ATZEKOZ AURRERA. Jabier Iraola. Liburuaren egilea

«Hau kristoren liburua da Igeldo bezalako herri txiki batentzat»

Igeldoko baserrietako argazkiak, eta hango herritarren eta bizimoduaren istorioak bildu ditu Iraolak. Lan kolektiboa dela adierazi du, herritarrek ahoz kontatutakoa jaso duelako.

IÑIGO URIZ / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
1880tik duela 50 urtera arte Igeldo nolakoa zen jaso du Jabier Iraolak (Igeldo, Donostia, 1954), argazkiz eta testuz osatutako liburu batean: Igeldoko historia eta istorioak. Lehen zatian, Igeldoko 118 baserriri eta horietako familiei buruzko informazioa jaso du; bigarrenean, berriz, 1936ko gerrari, harrobiei, festei eta beste hainbat gairi buruzkoa. Etzi aurkeztuko dute, Igeldoko plazan.

Nola bururatu zitzaizun liburua sortzea?

Igeldo oso herri bizia izan da, eta ez nuen uste gauzak behar bezala jasotzen zirenik. Horregatik hasi nintzen materiala biltzen, kezka hori neukalako.

Baserriz baserri hasi zinen argazkiak biltzen?

Lehenik, baserrien argazkiak jasotzen hasi nintzen. Gero, baserri bakoitzean zeuden argazkiekin jarraitu nuen: familienak, eta abar. Era berean, familiek istorioak kontatzen zizkidaten. Dena bilduz joan nintzen. Orduan, hainbeste istorio neuzkanez, erabaki nuen, argazki liburu bat egin beharrean, testuak ere sartzea.

Baserriak ziren nagusi Igeldon?

Bai. Gizonek harrobian lan egiten zuten normalean, eta emakumeek etxean lan egiten zuten. Iluntzean, gizonek ganaduarekin laguntzen zuten, baina, egunean zehar, emakumeek lan egiten zuten baserrian. Umeak zaintzea ere emakumeen lanaren parte zen, noski.

Azaltzen diren baserri guztietan azienda izan zutela jaso duzu. Eta ia denek zutela astoren bat.

Astoa zen orduko autoa, bai. Zaila da astorik ez zuen baserri bat aurkitzea garai hartan.

Beste gai batzuk ere aipatu dituzu: 1936ko gerra, adibidez. Zergatik?

Gai tabua izan delako. Ez da behin ere hitz egin horri buruz. Orain arte, uste genuen Igeldoko bi hil zirela gerra horretan, eta hamasei hil zirela konturatu gara.

Gobada egiteari buruz ere idatzi duzue. Zer da hori?

Emakume baserritarrak, baserriko lanak egiteaz gain, esnea eta barazkiak hartuta Donostiara jaisten ziren, astoz. Han, dirudunen maindireak eta kamisoiak hartzen zituzten, baserrira eraman, eta garbitzeko. Gobada egiteko harri zabal batzuk erabiltzen zituzten. Diru pixka bat lortzen zuten, eta etxerako ona zen hori. Gerora, astoz beharrean, autobusez joaten hasi ziren.

552 orrialde ditu liburuak, eta mila argazkitik gora. Erraza izan da aukeraketa egitea?

Batez ere informazio gehiegi sartzeak eman digu beldurra, oreka bilatu nahi genuelako. Familia asko zeuden, eta oso zaila izan da.

Zer ekarpen egingo dio liburuak Igeldori?

Hori jendeak esan beharko du. Historiari, nire ustez, handia. Guk esaten dugu hau kristoren liburua dela Igeldo bezalako herri txiki batentzat. Baserrietako informazioarekin lortu dugu familiak lotuz joatea, eta jendearen istorioak ezagutzea. Nik orain lehengusu gehiago dauzkat, duela lau urte baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.