Egitasmo handi batek beste egitasmo handi bat eklipsatu du Bilbon: Europa ligako finalaren oihartzuna Bilboko bazter guztietara iritsi da; Euskaraldiarekin lotutako ikurrak, berriz, nekez ikus daitezke erakunde publikoen egoitzetan. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, esaterako, egitasmoa babestu dute. Halere, euren egoitza nagusietan ez dago horren adierazlerik.
Bizkaiko Foru Aldundiak Kale Nagusian duen eraikinaren aurrean, futboleko pilota erraldoi bat jarri dute. Horren ondoan, futbol zelaian egoten diren aulki horietako batzuk jarri dituzte, herritarrek argazkia atera dezaten bertan. Bihar jokatuko da finala, Euskaraldiaren zazpigarren egunean. Kale Nagusiko kale-argietan ere finalari buruzko publizitateak hartu du tokia; Euskaraldia, berriz, ez da inon ageri.
Aldundiak parean du foru liburutegia. Bertako langileek azaldu dutenez, Euskaraldiaren lehenengo egunean mezu bat jaso zuten, Ahobizi edo Belarriprest izatera animatuz. Argazki bat ere atera zuten egitasmoa babestuz. «Ordutik, ez da jarraipenik egin; ikurrak ere ez ditugu jarri, ez ditugulako jaso», kontatu dute. San Mames zelaitik gertu dagoen Bizkaiko Ogasunaren eraikinaren kanpoaldean ere ez dago adierazlerik. Bertatik igarotzen den jendeak ez darama txaparik paparrean. Horren ordez, biharko finalerako akreditazioa daramate soinean askok.
Eusko Jaurlaritzak ere Kale Nagusian du Bilboko egoitza. Autobus geltoki bat dago horren aurrean, eta, noizean behin, Bilboko Udalaren iragarki bat agertzen da markesinan: Euskaraldia, elkar mugituz egingo dugu. Inguruan, besterik ez. Hala ere, Oihane Andueza Jaurlaritzaren egoitzatik atera da, hezkuntzako froga bat egin ostean, eta adierazi du txapak ikusi dituela langileen zein erabiltzaileen artean. Berak txaparik ez daraman arren, Ahobizi rola hautatu du Euskaraldirako. «Niretzat ez da hamar eguneko kontua, nire egunerokotasuna da. Hain zuzen, Euskaraldia da nire egunerokotasunaren jarraipena», azaldu du.
Hizkuntza eskakizunen murrizketa
Markesinetan eta beste egoitza batzuetan Euskaraldiari keinu egin dioten arren, Bilboko Udalak ez du bere konpromisoa adierazten duen ikurrik jarri udaletxean. Egitasmoaren garrantzia azpimarratu dute langileek, baina udalak «jarrera proaktiboagoa» izan behar duela aldarrikatu dute. Izan ere, lotsagarritzat jo dute langileak animatzea Euskaraldian izena ematera eta argazki bat ateratzera eta, bien bitartean, hautaketa prozesuetan hizkuntza eskakizunak murriztea.
Hain justu, ELA eta LAB sindikatuek elkarretaratzea egin zuten duela hilabete inguru, «euskarari egindako erasoa» salatzeko. Orduan jakinarazi zutenez, Bilboko Udalak asmoa erakutsi zuen euskara eskakizuna duten postuen kopurua 35 lan eskaintzatan gutxitzeko. Eskainitako lanpostuen %40k izango dute euskara baldintza gisa; gaur egun, %70ek dute. «Gero, udal gobernuko kideek Euskaraldiaren argazkia aterako dute udal langileekin eta herritarrekin batera; ez dugu horrelako itxurakeriarik behar», salatu zuten joan den hilabetean.
180Zenbat kexa jaso zituen iaz Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Eusko Jaurlaritzaren kontra. Iazko datuei buruzko txostena aurkeztu zuen joan den hilean Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Bertan jaso dutenez, 1.206 intzidentzia jaso zituzten iaz Behatokian. 1.112 kexak izan ziren, eta horietatik 180 Eusko Jaurlaritzaren kontrakoak izan ziren.
Osasun zentroak ere ez dira salbuespena: kanpoaldean ez dago ikurrik Areiltza Doktorea zumarkaleko osasun etxean, ezta Santutxun ere. Hala ere, azken horretan administrazio eremura sartuz gero, txaparen bat ikus daiteke langileen artean. Eta egun batzuk berandu izan bada ere, Euskaraldira batzeko deia iritsi zitzaien atzo bertako medikuei eta erizainei. Hain justu, atzo eman zuten izena Sandra Couto eta Nagore Fernandez erizainek. Ahobizi rola aukeratu dute. «Gainbegiraleak QR kode bat eman digu, galdera batzuk erantzuteko eta txapa jasotzeko gero», azaldu du Fernandezek.
Euskaraldiaren lehenengo egunetan, aldaketa gutxi sumatu dute osasun etxean. Erizainek gogoratu dutenez, pazienteek euskarazko arta lehenetsia dutenean, e ikurra agertzen zaie programan. Hala ere, programa begiratu ezin dutenean, lagungarri egiten zaie txapak ikustea. Atzo, adibidez, herritarrei odola ateratzea egokitu zitzaien, eta hainbat txapa ikusi zituzten herritarren paparrean jarrita. Haiekin euskaraz hitz egiteaz gain, txapen inguruan hitz egiteko aukera ere izan zuten.
Hainbat erakunde publikok Euskaraldiari babesa erakutsi dioten arren, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak apirilean aurkeztutako txostenak erakusten du gaur egun hizkuntza eskubideak ez direla beti errespetatzen administrazio publikoan. Iazko datuak jaso dituzte txostenean. Agurne Gaubeka zuzendariak aurkezpenean esan zuenez, Euskararen Telefonoaren bidez jasotzen dituzten kexak biltzen dituzte txostenean, eta nabarmendu zuen horietako askok administrazio publikoetako hutsuneen berri ematen dutela: «Kexetan, batik bat, administrazio eta agintari publikoak jartzen dituzte fokuan, araudiez eta lege babesaz ere arduratzen baitira».
Denera, 1.206 intzidentzia jaso zituzten iaz Behatokian. Horietatik 1.112 kexak izan ziren; 62, zoriontze mezuak; eta 32, kontsultak, iradokizunak eta bestelakoak. Erregistratutako kexen artean 180 Eusko Jaurlaritzaren kontrakoak izan ziren, 46 Bizkaiko Foru Aldundiaren aurkakoak eta 28 Bilboko Udalaren aurkakoak. Txostenak gogora ekarri du, gainera, Bilboko Udalak ez duela euskararen ordenantzarik.