Aste Nagusiko ekitaldiak prestatzeko lanetan ari dira buru-belarri Donostiako Piratak. Abordatzea, jolasak eta beste egingo dituzte aurten ere Donostiako Aste Nagusian, baina hainbat berrikuntza ere gehitu dizkiote aurtengo egitarauari.
Donostia erre zutela 200 urte beteko dira aurten, eta hainbat ekitaldi egiten ari dira hirian hori gogoratzeko. Piratek ere omenaldia egin nahi diote hiriari, eta, horregatik, abuztuaren 10ean, txupinazoa bota aurretik, Abuztuaren 31ko kalean 1813ko gertakariak oroituko dituzte, 1813 Donostia Sutan elkartekoekin batera.
Jaietako beste berrikuntzetako bat da zero zabor filosofiarekin bat egingo dutela, «ingurumenarekiko errespetuzko jai eredu erreala» lortu nahi dutelako, prentsaurrekoan esan zutenez. Orain arte abordatzean material berrerabiliarekin lan egin dutela gogorarazi zuten. Aurten ere, berrerabiltzearen filosofiarekin jarraituko dute, eta, gainera, gaikako banaketa ere egingo dute; txosnetan edalontzi berrerabilgarriak eskainiko dituzte.
Haurrentzako ekitaldiak ere indartu nahi dituzte Aste Nagusian, eta, beraz, abordatze txikia egingo dute, iaz bezala; surf ikastaroa ere prestatu dute haientzat.
Bestalde, duela urtebete inguru hasitako hausnarketaren berri eman zuten. Jaietan parte hartze zuzena ziurtatzeko, piratak kofradiatan antolatuko direla azaldu zuten. Oraingoz bi kofradia daude martxan: Eskifaia gazte kofradia eta Pirata Bihurrien kofradia. Laster aurkeztuko dute hirugarrena.
Gerizpean
Piratak, festarako prest
1813ko gertakariak oroitu, eta zero zabor filosofiarekin bat egingo dute Donostiako Piratek Aste Nagusian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu