Denera 600 kilometro egingo dituzte larunbatean eta igandean Jon Bikendik (Azpeitia, Gipuzkoa, 1980) eta Iban Gartziak (Irun, Gipuzkoa, 1982). Gau eta egun arituko dira bizikletaren gainean, Iruñetik atera eta Iruñean amaitzeko.
Gaupasa bizikletaren gainean egingo duzue. Gogorra izan behar du horrek.
JON BIKENDI. Nire esperientziaren arabera, gaua motzagoa egiten zaizu eguna baino. Ez dakit zergatik. Egunez entretenimendua duzu: paisaia, autoak, jendea... Gauez zaude zu, bizikleta eta argia. Baina denbora azkarrago pasatzen zaizu. 600 kilometroko ibilaldiotan, jana eta arropa dira garrantzitsuenak. Gauean gorputza hoztu egiten da nabarmen.
Nola bururatu zitzaizuen zazpi hiriburuak lotzea?
J. B. Iaz 600 kilometroko ibilaldiak egin genituen, eta Mont Blanceko itzulian egin genuen proba Ibanek eta biok. «Aizu, zazpi hiriburuak lotuta, 600 bat kilometro ateratzen dira», esan nion, «egin beharko dugu». Elkar berotu genuen.
IBAN GARTZIA. Aurtengo martxoan erabaki genuen ekain aldera garai ona izango zela. Orain boladan dira halako muturreko probak, ordu askokoak, oso gogorrak. Non stop filosofia horrekin hartzen dugu, baina inongo estutasunik gabe egiteko, denbora kontuan hartu gabe. Iristea da kontua.
J. B. Giza kateari eta ESAITen aldarrikapenari kirol mundutik ekarpena egitea da asmoa. ESAITek arropa eman digu eta laguntza handia egitasmoa zabaltzen.
Zelako logistika eramango duzue?
I. G. Furgoneta bat bi gidarirekin. Barruan janaria, arropa eta aldatzeko piezak, gurpilak eta. Bizikleta oso bat eramango dugu, badaezpada ere. Ez dugu nahi arazo mekaniko batengatik ibilaldia osatu ezin izatea.
Arazo fisikoren bat gertatzea aldez aurretik baztertzen duzue, beraz?
J. B. Egunaren arabera, batzuetan sufritzea tokatzen da, eta bestetan, gozatzea. 23 kilometroko batez besteko abiada kalkulatu dugu.
I. G. Larraingo mendateaz aparte, ez dugu mendate handirik igoko, baina, denera, 5.000-6.000 metroko desnibela egin beharko dugu, eta badira metroak. Baina trebatuta gaude, eta hanketan baditugu kilometroak; beraz, aurrera.
Errepidera ateratzeko eta laguntzeko eskatu diozue jendeari. Zergatik?
I. G. Geure buruari jotako erronka da hau, baina Gure Esku Dago eta ESAITen dinamikarekin uztartu nahi dugu eta herri aldarrikapen bihurtu, erabakitzeko eskubidearen aldeko lekukotasunak jasotzeko, herriz herri. Gainera nahi dugu jendea izan aldamenean bizikletaz, haiekin hitz egiteko, psikologikoki hain gogorra izan ez dadin.
J. B. Josune Gorostidi eta Mikel Astarlozaren laguntza izan dugu aurkezpenean. Halako kirolarien sostengua izatea ere garrantzitsua da. Gainera, euren azalean bizi izan dituzte halako probak.
Egunen batean, Iruñea-Iruñea proba hau homologatu daiteke, ezta?
J. B. Euskal Herriaren independentzia eskatzeko martxa moduan antolatzen bada, gauza polita litzateke.
I. G. Jendeak ez du zalantzarik izango: Euskal Herriak zazpi hiriburu ditu. Proba bat eginez, naziotasuna agerian uzten duzu.
Irakaslea (Bikendi) eta CAFeko langilea (Gartzia) zarete lanbidez. Zer esaten dizuete ingurukoek?
J. B. Gaupasa mozkortzen egiten baduzu, jendeak dio: «normala da, hau gaztea da». Baina entzuten badute 30 ordu segidan egin behar dituzula bizikletan, orduan esaten dute: «hau burutik jota dago».
ATZEKOZ AURRERA. Jon Bikendi eta Iban Gartzia. Zikloturistak
«Mozkor-gaupasa normaltzat dutenek erotzat gaituzte»
Euskal Herriko zazpi hiriburuak lotuko dituzte Gartziak eta Bikendik asteburuan, Gure Esku Dago egitasmoaren harira. Gaupasa egingo dute bizikletaren gainean, 600 kilometro osatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu