotx, bizkotxo (bixkotxa*).

 

Bizantzio (Bizancio*, Byzance*). Istanbulen izen historikoa. 330. urtean, 'Konstantinopolis' izendatu zuten. Bizantziar Inperio edo Ekialdeko Erromatar Inperioko hiri nagusia izan zen.

 

Bizarzuri (Pere Noel*, Papa Noel*). Filmean, erretiroa hartu nahi du Bizarzurik.

 

bizi arteko kartzela zigor* e. hil arteko kartzela zigor, bizi guztirako kartzela zigor, bizi guztirako zigor.

 

bizi aseguru (bizitza aseguru*).

 

bizi baldintza, bizi kalitate, bizi maila.

 

Bizi Berri II plana, -a.

 

Bizi EITB. EITBk antolaturiko jaia. Bizi EITB 2022.

 

bizi euskarri. (es: soporte vital; fr: assistance vitale).

 

bizi itxaropen.

 

bizi izan. Erdarazko 'vivir' / 'vivre' guztiak ez dira 'bizi' ezinbestean. Ekonomiak krisia bizi du*[e.] Ekonomia krisian dago.

 

bizi konstante. (es: constante vital; fr: constante biologique; en: vital sign).

 

bizi testamentu (testamentu bital*). Agiri horretan, herritarrak aldez aurretik adierazten du zein osasun tratamendu nahi dituen eta zein ez, bere borondatea bete dadin, ezin adierazirik geratuko balitz ere. 'Aldez aurreko nahiaren adierazpena' ere esaten zaio.

 

bizia galdu, bizia kendu, bizia arriskuan jarri.

 

biziberritu, biziberritze. Politikan, ondo ez dabilen sistema edo egitura bat hobetu eta indarberritzea (es: regenerar, regeneración).

 

bizigarritasun (habitabilitate*). Hirigintzan, bizileku gisa erabilia izateko etxe batek izan behar dituen ezaugarrien multzoa.

 

bizikidetza. Elkarbizitza. Batzuetan, hobe da perifrasira jotzea. Urteetako bizikidetzak monotonia ekartzen du*[e.] Urteetan elkarrekin bizitzeak monotonia ekartzen du.

 

bizikidetza unitate.

 

bizikleta estatiko, bizikleta finko.

 

bizileku baimen, -n bizitzeko baimen (erresidentzia baimen*, egoitza baimen*). AEBetan zaila da egoitza baimena lortzea*[e.] AEBetan zaila da bizileku baimena lortzea. Zaila da AEBetan bizitzeko baimena lortzea.

 

bizirauletza, bizirauletzaren zale, bizirauletzaren jarraitzaile. (es: preparacionismo, preparacionista; fr: survivalisme, survivaliste).

 

biziraun. h. iraun, bizirik iraun, bizirik atera, bizi... Hortik ateratzen du bizirauteko indarra*[e.] Hortik ateratzen du irauteko indarra. Hortik ateratzen du bizitzeko indarra. // Sarraskiari biziraun zion*[e.] Sarraskitik bizirik atera zen.

 

bizitza galdu, bizitza kendu, bizitza arriskuan jarri. h. bizia galdu, bizia kendu, bizia arriskuan jarri.

 

bizitza garestitu* e. bizimodua garestitu. Petrolioaren prezioa etengabe garestitzen ari da herritarren bizimodua.

 

bizitza osasuntsuaren itxaropena, -a. (es: esperanza de vida saludable; fr: espérance de vie en bonne santé).

 

bizitzeko gutxieneko diru sarrera (IMV*).

 

Bizkai Route (BizkaiRoute*).

 

Bizkaia Aurrera plana, -a (Bizkaia Aurrera!*).

 

Bizkaia dorrea, -a (Bizkaiko dorrea*). Lehen, BBVAren Dorrea.

 

Bizkaia, -a. Bizkaia aldean*[e.] Bizkai aldean. // Bizkaia berde eder hau*[e.] Bizkai berde eder hau.

 

Bizkaiko begiratokia, -a (Balcon de Bizkaia*).

 

Bizkaiko eskualdeak. Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri (Bilbo ezkerraldea, Enkarterriko haranak), Hego Uribe, Lea-Artibai, Mungialdea, Orozko, Txorierri, Uribe Kosta.

 

Bizkaiko golkoa, -a (Gaskoniako golkoa*).

 

Bizkaiko Hitza. Etzanez idazten da, eta kasu marka marratxoz lotzen zaio, etzanik gabe.

 

Bizkaiko Zubia, -a. Portugaleteko zubia.

 

bizkar zorro. Bizkar zakua.

 

bizkarbusti. Hala deitzen diete estatubatuarrek Mexikoko muga gaindituta paperik gabe heltzen zaizkien etorkinei. Inoren esanetan bakarrik erabiltzekoa.

 

bizkarrezur (bizkar-hezur*).

 

bizkartzain (bizkarzain*).

 

bizkor. Zirt-zart, sast, rau, rast, brast, brasta-brasta, bristi-brasta, brixt, zizt.

 

bizkor emaniko kolpeak. Zirti-zarta.

 

bizkortze, suspertze. Medikuntzan, 'erreanimazio' ere erabiltzen da.

 

biztanlego* e. biztanleak, biztanleria.

 

biztanleria aktibo.

 

biztanleria okupatu. Biztanleria landuna.

 

black. Bankiaren kasuaz mintzatuz, zuzendaritzakoek erabili eta ogasunari ezkutatzen zizkioten banku txartelak. 'Black' txartelen eskandalua.

 

black friday. Ameriketako Estatu Batuetan, prezioak jaisten diren ostiral bat, Eskerrak Emateko Egunaren ondotik egiten dena, Eguberrietako salmentak handitzeko. Hedaduraz, salgaiak merkatzen diren ostiral bereziak.

 

Black Lives Matter. Ez euskaratu. Zer esan nahi duen parentesi artean adierazi nahi izanez gero, 'Beltzen biziak axola du' erabiltzen da.

 

Black Panther* e. Pantera Beltzak. Talde horretako kideak 'pantera beltzak' dira, letra xehez idatzirik.

 

Blackberry (BlackBerry*). Telefono mota.

 

blai egin, blaitu.

 

Blas Lezo (Blas de Lezo*).

 

blindaje, blindatu.

 

blister. Pilulen ontziratze mota.

 

blog, blogari, blogintza, blogosfera.

 

blok. Kaiera, koadernoa.

 

Bloke Quebectarra, -a (Bloc Quebecois*).

 

blokeatu, blokeo (blokatu*, baneatu*).

 

Bloody Sunday.

 

Blu-ray (Blu-Ray*). Disko mota.

 

blues. Musika mota.

 

bluetooth. Gailu digitalak kablerik gabe elkarrekin konektatzeko sistema.

 

blusa. Blusek eta neskek xanpainez bete zuten Andre Maria Zuriaren plaza.

 

BMX lasterketa (BMX racing*).

 

bobsleigh. Neguko olinpiar kirola, leraz egiten dena.

 

Boccaccio, Giovanni (Bocaccio*, Boccacio*, Boccacce*). Idazle italiarra, XIV. mendekoa.

 

bodegoi* e. natura hil.

 

body. Pieza bakarreko jantzia.

 

bodyboard, bodyboarder. Itsas kirola, olatu gainean ohol batez ibiltzekoa; kirol hori egiten dutenak. Surfeko ohola baino motzagoa eta malguagoa erabiltzen dute bodyboarderrek.

 

boer. h. afrikaner.

 

bogey. Golfean, parraren gainetik kolpe bat jota. '(Kolpe) bat gehiago' ere erabil daiteke.

 

bohemio.

 

boikot, boikot egin, boikotatu (boikoteatu*).

 

boilur hazkuntza, boilur hazle (trufikultura*, trufikultore*).

 

bokata 1. Lixiba.

 

bokata 2. Ogitartekoa. Lagunartekoa da, inoren hitzetan bakarrik erabiltzekoa.

 

bokaziozko (bokazional*).

 

bolatil* e. aldakor. Finantzetan.

 

bolbora, bolborategi.

 

boleibol (voleibol*, volley-ball*).

 

boletin* e. buletin.

 

bolfram* e. wolfram.

 

boligrafo. h. bolaluma.

 

bolivartar. Simon Bolivarren jarraitzailea.

 

bolkaniko. Sumendiei dagokiena. Harri bolkanikoa da.

 

bolkanismo (bulkanismo*). Sumendiei loturiko fenomenoak.

 

bollera, bollo (boilera*, boilo*). Lagunarteko hizkeran, lesbiana. Inoren esanetan bakarrik erabiltzekoak.

 

bolondres* e. boluntario.

 

Bolsa auzo etxea (Burtsa*).

 

boltsa 1* e. poltsa. Azokan poltsa lapurtu zioten.

 

boltsa 2* e. burtsa. Ekonomian.

 

boluntario (bolondres*).

 

boluntarismo, boluntarista.

 

Bolxoi balleta, -a (Bolshoi*).

 

bomber. Jaka mota.

 

Bonaparte, Luis Luziano (Luis Lucien Bonaparte*, Luis Luciano Bonaparte*).

 

bonba auto (auto bonba*).

 

bonba drone (bonbaketari*, bonba-jaurtitzaile*).

 

bonba pakete (pakete bonba*).

 

bonbardaketa, bonbardatze (bonbaketa*). Ez erabili irudizko zentzuan. Eguberriak gertu direla eta, hasia da film bonbardaketa*[e.] Eguberriak gertu direla eta, hasia da film zaparrada.

 

bonbilla (bonbila*).

 

bonbona.

 

bonet-gorri. 2013an Bretainian sorturiko protesta mugimenduko kidea.

 

bonsai (bontsai*).

 

bontzo (bonzo*).

 

bonu (bono*).

 

bonudun (bonista*, bondholder*).

 

boogie-woogie. Musika mota.

 

bookcrossing. 2001ean sorturiko mugimendua, liburuak partekatzeko. Horren jarraitzaileek toki publikoetan uzten dituzte liburuak, beste norbaitek har ditzan.

 

boom. Bat-bateko arrakasta.

 

boomerang* e. bumeran.

 

Borboikoa, -a; borboia, -a (borbon*, borbondar*, borboitar*). Juan Carlos Borboikoa, Felipe Borboikoa. Herrialde Katalanetako legeen ordez, Gaztelakoak ezarri zituzten borboiek.

 

Bordele-III Unibertsitatea, -a. 'Bordele-Montaigne Unibertsitatea' ere deitua.

 

Bordeleko Unibertsitatea, -a.

 

Borgoinako Unibertsitatea, -a.

 

borradore* e. zirriborro.

 

borroka arteak, arte martzialak.

 

borroka greko-erromatar. 60 kilokoen borroka greko-erromatarra.

 

borrokatu. Kontuz aditz laguntzailearekin eta osagarriekin. Izan ere, 'zerbait borrokatzea' haren kontra egitea da, eta halako esaldietan baino ez du hartzen 'du' saileko aditz laguntzailea; gainerakoetan, 'da' saileko aditz laguntzailea dagokio. Gogor borrokatu dute bidegabekeriaren kontra*[e.] Gogor borrokatu dira bidegabekeriaren kontra. Gogor borrokatu dute bidegabekeria. // Eskubideak borrokatu itzazu*[e.] Eskubideen alde borrokatu zaitez.

 

bortxaezintasun printzipioa, -a.

 

Bosch, Jeronimo (El Bosco*).

 

bosgarren, bosna, borzgarren, borzna (bostgarren*, bostna*, bortzna*).

 

bosniera, kroaziera, serbiera. Hizkuntza bat bakarra da, eta 'serbokroaziera' ere deitzen zaio. Bosnian eta Kroazian alfabeto latinoan idazten da, eta Serbian, berriz, zirilikoan.

 

bot. Lan automatikoak egiteko programa informatikoa.

 

bota. Kontuz aditz laguntzailearekin. Agertokitik jendearen gainera bota zen*[e.] Agertokitik jendearen gainera bota zuen bere burua.

 

bota ahala, bota ahalean. Bota ahal den adina. Bota ahala ari du. Bota ahalean ari du.

 

Botanikoko gobernua, -a. Botanikoko Itunaren ondorioz 2015ean Valentzian (Herrialde Katalanak) osatutako gobernua.

 

botea, -a; botaia, -a; aterea, -a; ateraia, -a.

 

botere hutsune. Batasun gobernua eratu dute Iraken, eta botere hutsunea gainditu.

 

botika umezurtz. Gaixotasun larri bat tratatzeko botika, farmazia industriak merkaturatu nahi ez duena, errentagarria ez delako.

 

botikada (medikamentazo*).

 

Botikazar (Botika Zahar*). Bilboko partea. Botikazarreko zabalgunea.

 

botikin* e. botika kutxa.

 

botila lepo. Biologian, espezie edo populazio bat ikaragarri urritzea, ingurumeneko gertaeren ondorioz edo gizakiaren jardueraren ondorioz (es: cuello de botella; en: population bottleneck, genetic bottleneck; fr: goulet d'étranglement de population).

 

botiladun urpekaritza, urpekaritza botiladun. Aire konprimatuz beteriko botilarekin egiten dena.

 

botilatu (botilaratu*).

 

botilatzar* e. kaleko edan, botila festa, kale zurrut, botila zurrut, kalean edan. Asteburuaren zain nago botila zurrut horietako batean total egiteko. Kaleko edanak antolatzeko, telefono mezuak erabiltzen dituzte. Merkeagoa denez, gazteek kalean edaten dute.

 

botilero (botillero*).

 

botiloi* e. kaleko edan, botila festa, kale zurrut, botila zurrut, kalean edan, litroak egin, litroginean aritu. Asteburuaren zain nago botila zurrut horietako batean total egiteko. Kaleko edanak antolatzeko, telefono mezuak erabiltzen dituzte. Merkeagoa denez, gazteek kalean edaten dute.

 

boto (botu*). Hona hemen botoekin zerikusia duten zenbait hitz. Boto asmo (boto intentzio*), boto aurreratu, boto baliagarri, boto baliodun, boto baliogabe, boto egin, botoa eman, boto emaile, boto isil, boto kutxa, boto paper edo bozka-orri (papeleta*), boz, boza eman, boz emaile, bozaldi, bozka ('bozketa' esan nahi du, ez 'boto'), bozkaleku, bozkatu, bozkatzaile, bozketa, ordezkari bidezko boto edo boto eskuordetu (boto delegatu*), postaz emandako boto / posta bidezko boto.

 

boto baliodun (boto baleko*).

 

boto diziplina, alderdi diziplina (botoaren diziplina*).

 

boto isil. Hauteskundeak iritsi arte inkestetan eta zundaketetan agertzen ez den botoa.

 

boto kontaketa, boto zenbaketa, botoak kontatu, botoak zenbatu.

 

botoak azkar kontatzeko sistema.

 

boulder (bulder*). Eskalada mota.

 

boulevard* e. bulebar.

 

bouquet* e. buket.

 

bourbon. Whiski mota.

 

box 1 (boxes*). Auto lasterketetan, autoari konponketak egiteko tokia. Buruan zihoan boxetan gurpilak aldatu eta erregaia hartzera sartu arte.

 

box 2. Ospitaleetako larrialdi zerbitzuetan, pazientea bakartzeko tokia.

 

Box Irlandarra, -a (Irish Box*). Irlandako itsasgune babestua.

 

boxeo, boxeolari, boxeatu. Boxeo kategoriak: arina, astuna, erdiarina, erdiastuna, erdiertaina, ertaina, euli pisua, luma pisua, mini-eulia, oilar pisua, superarina, superastuna, superoilarra, welter pisua.

 

boy scout* e. eskaut.

 

boz 1 (bozka*). Botoa. Hona hemen bozekin zerikusia duten zenbait hitz. Boto baliagarri, boto baliogabe, boto egin, botoa eman, boto emaile, boto paper, boz, boza eman, boz emaile, bozaldi, bozka ('bozketa' esan nahi du, ez 'boto'), bozkaleku, bozkatu, bozkatzaile, bozketa, postaz emandako boto / posta bidezko boto.

 

boz 2. Bozketa.

 

bozeramaile (bozeramale*).

 

bozgorailu (megafonia*). Megafoniatik esan eta esan ari ziren*[e.] Bozgorailuetatik esan eta esan ari ziren.

 

bozgorailuaren zarata ulertezina. Kirrink eta karrask.

 

bozka. Bozketa. Ez erabili 'boto' adierazteko.

 

bozkaleku (hauteskunde eskola*). Bozkatzeko atontzen den lekua.

 

bozkario (pozkario*).

 

bozkatu. Kontuz esaldia jostean. PP bozkatu dute*[e.] PPren alde bozkatu dute. // Ez ziren ez alde eta ez kontra, eta zuri bozkatu dute. Eskuinaren alde bozkatu zuten. Eskuinarentzat bozkatu dute.

 

Brabantse Pijl. Flandriako txirrindulari proba.

 

braille. Erliebeko puntuak erabiliz osaturiko idazkera sistema, itsuek erabili ohi dutena.

 

Brandenburgoko kontzertuak. Johann Sebastian Bachen sei kontzertuko bilduma.

 

brandy.

 

branka. Ontziaren aurreko aldea.

 

breakdance (break dance*). Dantza mota.

 

brebeta. Frantziako sisteman, bigarren hezkuntzako lehen zikloaren amaieran egiten den azterketa.

 

Brent. Ipar itsasoko petrolioa. Europako merkatuan unitate gisa erabiltzen da. Brent upela 36 dolarrean saldu dute.

 

Bresteko Unibertsitatea, -a. 'Bretainia Mendebaldeko Unibertsitatea' ere deitua.

 

Bretainia Hegoaldeko Unibertsitatea, -a.

 

bretoi (bretoin*).

 

brexit. Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzeko prozesua, 2020ko urtarrilaren 31n mamitua. 'Grexit'-ari 'brexit'-a batu zaio orain. 'Brexit' zaleak argi mintzatu dira.

 

brexiteer* e. 'brexit'-aren aldeko, 'brexit' zale.

 

brigadista.

 

brikolaje.

 

Britainia Handia, -a. Britainiar uharteetako handiena. Hiru naziok osatzen dute: Eskoziak, Galesek eta Ingalaterrak. Ipar Irlandarekin batera, Erresuma Batua osatzen du.

 

Britainiar Museoa, -a (British museoa*, Museo Britanikoa*).

 

britainiar uharteak, -ak. Termino geografiko hutsa da, Britainia Handia, Irlanda, Man uhartea eta Anglo-normandiar uharteak izendatzen dituena.

 

Britannica entziklopedia (Entziklopedia Britainiarra*).

 

British eredua, -a. Nafarroan, gaztelaniazko eta ingelesezko hezkuntza eredua.

 

Brix gradua, -a. Likido batean ehuneko zenbat azukre dagoen adierazten duen unitatea.

 

broker. Finantza bitartekaria.

 

broman, brometan (bromatan*).

 

bruselaza (Bruselako aza*).

 

Buckingham jauregia, -a. Erresuma Batuko errege-erreginek Londresen duten bizileku ofiziala.

 

Buda (Buddha*).

 

budin (pudding*).

 

budu (vudu*, vodou*, vaudou*).

 

buff (buf*). Lepoko mota, txano gisa ere erabil daitekeena.

 

buffet. Hoteletan-eta, bezeroak nahieran hartzeko jarritako jakiak.

 

bukatu. Kontuz esaldia jostean. Indarkeriarekin bukatuko dugu*[e.] Indarkeria bukatuko dugu.

 

bula* e. bulda.

 

bulebar (boulevard*).

 

bulegotika (ofimatika*).

 

buletin (boletin*).

 

bulldog (buldog*). Txakur arraza.

 

bulldozer. Lurra mugitzeko makina mota.

 

bullying. Eskola jazarpena, ikaskideek eginiko jazarpena.

 

bumeran (boomerang*, bumerang*).

 

Bundesbank. Alemaniako Banku Zentrala.

 

Bundesliga. Alemaniako futbol liga.

 

Bundesrat. Alemaniako Legebiltzarreko goi ganbera.

 

Bundestag. Alemaniako Legebiltzarreko behe ganbera. Bundestagek hala erabaki du.

 

bungalow.

 

bunker. Lurpeko babeslekua.

 

buraso. h. guraso.

 

burdina (burni*). Berezkoa du 'a', baina hitz elkartuetan gal dezake. Burdin Aroa, burdin barra, burdin haria, burdin hesia, burdin sarea, burdin ura, burdin ziria.

 

Burdinazko Errezela, -a (Altzairuzko Oihala*). Gerra Hotzean Europa erdibitu zuen muga, alde kapitalista eta alde sozialista bereizi zituena.

 

burezur (buru(-)hezur*).

 

Burgiba, Habib (Habib Bourguiba*).

 

Burgosko Prozesua, -a.

 

Burgosko Unibertsitatea, -a.

 

burka. Burutik beherako jantzia, gorputza erabat estaltzen duena. Batez ere Afganistango eta Yemengo emakumeek erabiltzen dute.

 

burraso* e. guraso.

 

buru osasun, buruko osasun, osasun mental. Egokiak dira hirurak. Testu berean bi tartekatu ditzakegu, baina koherente jokatzea komeni da: 'osasun mental' eta 'buru osasun', edo 'osasun mental' eta 'buruko osasun'.

 

buru-belarri (buru belarri*, burubelarri*).

 

buruhauste (buru hauste*, buru-hauste*).

 

buruko min (burukomin*).

 

burumakur, buru-makur. Adjektiboa eta adberbioa da, eta bi idazkera horiek dira estandarrak.

 

Burunda ibaia. Sorburutik Etxarri Aranatzeraino, Burunda ibaia da; hortik aurrera, Arakil.

 

burutu. Bururaino eraman, bukatu. Ez erabili 'egin' adierazteko. Manifestazioa burutzen hasi aurretik, eskupaperak banatu zituzten*[e.] Manifestazioa egiten hasi aurretik, eskupaperak banatu zituzten.

 

business* e. negozio. Nolanahi ere, 'business klase' erabiltzen da hegazkinei buruz mintzatzean.

 

busti-busti egin.

 

busto. Artean, pertsona bat irudikatzen duen eskultura edo margolana, bularraldetik gorakoa.

 

butch. Rol maskulinoa hartzen duen lesbiana.

 

buxet (butxet*). Aurrekontua.

 

buzo 1 (buzeatzaile*). Murgilaria.

 

buzo 2. Laneko jantzia.

 

buzoneo* e. postontzietan banatu, buzoietan banatu, postontzietako banaketa, buzoietako banaketa.

 

bypass 1 (by-pass*). Bihotzeko arazo batzuetarako egiten den ebakuntza; operazio horretan jartzen dena.

 

bypass, by-pass 2* e. ingurabide. Errepideez mintzatuz.

 

byte. Informatikan, oinarrizko memoria unitatea, gehienetan zortzi biten baliokidea.

 

Bytxkov, Semion (Semyon Bychkov*, Semion Bixkov*).

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: [email protected]
webgunearen mapa