HIZTEGIA

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
 

zabor kontratu, zabor jan.

 

zahar etxe. 'Zahar egoitza' baino hobe da 'zahar etxe' idaztea.

 

zaharkitze programatua, -a (obsoleszentzia programatua*).

 

zaidismo, zaidi. Yemenen xiismoak duen adarra; haren jarraitzailea.

 

zain (zai*). Kontuan izan 'zain egon' esaten dela, eta ez 'zain izan'*. Zure zain ginen*[e.] Zure zain geuden.

 

zaindu. Kontuz esaldia jostean. Asier beti zaindu da*[e.] Asierrek beti zaindu du bere burua.

 

zakur. Txakurra. Lap. eta Naf.

 

zakuzahar. Lesakako inauterietako pertsonaia. Badoaz zakuzaharrak kalejiran.

 

zaldi arrazak. Aurizko arrazako zaldia, comtois arrazako zaldia, Euskal Herriko mendiko zaldia, pertxeroi edo perxeroi.

 

Zaldi Ero (Crazy Horse*, Caballo Loco*).

 

Zaldiko. Lantzeko inauterietako pertsonaia. Badatoz Zaldiko, Ziripot eta beste.

 

Zaldiko Maldiko. Iruñeko elkartea.

 

zaldiko-maldiko. Karrusela, bira-bira.

 

Zaldunen hondartza (Cavaliers*). Angeluko hondartza.

 

zale 1. Hitz elkartuetan, batera idazten da. Abenturazale, apustuzale, autonomiazale, bakezale, bertsozale, errepublikazale, foruzale, kirolzale, literaturazale, naturazale, teatrozale...

 

zale 2. Aditza partizipioa izan ohi da; esaterako, 'egin zale', 'ibili zale', 'irakurri zale'. Batzuetan, '-t(z)en' edo '-t(z)eko' formak ere erabiltzen dira. Goiz esnatu zalea da. Funk musikaren zaleak bildu ziren atzo kontzertuan.

 

zalego* e. zaleak, jarraitzaileak.

 

zaletu. Aditza da. Izena 'zale' da. Gaztetan zaletu zen. // Zaletuak txaloka hasi ziren*[e.] Zaleak txaloka hasi ziren.

 

zangopilatu. Zapaldu. Etorkinen eskubideak zangopilatzen dituzte.

 

zanko* e. hankapalu. Kukubiltxo taldekoak ere ibili ziren kalean, hankapalu gainean.

 

zanpantzar. Inauterietako lastozko irudia. Ez erabili 'joaldun' adierazteko.

 

zapategi* e. zapata denda.

 

zapatila 1. Txapina, etxeko oinetakoa.

 

zapatila 2. Kirol oinetakoa.

 

Zapato Azule. Ondarroako festa.

 

zaplazteko (zaplasteko*). Masailekoa, plastada, zaplada.

 

zapping. Zapping egin, zapping saioa.

 

zar* e. tsar.

 

zarzuela. Espainiako opera mota.

 

Zarzuela. Espainiako errege-erreginen bizilekua.

 

zatidura (despieze*). Prentsan, testu nagusiaren osagarri den idatzi laburra.

 

zaurgarri 1. Zauritzen duena.

 

zaurgarri 2. Ahul dagoena, kaltebera.

 

zazpiehun, zazpietan (zazpirehun*, zazpiretan*).

 

Zazpikaleak, -ak. Bilboko parte zaharra.

 

ze. h. 1 zer 2 zein, zeinen 3 zeren, ezen. Euskaltzaindiaren Hiztegian lagunartekotzat jo dute 'ze'. BERRIAk forma osoak erabiltzen ditu.

 

zebra. Zebra bidea.

 

zehar. Gehiegi erabiltzen da. Esaldia alferrik luzatzen badu, hobe da kentzea. Egun osoan zehar*[e.] Egun osoan.

 

zehar kalte. Askotan eufemismoa da, eta gehienetan 'biktima zibil' ordezkatzen du. Inoren esanetan bakarrik erabiltzekoa.

 

zehar marra. Ikus 'Idazkuntza' atala.

 

zein. Ez da 'eta'-ren sinonimo. Orobatasuna adierazten du; hau da, bat edo bestea berdintsu zaiola hiztunari. Berdin jokatzen du aberatsekin zein pobreekin. // Alderdiko presidenteak zein idazkari nagusiak bilera egin dute*[e.] Alderdiko presidenteak eta idazkari nagusiak bilera egin dute.

 

zein / zer puntutaraino* e. zenbateraino. Zer puntutaraino hierarkizatu dira erabakiak kooperatibetan?*[e.] Zenbateraino hierarkizatu dira erabakiak kooperatibetan?.

 

zein baino zein 1* e. zein baino zein... -ago. Zein baino zein dira*[e.] Zein baino zein indartsuagoak dira.

 

zein baino zein 2* e. lehian, zein gehiago. Beti ibili izan gara zein baino zein*[e.] Beti ibili izan gara lehian. // Bost aizkolari ariko dira zein baino zein*[e.] Bost aizkolari ariko dira zein gehiago.

 

zeintzu* e. zein, zeintzuk.

 

zeinu hizkuntza*, zeinuen hizkuntza* e. keinu hizkuntza.

 

Zeledon (Zeledoi*).

 

zelo. Zinta itsaskorra. Zelo papera.

 

zelo greba* e. arretazko greba. Lana zorrotz egiteko greba, lana bera trabatzerainokoa.

 

zelofan. Zelofan papera.

 

zelta (zeltiar*, kelta*, zeltiko*). Musika zeltikoa*[e.] Musika zelta.

 

zeltiar* e. zelta.

 

zelula ama, zelula ama enbrionario.

 

zenbait. Ez da 'hainbat'-en sinonimo: 'batzuk' esan nahi du. Mugagabean jarri behar da 'zenbait'-i dagokion izena. Zenbait lanpostuetan*[e.] Zenbait lanpostutan. // Zenbait kideen iritzia*[e.] Zenbait kideren iritzia.

 

zenbaki. Aldizkariei buruz mintzatuz, data bakoitzean egiten den argitalpena, besteetatik desberdina. 'Irutxuloko Hitza'-ren lehen zenbakia kalean da. Ale gehiago saldu dira 'Bertsolari' aldizkariaren 30. zenbakitik aurrera.

 

zenbaki arabiarrak. Ikus 'Ortotipografia' atala.

 

zenbaki erromatarrak. Ikus 'Ortotipografia' atala.

 

zenbakiak. Ikus 'Ortotipografia' atala.

 

zenbatero* e. zenbatetik behin, zenbatean behin. Ezin dira batu zenbakiak eta '-ero' ('bi urtero'*, 'hamar egunero'*). Egokiak dira, jakina, 'egunero', 'astero', 'hilero' eta 'urtero'. Bi astero*[e.] Bi astean behin. Bi astetik behin. Bi astez behin.

 

zenbatgarren, zenbana.

 

zendako* e. zerendako. Zergatik.

 

Zenitz (Zenit*). Lapurdiko Getariako hondartza.

 

zentimetro. Sinboloa 'cm' da, ez 'zm'*.

 

zentimo. Diru unitateen ehunena, hala nola euroarena.

 

zentral* e. erdiko atzelari. Futbolean.

 

zentro (zentru*). Kontuan izan 'center', 'centre' eta 'centro' guztiak ez direla 'zentro' ezinbestean. Osasun zentroa*[e.] Osasun etxea. // Lanbide heziketako zentroa*[e.] Lanbide heziketako ikastetxea.

 

zentro zibiko* e. auzo etxe, gizarte etxe.

 

zentro-eskuin, zentro-ezker (zentro eskuin*, zentro ezker*).

 

zentsu. h. hautesle errolda.

 

zentzu. Sena, zuhurtasuna.

 

zentzu honetan* e. alde horretatik, horren haritik, ildo horretan... Langabe gehienak atzerritarrak ziren, eta, zentzu honetan, oso adierazgarriak dira Caritasen zerbitzu juridikoaren datuak*[e.] Langabe gehienak atzerritarrak ziren, eta, alde horretatik, oso adierazgarriak dira Caritasen zerbitzu juridikoaren datuak.

 

zentzu komun* e. sen on, zentzu, zentzu on. Zentzu komunari kasu egin behar liokete*[e.] Sen onari kasu egin behar liokete. // Zentzu komunez jokatu behar dugu*[e.] Zentzuz jokatu behar dugu.

 

zentzumen. Zentzumenak bost dira: dastamena, entzumena, ikusmena, ukimena eta usaimena.

 

zer edo zer, zeozer.

 

zer-nola, zer-nolako (zer nola*, zer nolako*).

 

zera. Hizkera zainduan, hobe erakusleak erabiltzea kataforetan. Entrenatzaileak zera esan zuen: «Ez genuen galtzea merezi»*[e.] Entrenatzaileak hau(xe) esan zuen: «Ez genuen galtzea merezi».

 

zeramika (keramika*).

 

zerbait. Izenondo batek lagundurik dagoenean, izenondo hori mugagabean erabiltzen da. Zerbait atsegina esan nahi zion*[e.] Zerbait atsegin esan nahi zion.

 

zerbeza. h. garagardo.

 

Zerbitzu Sekretuen Legea, -a (Loi Renseignement*). Frantziako legea.

 

zeregin, zeresan, zerikusi. Izenak direnean, batera idatzirik; bestela, bereiz. Kopuruak ez du zerikusirik kalitatearekin. Zirkuan beti dago zer ikusia.

 

zerendako (zendako*). Zergatik.

 

zerga. Bi zerga mota daude: zeharkako zergak eta zuzeneko zergak. Hona hemen zenbait zerga: aduana zerga edo muga zerga, balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) (IVA*, TVA*, VAT*), errentaren gaineko zerga, gizarte kontribuzio hedatua (Frantziako zerga bat, CSG), jarduera ekonomikoen gaineko zerga, lan pertsonalaren errendimenduaren zerga (Espainiako zerga bat, LPEZ) (IRTP*), ondasunen gaineko zerga, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ) (IRPF*, IRPP*), udal zerga, zerga aitorpena, zirkulazio zerga (biñeta*). Zerga progresiboak.

 

zerga aholkulari.

 

zerga babesleku, zerga paradisu, paradisu fiskal.

 

zerga biltzaile. Zergalari.

 

zerga desgrabazio, desgrabazio fiskal. Zerga arintzea.

 

zerga erreforma, zerga sistema.

 

zerga exenzio* e. zerga salbuespen.

 

zerga helbide (helbide fiskal*).

 

zerga ihes, zerga iruzur, zerga saiheste, ihes fiskal.

 

zerga ikuskatzaile, zergak ikuskatu.

 

zerga iruzur.

 

zerga oinarri (base imponible*, assiette de l'impôt*).

 

zerga ordaintzaile, zergapeko, zergadun.

 

zerga salbuespen (zerga exenzio*).

 

zerga-aringarri (desgrabable*).

 

zerga-pizgarri, pizgarri fiskal. Zergak arinduz emaniko pizgarria.

 

zergaldi, zerga urte (urte fiskal*).

 

zergarik gabeko denda.

 

zero. Batez ere matematikan eta magnitudeetan erabiltzekoa. Bestelako esapideetan, hobe 'huts'. Bi gradu zero azpitik. // Zerotik hasi*[e.] Hutsetik hasi.

 

zero eremu. Berez, bonba atomikoek suntsituriko eremua; esaterako, Hiroshima 1945ean. Hedaduraz, bestela ere erabat deuseztaturiko lekua, hala nola New Yorkeko World Trade Center.

 

zero tolerantzia (tolerantzia zero*). Oso neurrian erabiltzekoa.

 

zero zabor filosofia (zero waste*).

 

zerori. Zu zeu. Ez nahastu 'zerorri'-rekin.

 

zerorri. Zuri zeuri. Ez nahastu 'zerori'-rekin.

 

zertan. Kontuz esaldia jostean. Ez duzu zertan egin beharrik*[e.] Ez duzu zertan egin. Ez duzu zertan eginik. Ez duzu egin beharrik. // Ez da zertan araudia aldatu behar*[e.] Ez dago zertan araudia aldatu. Ez dago zertan araudia aldaturik. Ez da zertan araudia aldatu. Ez da zertan araudia aldaturik. Ez dago araudia aldatu beharrik.

 

zertarako faltsuak. Europako burtsak amildu egin dira, gora egiteko gero*[e.] Europako burtsak amildu egin dira, eta gora egin gero.

 

zesarea. Zesartar ebakuntza.

 

zesta-punta (zestapunta*).

 

zetaren bidea, -a (zetaren ibilbidea*).

 

Zetas. Mexikoko droga kartela. Zetas taldeko bi kide atxilotu dituzte.

 

zezen boladun (enbolatu*).

 

Zezen Eseri (Sitting Bull*, Toro Sentado*).

 

zezen plaza, zezenketa, zezenketari.

 

zezensuzko (suzko zezen*, zezen suzko*, zezen-suzko*).

 

ziaboga egin, ziaboga eman.

 

ziatu. Atzerantz arraun egin.

 

zibereraso (ziberreraso*).

 

ziberespazio (ziberrespazio*).

 

ziberjazarpen (ciberbullying*, ziberbullying*).

 

ziberkafe.

 

zibiko. Herritarrei dagokiena; gizalegeari dagokiona.

 

zibismo. Zibismoaren gaineko ordenantza onartu berri dute.

 

Ziburu, Ziburuko hondartza.

 

zientzia fikzio.

 

zientzialari (zientzilari*).

 

Zierbena, Zierbenako hondartza.

 

zig-zag* e. sigi-saga.

 

zigante. Erraldoia.

 

zigarreta. Zigarro txikia.

 

zigarro 1. Purua.

 

zigarro 2. h. zigarreta.

 

zigor ziega (mitar*, mitard*, mittard**). Mitarrean eduki dute*[e.] Zigor ziegan eduki dute.

 

Zika birusa, -a. Birusaz ari garela, letra larriz idazten da; gaixotasuna izendatzen duenean, letra xehez.

 

zika gaixotasuna,-a. Gaitza izendatzen duenean, letra xehez idazten da; birusaz ari garela, berriz, letra larriz.

 

ziklismo, ziklista.

 

ziklo-kros.

 

ziklogenesi leherkor. Fenomeno meteorologiko bortitza, zikloiekin zerikusia duena.

 

ziklomotor.

 

zikloturismo.

 

zilbor heste (zilborreste*).

 

zilegitu. Zilegi egin.

 

zilegiztatu* e. zilegitu.

 

zilindro (zilindru*).

 

zilindroen edukiera (zilindrada*).

 

zilo. h. zulo.

 

zilueta* e. silueta.

 

zin egin. Kontuz esaldia jostean. Legeari zin egin zion*[e.] Legearen zina egin zuen.

 

zina hautsi (perjurioa egin*).

 

Zinegoak. Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdi Nazioartekoa.

 

zinema areto, zineforum, zineklub, zinemateka.

 

zinema generoak. 'Biopic', drama, komedia, 'peplum', polizia film, 'road movie', spaghetti western, thriller, western, zientzia fikzio.

 

zinema lanak. Ikus 'Onomastika' atala.

 

zinema, zinemagile, zinemagintza, zinemaratu, zinematografia, zinemazale, zinema estudio (zine*).

 

zinemaskope (Cinemascope*).

 

zinpeko guardia. h. zinpeko zaintzaile.

 

zintillo* e. zinta.

 

zintzilik. Ez erabili 'lagunik gabe, sosik gabe' adierazteko.

 

zintzilikatu. Ez erabili 'Interneten jarri / kargatu' esateko. Interneten musika eta filmak zintzilikatzeari buruzko lege proposamena*[e.] Interneten musika eta filmak jartzeari buruzko lege proposamena.

 

zipriztin (zipristin*).

 

zirimiri (xirimiri*).

 

Ziripot. Lantzeko inauterietako pertsonaia. Ziripot, txatxoak, Zaldiko eta Miel Otxin ikusi ditugu.

 

zirku (zirko*).

 

zirkuitu (zirkuito*).

 

zirkulu (zirkulo*).

 

zirkunbalazio* e. ingurabide.

 

zirkunstantzia. h. zertzelada, gorabehera, egoera, inguruabar, nondik norako, xehetasun.

 

zirkunzidatu, zirkunzisio. Zakilaren buruko azalaren zatia moztu, erdaindu; hori egiteko ebakuntza, erdainkuntza.

 

zirugia*, zirujia* e. kirurgia.

 

zirujau. Ebakuntzak egiten dituen medikua.

 

zirujia* e. kirurgia.

 

zisgenero. Bere ezaugarri biologikoengatik jaiotzean ezarri zaion generokoa sentitzen dena. Laburturik, 'zis'.

 

zisterna. Biltegia, tanga.

 

zisterna kamioi* e. erregai kamioi, ur kamioi...

 

zita 1* e. ordu, hitzordu. Askotan, aski da 'ordu'. Hitzordua eskatu diot masajistari*[e.] Ordua eskatu diot masajistari.

 

zita 2* Kazetaritzako klixe gogaikarria da irudizko zentzuan erabiltzea. Artista donostiarrek zita izan ohi dute hilero Donostian: Gipuzkoako Arte Elkarteak arte azoka antolatu ohi du*[e.] Artista donostiarrek arte azoka egin ohi dute hilero Donostian, Gipuzkoako Arte Elkarteak antolaturik.

 

zitara (kitara*). Musika tresna.

 

ziur aski. h. ziur asko, seguru asko, segur aski.

 

zizare (txitxare*).

 

zizare nagusi (zizare-nagusi*). Tenia.

 

ziztatu. Haurrak ziztatu eta negarrez hasi, dena bat. EPOa ziztatu zieten.

 

zloty. Poloniako dirua.

 

zodiak (zodiac*). Ontzi pneumatikoa.

 

zodiakoa. Aries, Taurus, Gemini (Geminis*), Cancer, Leo, Virgo, Libra, Scorpius, Sagittarius (Sagitarius*), Capricornus (Capricornius*), Aquarius, Piscis.

 

Zokoa, -a (Sokoa*). Ziburuko auzoa.

 

Zokoa, -a. Ziburuko hondartza.

 

zola 1 (zolu*). Hondoa.

 

zola 2 (zolu*). Lurra, zorua.

 

zola 3 (zolu*). Oinetakoen azpia, zorua.

 

zolu* e. zola, zoru.

 

zombi*, zombie* e. zonbi.

 

zonalde* e. alde, alderdi, eskualde, inguru, zona...

 

zonbi (zombi*, zombie*).

 

zoo, zoologiko.

 

zoom.

 

zor izan, zorra(k) egin, zordun, zordundu, zorretan egon, zorpetu. Kanpo zorra, zor publikoa, zor-hartzekoak.

 

zorionak. Norbait zoriontzeko orduan haren izena aipatzen bada, komaz idazten da, gainerako bokatiboak bezala. Zorionak Katalunia*[e.] Zorionak, Katalunia.

 

zorte (sorte*).

 

zortziehun, zortzietan (zortzirehun*, zortziretan*).

 

zortzimilako. Zortzi mila metro edo gehiago garai den mendia.

 

zoru 1 (zolu*). Lurra.

 

zoru 2 (zolu*). Oinetakoen azpia.

 

zoru klausula. Hipoteka maileguei dagokienez, ordaindu beharreko gutxieneko kuota ezartzen duen klausula, hitzarturiko interesen jaitsiera kontuan ez hartzeko.

 

zozketatu. h. zotz egin, zozkatu.

 

zuberera (zuberoera*).

 

Zuberoako eskualdeak. Arbaila [Arbaila Handia (-a), Arbaila Txipia (-a)], Basabürüa (-a) [Ibarresküin, Ibarrezker], Pettarra (-a).

 

zuhaixka (zuhaiska*).

 

zuhaiztu (birpopulatu*). Basotu, oihandu.

 

zuhur. Zentzua duena.

 

zulu. Hegoafrikako eta Swazilandiako herri bateko kidea.

 

zuluera. Zuluen hizkuntza.

 

zumba (zunba*). Dantza eta aerobika batzen dituen ariketa mota.

 

zumo* e. ur, zuku. Laranja zumoa*[e.] Laranja ura, laranja zukua.

 

zunda, zundatu, zundaketa, zundatzaile (sonda*, sondeo*, sondaketa*, sondeatu*). Espazio zunda.

 

zuntz haustura (fibra haustura*).

 

zuri (txuri*). Baina Realekoak 'txuri-urdinak' dira. Zuri-gorriek ederto jokatzen dute San Mamesen. Zuri-beltzeko argazkiak politagoak dira koloretakoak baino.

 

Zuria Nafarroakoa, -a (Blanka Nafarroakoa*, Blanca Nafarroakoa*).

 

Zurriola. Donostiako hondartza.

 

zurrumurru. Kontuz esaldia jostean. Zarauzko taldeak hurrengo diskoa laster aterako duenaren zurrumurrua dabil bazter guztietan*[e.] Zarauzko taldeak hurrengo diskoa laster aterako duen / duelako zurrumurrua dabil bazter guztietan.

 

zurrunga egin, zurrungaka (zurrunka*).

 

zuzenbide estatu. Letra xehez idazten da. Demokrazia, zuzenbide estatua eta nazioarteko politika arabiar munduan.

 

zuzendariordetza (zuzendaritzaorde*).

 

zuzendu. Ez erabili 'hitz egin' adierazteko. ETAri zuzendu behar zaiola esan dio Rubalcabak Otegiri*[e.] ETAri mintzatu behar zaiola esan dio Rubalcabak Otegiri.

 

zuzenketa (emendakin*).

 

zuzenketa partzial (zatikako zuzenketa*).

 

zuzi (suzi*).

 

zuzi olinpiko (zuzi olinpiar*).

 

zuzpertu* e. suspertu.

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: estiloliburua@berria.eus
webgunearen mapa