Nafarroako Auzitegiko Lehen Atalak bi urteko kartzela zigorra ezarri dio 50 urteko gizon bati, Lizarrerriko herri batean emakume bat bortxatzeagatik. Emakumea konortea galduta zegoen, eta gizonak bortxatu egin zuen. Zigorrari buruzko akordioa lortu dute fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak. Zigortuari aringarri gisa aplikatu dizkiote mozkorra egotea eta egindako kaltea konpontzea: 9.000 euro ordaindu zituen, kalte ordain gisa, epaiketa hasi aurretik. Apirilaren 1ean egin zuten epaiketa, eta fiskaltzak orduan hamar urteko kartzela zigorra eskatu zuen akusatuarentzat.
Zigortuak ezingo du emakumearengandik 200 metro baino gutxiagora hurbildu, ezta hiru urtean harekin harremanetan jarri ere. Bost urtean zaintzapean egongo da, eta sexu erasotzaileentzako programa batean parte hartu beharko du.
2023ko irailaren 9an, gizona eta emakumea elkarrekin zeuden Lizarrerriko herri batean. Emakumeak konortea galdu zuen. Ez dakite zergatik: «Ez da zehaztu edari alkoholdunak edateagatik izan zen edo substantzia kimikoren bat eman ziotelako». Gizonak bortxatu egin zuen. Gizona edari alkoholdunen eta drogen eraginpean zegoen, epaiaren arabera.