Mintzapraktika erraldoia antolatu zuten atzo arratsaldean Baionako Patxa plazan, Euskaraldiaren kari. Edo zehazkiago: «speed-dating linguistikoa», hala deitu baitzioten antolatzaileek. Mahairik mahai ibiltzea proposatu zieten parte hartzaileei, josteta bidez hitza askatu eta euskaraz hitz egitera ausartzeko. «Hamabost minutu egonen dira mahai bakoitzean. Uste dugu horrela errazago animatuko direla», esplikatu zuen ekitaldia antolatzen arituriko batek, Oriane Aiestaran Jakinola hizkuntza eskolako irakasleak.
Askotariko jendea bildu zen Baiona Txikiko plaza horretan. Ekitaldirako espresuki irekia zuten Patxondo elkartean garagardo bat hartu, azalpenak entzun, eta mahaietan banatu ziren berehala hizketan hasteko gogoz. Horietako batean, bakoitzak karta bana hartu eta elkarrekin istorio bat asmatzea proposatu zieten. Pertsonaia, lekua, ekintza... bakoitzak elementu bat gehitu zion istorioari, eta elkarrizketa osatu.
Beste mahai batean, haatik, Nor da nor jokoari ekin zioten, bakoitzak pertsonaia ezagun baten izena kopetan emanik besteari asmarazteko ahalegina eginez. «Egun on, ni belarriprest naiz», agurtu zituen gainerako taldekideak gizonezko batek. Berehala jarri zion pertsonaia parean eseria zuen emakumeak: Donald Trump. Gainerakoek Olentzero, Nemo eta Pirritx itsatsi zituzten kopeta gainean, mintzatzen hasterako irribarrez.
Hitzekin jostetan aritzea proposatu zieten beste mahai batean, eta bertsotan ere ausartu ziren azkenengo mahaian: doinua, errima eta oinak hautatu, eta kopla bat osatzen entseatu ziren. «Mattin hasi da eta tronpatu da; zuek ere egin dezakezue hori», animatu zituen Patxondoko kide batek lagunak.
«Trufarik gabe, errazago»
Baionako mintzalagun talde batean parte hartzen du Melanie Veriderek azken urteetan. 32 urte ditu, eta orain dela hiru urte hasi zen euskara ikasten AEKren euskaltegian. Harentzat hizkuntzaren erabilpena «erronka» bat da, «bereziki Baionan», ez baitu euskaldun anitzekin egoteko aukerarik. «Ez dut familia euskaldunik, lagunak pixka bat». Horregatik, inguruan jende euskalduna hautatzen entseatzen dela erran zuen. «Bi talde badituzu, bat euskalduna dena eta bestea frantsesa, behar duzu hautatu». Atzoko bezalako ekitaldi gehiago beharko liratekeela erran zuen. «Gurutzatzen gara maila ezberdina duten pertsonekin. Ongi pasatzeko aukera da, plazer bat da».
Elorri Behetik komunikazioan lan egiten du edari enpresa ezagun batean, eta lanorduetan hartzen ditu klaseak, astean behin. «Ez dut lagunik euskara dakienik; indarra egin behar dut», esplikatu zuen. 31 urteko emakumeak «beti euskaraz» aritzeko erronka emana dio bere buruari, «erraztasuna» frantsesera jotzea bada ere. «Indarra egiten dut euskaldunekin euskaraz aritzeko. 2025ean errazagoa da; ez da gehiago trufarik».
%20,1Zenbat hiztun diren. VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 51.500 euskaldun ziren Ipar Euskal Herrian 2021ean; hau da, biztanleriaren %20,1. Horien erdiak moldatzen dira hobeki euskaraz erdaraz baino.
%4,9Zenbateko erabilera duen. Soziolinguistika Klusterraren kaleko erabileraren neurketak %4,9ko erabilera kontatu zuen 2021ean Ipar Euskal Herrian. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskaraz erdaraz baino gehiago mintzo direnak %1,1 dira, eta bi hizkuntzak hein berean erabiltzen dituztenak, %6.