Arauak dio kaleko arroparekin ezin dela sartu igerilekuetara; are gutxiago hijabarekin». Igerilekuetan kaleko arroparekin bainatzeari eta higieneari buruz ari zen Javier Maroto Radio Euskadin, eta zehaztapen hori egin zuen. Higienearen aldarrikapenetik jantzi islamiar baten iruzkin ezkorra egitera, segundo bakarrean.
Ezin da jakin adierazpena pentsatutako diskurtso baten barruan zegoen, edo oharkabean atera zitzaion, arrazoibide xenofobo baten ondorio gisa. Ezin jakin alkateak hori esan ote zuen hijaba emakumeekiko indarkeria sinbolikoaren ikur gisa hartzen duelako, testuinguruak horretan laguntzen ez badio ere. Ordea, ematen du alkateak jausi bat izan duela hitz horiekin. Estereotipoak sustatzen hasita, Europako eskuin muturreko alderdi batzuen ideiak plazaratu.
Marotoren azken polemika hori 2015eko udal hauteskundeak buruan egindako adierazpena izan daiteke. Azken asteetako argazki sorta ikusita, badu zentzua: Maroto, PPren irudi gisa, Garoñaren itxiera eskatzen Eusko Legebiltzarrean; Maroto, haustura hidraulikoaren aurkako herri ekinbidearen alde sinatzen...
Ordea, migrante atzerritarren aurka Marotok agertutako jokabideak etengabekoak izan dira azken lau urteetan. Hainbatetan baliatu ditu estereotipo xenofoboak pertsona migranteak iritzi publikoaren aurrean kritikatzeko. Tarteka-marteka, baina tentsioa galdu gabe.
2011. urtean, udal hauteskundeetako kanpainan, Zaramagako meskita izan zuen jomugan. Alkate izendatu ostean, meskita ez zen egin. Sustatzaileek araudia bete arren, Marotok «zentzua» erabiltzea egokiagoa zela ebatzi zuen. Gasteizen «meskita gehiegi» zeudela nabarmendu zuen.
Gehiegi dira. Estereotipo arrazista.
Urte bat geroago, 2012an, «lan egin beharrean delituak egin eta laguntzei esker bizi ziren pertsonak» salatu zituen. Pertsona zehatz batzuei buruz hitz egin zuen Marotok, baina jaioterria eta etnia zehaztuta loratu zuen. «Instituzioek edozeini ematen diote aukera hona etortzeko delituak egitera; pertsona horiek ez dute lekurik gure artean».
Gaizkileak dira; eta gizarte laguntzen abusua egiten dute. Bi estereotipo esaldi bakarrean.
2013an mintzalekuak jarri zituen jomugan, eta, behin hasita, kebab jatetxeak eta txinatarrek kudeatutako bazarrak ere susmopean jarri zituen. Horiek «ugaritzearen» aurkako araudia iragarri zuen, «hiriko merkatarien eskaerei» erantzuten ari zela argudiatuta; «betiko saltokien» jarraipena kolokan jartzen omen zuten.
Maroto, hiru estereotipori bide ematen: susmagarriak dira; gero eta gehiago dira; eta lana kentzen digute.
Azken kapitulua, 2014koa: Gamarrako igerilekuetan kaleko arropak. Araudiaren bortxaezintasuna aldarrikatuta, Zaramagako meskitarekin ez bezala.
Marotoren jokabide horien arriskua ondo azaldu du Ikuspegik, EAEko Gizarte Gaien Behatokiak. 2013ko Barometroan gogorarazi du elkarbizitza eta gizarte kohesio prozesuen aitzindaritza agintari politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalei dagokiela. Gasteizko alkateak beste iritzi bat duela ematen du.
Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuak etorkinen aurkako «murru mentalez» ohartarazi du. Horren adibideak ez dira falta azkenaldian: Sestaoko alkate Josu Bergarak (EAJ) asmo baztertzaileekin egindako errolda araudiaren urraketa, etxebizitza eraikinen behealdeetan meskitak kokatzea debekatzen duen Bilboko Hirigintza Plan Orokorra (EAJren botoekin onartua)...
Euskal Herrian integrazioa eta elkarbizitza sustatzen duten adibideak ere badaude. Astigarragako Udalak Urumeako autobidearen azpian bizi diren romiekin abiarazitako bidea ildo horretan doa, adibidez. Tamalez, politika horiek ez dute aurrekoen oihartzun eta jarraipen bera, ez agintari politikoen partetik ezta hedabideetatik ere.
2015eko udal hauteskundeetara arte agintariek haien gizarte eredurako aleak botako dituzte. 2015ean aukeratu beharko gizarte eredua.

ANALISIA
Estereotipoak, hijaba eta Maroto
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu