Komunikazioa. Aritz Agirre. Euskadi Irratiko albistegiburua

«Denda txikien antzera, gure produktu propioa saldu behar dugu»

100.000 entzuletik gora ditu Euskadi Irratiak. Agirreren ustetan, gakoa jendearen kezkei erantzuten asmatzean datza.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2013ko urriaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Txikitatik argi zuen Aritz Agirrek (Iruñea, 1977) kazetaria izan nahi zuela. Etxean beti izan dute irratia piztua, eta hor sortu zitzaion uhinekiko zaletasuna. Osabak ohartarazi zion, ordea, euskarazko irratiaren «musika bereziaz». Bilbon eta Gasteizen berriemaile gisa lan egin du, baina Madrilen, M-11ko erasoekin eta ezker abertzalearen legez kanporatzearekin hartu du eskarmentua. Baita egindako lanaren aitorpena jaso ere: Rikardo Arregi kazetari gaztearentzako saria eta Argia saria. 2006an izendatu zuten albistegiburu, eta azken hiru urteetan Mezularia-n ibili ostean, iragan martxoan heldu zion berriro albistegien ardurari.

Ados al zaude osabak esandakoarekin? Musika berezia al du euskarazko irratiak?

Hori esan zidanean ez nion garrantzirik eman, baina orain askotan gogoratzen naiz horrekin. Musika berezi hori euskaraz errealitatea kontatzeko modu bat dagoen erakusle da. Euskarak berak ematen dizu errealitatearen kontakizunaren zati bat. Balio erantsi garrantzitsua da.

Euskaraz lan egiteak nola baldintzatzen du irratiko lana?

Euskarak baditu abantaila asko: euskaldun zahar bati eginiko euskarazko elkarrizketa batek balio erantsi handia du. Maite Artolak Feli Artano Joxi Zabalaren amari eginiko elkarrizketa hori ez dut imajinatzen erdaraz. Oztopo asko ere baditugu: euskararen erabilerari gizarteak ematen dion garrantzia. Euskaraz ulertzen ez dutenen testigantzak jasotzeko arazorik ez dugu; bikoiztu egiten ditugu. Arazorik handiena da euskaraz ongi egiten duen horrek euskarari garrantzia ematen ez dionean. Benetako albistea erdaraz eman, eta euskaraz albistearen osagarri bat ematen duenean.

Albistegiburu izandako urteetan zein ildori jarraitu diezu?

Oso inportantea da tentsio informatiboari eustea eta albistea gertatzen den tokian egotea. Jakin behar dugu gure entzuleek zertan kontsideratzen gaituzten erreferente, eta, beraz, zertan ezin dugun huts egin. Erreferentzia hori lortzen da informazio profesionala emanez eta iturri desberdinak gurera ekarriz, iturri bakar bat kanpoan utzi gabe.

Zein da albistegien erronka nagusia?

Hain globalizatuta dagoen eta albisteak Internet bitartez hain erraz lortzen diren garaiotan, ongi jakin behar dugu guk zer balio erantsi eskaini behar dugun. Garai batean nazioartetik euskaraz eta euskaldunaren ikuspegitik kanpoko albisteak ekartzea zaila zen. Orain, Internet bidez, jende askok du horretarako aukera.

Zein da orain Euskadi Irratiak bilatu beharduen balio erantsia?

Gaur-gaurko gaiei azkar erantzutea ezinbestekoa da guretzat. Albisteari azkar heldu eta beharrezkoak diren testigantzak, informazioak, analisiak, datuak eta albisteak eskaintzea euskaraz. Eta sinesgarritasunari eutsi, hori baita guretzat baliorik inportanteena.

Nola bilatzen da balio erantsi hori?

Komunikazioaren globalizazioan, ongi hausnartu behar dugubesteek eskaintzerik ez duten zer produktu eskain dezakegun. Zer gai, zer eduki diren horiek. Finean, irrati txikia izanik, zer produktu, zer gutizia berezi eskain dezakegun eta nola saldu. Produktu propioa eta salmenta, denda txikiek egiten duten antzera.

Zertan da desberdina Euskadi Irratiaren eta Radio Euskadiren ikuspuntua?

Etxeko ildo editorialaren barruan daude biak. Elkarrizketatuek eta kazetariek egiten dute desberdintasuna. Guk esparru jakin bat dugu: euskal hiztunena. Gure erredakzio nagusia Donostian dago, haiena Bilbon. Sentiberatasunak batzutan desberdinak dira. Gure erronka bat bada Bizkaiko gaiengan sentibera gehiago edukitzea.

Lehen, irrati bakoitzak zuzendari bat zuen. Orain, Iñaki Guridi da irrati guztien koordinatzailea. Zer eragin izan du horrek lan egiteko orduan?

Zuzendaritzan talde bezala hobeto funtzionatzea, taldea indartzea. Aldaketa horrekin irratiok talde bat bezala ikusten dugugeure burua, bakoitza bere berezitasunekin. Familia bateko anai-arrebak gara bost irratiak.

Irratia betidanik izan da albistea zabaltzen hedabide azkarrena. Sare sozialen agerpenekin zer funtzio bete behar du orain irratiak?

Sare sozialak guretzat oso iturri garrantzitsuak dira. Eduki propioa lantzeko bide horretan sare sozialetan ongi kokatua egotea garrantzitsua da, eta entzuleen iritzia jasotzeko aukera ematen dizu. Sare sozialek askoz ere azkarrago ematen dute albistea. Irratiak ez du hainbesteko abiadura, baina zorroztasuna eta sinesgarritasuna du. Sare sozialetan zurrumurruek indar handia hartzen dute.

Irratia entzuteko era aldatu du Internetek.

Internetek irratia ehizatu du. Guk lehen gure antenen muga geografikoa geneukan. Orain,AEBetatik, Errumaniatik... iristen zaizkigu entzuleen mezuak.

Nola ikusten duzu irratiaren etorkizuna?

Jende gaztea ez dago ordutegiaren esperoan. Nahi duena nahi duenean kontsumitzen du. Orain, bost zazpi minutu baino gehiagoko produktu batek nekarazi egiten gaitu. Piluletan ematen da dena; elkarrizketa jakin bat, atal jakin bat... Ez gaude ohituta ordubeteko elkarrizketa bat entzutera. Pilula txikiek ere badute bere arriskua.

Sakontasuna galdu al du irratiak?

Ez zait iruditzen. Gertatzen da patxada handiagoz eskain daitezkeen produktu batzuk jada ez ditugula irratiarekin lotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.