Bezperako datuekin alderatuta, berriz ere igo egin dira azken 24 orduetan Hegoaldean atzemandako kasuak. 658 kasu atzeman dituzte, bezperan baino 37 gehiago. Igoera nabarmena Nafarroan izan da, egun bakarrean bikoiztu egin baitira han atzemandako kasuak. 261 kasu atzeman dituzte azken orduetan, 153 gehiago igandeko datuekin alderatuta. Egindako test kopurua ere orain arteko handiena izan da: 2.760 PCR egin dituzte egun bakarrean Nafarroan.
Gainontzeko hiru lurraldetan jaitsi egin da atzemandako kasu berrien kopurua. Araban, beste 27 kasu atzeman dituzte, bezperan baino zortzi gutxiago; Bizkaian 216, bezperan baino 83 gutxiago; Gipuzkoan, berriz, 162, bezperan baino hamasei gutxiago.
Kutsatuek gora egin dute, baita erietxeratuek ere. Azken orduetan 44 pertsona sartu dituzte erietxean, bezperan baino 11 gehiago. Hala, dagoeneko koronabirusa duten 356 pertsona daude Hegoaldeko erietxeetan. Horietako 57 daude ZIUetan, bezperan adina.
Nafarroako Gobernuak lagunarteko eta senitarteko ospakizunak saihesteko eskatu du. Hala, aurreratu du aztertzen ari direla datozen egunetan koronabirusaren transmisioa eteteko neurri zorrotzagoak hartzea.