Datuak daudenetik inoizko urtarrilik euritsuena izan zen joan zen hilabetea. Bide beretsutik doa otsaila. Azken uholdeak izan eta hiru astera, berriro ere gainezka egin zuten atzo lau ibaik Hego Euskal Herrian: Cadaguak, Urumeak, Zadorrak eta Ebrok. Urak dezente harrotu ziren, eta alerta horian zein laranjan mantendu zituzten. Baina euriak bakarrik ez, elurrak ere buruhauste bat baino gehiago sortu zuen. Nafarroan sei mendate itxi behar izan zituzten, eta Araban, bi. Gainera, zirkulazio arazoak eragin zituen eguraldiak.
Nafarroan gogor jo zuen euriak eta elurrak. Eguerdi partera hasi ziren arazo handienak. Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi zuenez, egoerak 13:00 aldera egin zuen txarrera, eta hiriko erdiguneko zenbait kale itxi beste erremediorik ez zuten izan. Taxoare kalea, esaterako, gatza botatzeko itxi zuten; unibertsitaterako errepidea ere itxita eduki zuten, ur putzu handiak sortu zirelako. Hiriko garraio publikoak ere etena izan zuen eguerditik arratsaldeko bostak arte.
Esan (Nafarroa), berriz, etxetik atera zituzten zortzi familia. Azken egunotan bota duen euria aintzat hartuta eta iragarpenak txarrak direla ikusita, Esako urtegiak gainezka egin baino lehenago herritarrak etxetik ateratzea erabaki zuen udalak. Haren arabera, azken bi egunetan ur asko pilatu da urtegian, eta nahiago izan dute neurriak garaiz hartu.
Mendateei dagokienez, autoek itxita eduki zituzten Bernedo, Urkiaga, Aralar, Matamachos, Belagua eta Izaba. Beste hainbat errepidetan beharrezko izan zituzten kateak. Pirinioetako hainbat herritan ere elurra mara-mara egin zuen. Nafarroako Gobernuak elurra kentzeko 82 makina jarri zituen lanean.
Zadorrak sortu zuen buruhauste gehien Araban. Gainezka egin zuen, eta haren emaria aztertzen aritu ziren Gasteizen. Erabaki zuten Ulibarriko urtegian 30 metro kubo segundoko ur hustuketari eustea, Abetxukuko Zadorraren ur maila jaitsi arte.
Cadagua ibaiak irudi ikusgarriak utzi zituen Bizkaian, Gueñes, Alonsotegi, Zalla, Barakaldo eta Balmaseda herrietan. Alerta laranja ezarri zuten, eta gertutik zaindu. Ondarroa eta Lekeitio arteko bidea ere itxita eduki zuten, zuhaitz bat erori zelako.
Errepidean, hildako bat
Gipuzkoan Urumea ibaiak egin zuen gainezka, Hernanin. Errugbi zelaiaren inguruan atera zen erreka, eta bazter guztiak urak hartu zituen. Errenterian, berriz, pertsona bat hil zen errepide istripu batean. Zazpi autok elkar jo zuten. Horrez gain, euriteen ondorioz luizi bat gertatu zen Hondarribian.
Gaur ere euri dezente egingo du, eta elur maila 500 metroan egongo da. Haizea zakar ibiliko da; iluntzera hobera egingo du.
Azken uholdeak izan eta hiru astera, berriro gainezka egin dute lau ibaik
Cadagua, Urumea, Ebro eta Zadorra bidetik atera dira; Nafarroan, sei mendate itxi dituzte elurraren ondorioz

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu