Enara Bravo (Barakaldo, Bizkaia, 1981) —rudahandpoke— artista eta tatuatzaile autodidakta da, baina bere ibilbidea ez da ohikoa izan. Ikus-entzunezkoetan hasi zen lanean, baina laster egin zuen aldaketa landa mundura eta arte sormenaren bidera. Bere estilo berezi eta sinbolikoak handpoke teknika tradizionalaren bidez hartzen du forma, betiere arretaz eta gogoetaz egindako prozesuetan. Brodatuen munduarekin duen harremana eta eskuzko lanarekiko zaletasuna islatzen ditu tatuajeetan.
Zure ibilbidea ikus-entzunezkoetan hasi zen. Nola egin zenuen jauzia landa ingurunera eta artera?
Bidea nahiko bitxia izan zen. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen, eta unibertsitatetik atera eta berehala hasi nintzen telebistan lanean. Aldi berean, ehungintzako birziklapen proiektu bat garatzen ari nintzen. Geroago, bikotekidearekin batera, landa ostatu bat irekitzeko aukera izan genuen, eta telebista utzi nuen, proiektu horretan buru-belarri aritzeko. Nire lehen urrats sortzaileak orratz artean izan ziren, eta horrek jarraipena izan du hainbat formatan.

Eta nola hasi zinen tatuatzen?
Mikelek, Petra Tatuajes-en jabeak [Mikel Beizama], nire brodatu marrazkiak ikusi zituen, eta probatzera animatu ninduen. Kit bat oparitu zidan, eta horrela hasi nintzen.
Aurretik ez zenuen izan inolako harremanik tatuajeekin?
Nik banituen tatuajeak, baina ez nintzen tatuatzailea. Makinekin lotzen nuen eta ez zitzaidan erakargarria egiten. Baina handpoke teknika ezagutzean, ohartu nintzen brodatuaren edo jostearen antz handia zuela, eta horrek berehala erakarri ninduen.
Ez zenuen beldurrik izan lehen aldiz azalean lan egitean?
Bai, noski. Geure buruari egiten diogu hasieran, horrela hasten gara asko. Teknika bera gustatzen zait, baina egia da errespetua ematen duela norbaitek betiko eramango duela pentsatzeak. Azkenean, ehunetik larrura aldatzea ez da hain ezberdina: materiala aldatzen da, baina lan egiteko modua ez hainbeste.
Asko aldatu dira zure diseinuak lehen lanetik gaur egungoetara?
Ez askorik. Orain ere lerroak erabiltzen ditut, eta irudi batzuk beltzez betetzen. Irudiak nahiko antzekoak dira; denborarekin findu egiten dira, baina estiloa lehengo bera da.

Ez al duzu pentsatu makinan lan egitea?
Ez. Jostean berdina gertatzen zait: makinan josi dut, baina nahiago dut eskuz egitea. Prozesu sinple eta tradizionalak nahi ditut, nik kontrolatu ahal ditudanak. Inoiz ez dut erabili tatuatzeko makina bat.
Nola funtzionatzen du handpoke-ak? Nola azalduko zenieke teknika ezagutzen ez dutenei?
Teorian oso erraza da. Makinetan erabiltzen diren orratz berak erabiltzen ditugu; pintzel txiki baten antzekoak dira. Tintan busti eta puntuz puntu sartzen ditugu larruan, apur bat inklinatuta. Prozesua geldoa da, baina oso zehatza eta kontrolatua.
Pentsa daiteke pieza txikiak egiteko soilik erabiltzen dela...
Ez du zertan hala izan. Badago jendea pieza handiak egiten dituena. Nik txikiak eta ertainak egiten ditut, denbora eta estilo kontuagatik. Baina teknikak ez du tamaina baldintzatzen.
Beltzean bakarrik aritzen zara, blackwork espezialitatean?
Bai, beltza erabiltzen dut. Batzuetan kolore ukitu bat erabiltzen dugu, baina normalean bezeroek beltzezko piezak eskatzen dituzte.
Zure lanek estilo berezi eta sinbolikoa dute. Nondik dator zure inspirazioa?
Erreferentzia asko nahasten ditut: ignorant style, grabatuen estiloko tatuajeak, old school... Baina sendabelarrek, brodatu tradizionalek, animaliek eta antzekoek ere asko inspiratzen naute. Hori guztia nire imajinarioa osatuz doa, eta denborarekin nire sinaduraren parte bihurtzen da.
Gaur egungo bizkortasuna ikusita, baduzu joeraren kontra zoazen irudipena?
Baliteke. Telebista utzi eta landa mundura joan naiz, erritmo bizkorrak atzean utzita, eta tatuaje pausatuago batera jo dut. Niretzat, tatuatzea ia erritual bat da. Ez diot kutsu mistikorik eman nahi, baina uste dut minaren prozesuak baduela bere balioa. Petra estudioan gure helburua zera da, leku intimo eta seguru bat sortzea, bezeroa eroso eta presente egon dadin.
lotsabako
Tatuatzaile bat?
Jenna Bowman, Slow Black izenez ezaguna. Handpoke teknikaz pieza handiak egiten ditu, eta izugarria iruditzen zait.Tatuaje estilo bat?
Ignorant estiloa, zalantzarik gabe. Diseinu absurdo eta espontaneoak.Estudio bat?
Old Habits, Londresen. Duela gutxi aukera izan nuen estudioa bisitatzeko.