EBk bere funts nagusiak bateratu nahi ditu, «eraginkorragoak» izan daitezen

Nekazaritza komisarioak eskatu du defentsarako laguntzak gainetik ez jartzeko. Bruselak aurrekontu «malguagoa» nahi du, «larrialdiei» aurre egiteko.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Txekiako Errepublikako Petr Pavelekin, gaur, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Txekiako Errepublikako Petr Pavelekin, gaur, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
jokin sagarzazu
2025eko maiatzaren 20a
15:10
Entzun 00:00:0000:00:00

«Aurrekontuak gaur egungo erronketara egokitu behar dira; ez gara 2020an bizi». Hala mintzatu da astearte honetan Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea 2028-2034 aldiko aurrekontu berria diseinatzen hasteko konferentzian. Haren ustez, gaur egungo egoerak aurrekontu egitura «sinpleago eta malguagoa» eskatzen du, besteak beste tentsio geopolitikoen, merkataritza arau berrien eta klima aldaketen ondorioei aurre egiteko.

Estatu kideak hasiak dira oinarriak zirriborratzen, eta batzordeak jada aurkeztu du bere ideia nagusietako bat: proposatu du diru laguntza nagusiak funts bakar batean bateratzea, «horiek lortzea errazteko». Von der Leyenen arabera, horren helburua litzateke Europarentzat estrategikoak diren egitasmoak «modu eraginkorragoan» finantzatu ahal izatea, «eskala handian eta burokrazia gutxiagorekin».

Gaur egun, EBko aurrekontuaren %60 baino gehiago Batasunaren Kohesio Funtsak eta Nekazaritza Politika Bateratuak (NPB) hartzen dute. Nekazaritza sektorean kezka handiak piztu ditu Bruselaren asmoak, eta Christophe Hansen Nekazaritza eta Elikadura komisarioa bera ere kritiko agertu da.

«Ezin da kontinente oso baten urdailarekin jokatu. Gurina eta balak ez dira nahastu behar»

CHRISTOPHE HANSEN Europako Nekazaritza eta Elikadura komisarioa

Hansenek onartu du burokrazia gutxiago behar dela eta funts bakar batekin «sinergia gehiago» sor daitezkeela, baina gaineratu du nekazaritzak «aurrekontu espezifiko eta egoki bat» behar duela. Gogoratu du Europako Batasuneko ekoizleei ezarritako ingurumen baldintzak asko «zorroztu» dituztela azken urteetan eta laguntza ekonomiko handiagoak behar dituztela Europatik kanpoko produktuekin lehiatu nahi badute.

«Ezin da kontinente oso baten urdailarekin jokatu», ohartarazi du Hansenek, elikadura burujabetza defendatuz. Gainera, haren iritziz, defentsa gastua ez litzateke elikadura segurtasunaren gainetik jarri behar. «Gurina eta balak ez dira nahastu behar».

«Ustekabeei» erantzuteko

Von der Leyenek ez du zehaztasun handirik eman funts bateratuaren inguruan, baina hura diseinatzeko orduan herrialde bakoitzaren beharrak kontuan hartzeko «egitura berri bat» sortu beharko dela adierazi du. Egungo ereduari buruz esan du laguntza askok tramite konplexuak eta motelak eskatzen dituztela. «Enpresa askok ez dituzte EBko laguntzak eskatzen prozesua zaila eta luzea delako, eta programa asko daudelako». Horiek «sinplifikatu» behar direla adierazi du.

Horrekin batera, malgutasuna izango da laguntza horien beste oinarrietako bat, Von der Leyenen arabera. Gaur egun, funtsen %90 aldez aurretik banatzen dira, eta «ustekabeei erantzuteko tartea» oso txikia da: %4koa baino ez. Batzordeak nahi du aurrekontuaren bidez luzera begirako inbertsioak eta larrialdi egoerei erantzuteko modua orekatzea, hala nola adimen artifizialaren garapenari eta muturreko fenomeno meteorologikoei aurre egiteko.

Banaketari dagokionez, batzordearen asmoa da estatu kideek Bruselarekin adostutako erreforma eta inbertsio planen betetze mailaren arabera egitea hori, Next Generation funtsekin egiten den bezala.

1

EBk zenbateko aurrekontua izango duen, bilioi eurotan. EBko 2028-2034rako aurrekontua, gutxi gorabehera, bilioi bat eurokoa izango da, 27 estatu kideen BPGaren %1aren parekoa. Estatuen ekarpenekin eta diru sarrera propioekin finantzatuko da, baina hasieratik espero da eztabaida gogorra izango dela; izan ere, estatuek jarri beharreko kopurua handiagoa izango da, epe horretan Next Generation funtseko maileguen interesak ordaindu beharko dituztelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.