Iruñerriko ikasleek jauzi bakarrera dute euskarazko jardueren eskaintza osoa

Sortzen elkarteak 'Jauzi.eus' egitasmoaren denboraldi berria aurkeztu du Iruñean. D ereduko zenbait ikastetxe publikotako eskolaz kanpoko jarduerak bilatzeko eta horietan izena emateko aukera emanen du, maiatzaren 27tik aurrera.

Sortzen elkarteko Aitziber Garmendia eta Iñigo Otxoa —lehen lerroan, eserita— 'Jauzi.eus' bilatzailearen aurkezpenean. SORTZEN
Sortzen elkarteko Aitziber Garmendia eta Iñigo Otxoa —lehen lerroan, eserita— 'Jauzi.eus' bilatzailearen aurkezpenean. SORTZEN
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko maiatzaren 20a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sortzen elkarteak iaz sortu zuen Jauzi.eus bilatzailea. Horren bidez, Iruñerriko D ereduko familiek aukera dute euskaraz antolatzen diren eskolaz kanpoko jarduera guztien berri izateko, eta webgune berean, baita izena emateko ere. Bilatzaileak bi eratako jarduerak biltzen ditu: alde batetik, Iruñerriko zortzi ikastetxe publikotako guraso elkarteek eskainitakoak; eta bestetik, hiriburutik kanpoko zenbait udalenak. Gaur aurkeztu dute egitasmoaren denboraldi berria, Iruñeko San Frantzisko D ereduko ikastetxe publikoan.

Sortzen elkarteko kide Iñigo Otxoak eta Aitziber Garmendiak azaldu dutenez, Jauzi.eus-en helburu nagusiak hauek dira: euskaraz antolatzen diren eskolaz kanpoko jardueren «toki erreferentziala» sortzea, eta «euskarazko aisialdirako zirkuituak koordinatzea». Horrez gain, lana erraztu nahi diete ikastetxe publikoetako guraso elkarteei, eragile guztien artean «sare bat» osatuz.

Oraingoz, Iruñerriko ikastetxe hauetako guraso elkarteak batu dira Jauzi.eus-era: Amaiur (Iturrama), Auzalar (Orkoien), Bernart Etxepare (Txantrea), Hegoalde (Arrosadia), Joakin Lizarraga (Sarriguren), Patxi Larraintzar (Arrotxapea), San Frantzisko (Alde Zaharra) eta San Migel (Noain). Horiez gain, Iruñerriko zenbait udalek ere bat egin dute egitasmoarekin, eta bilatzailean ikusgai jarriko dituzte beren herrietan antolatu dituzten euskarazko jarduerak. Herri hauetako udalek hartuko dute parte: Antsoain, Aranguren, Berriozar, Burlata, Uharte, Noain eta Zizur Nagusia. Udalen eskaintzari dagokionez, ordea, erabiltzaileek ezin izanen dute jardueretan izena eman Jauzi.eus webgunetik zuzenean, udal bakoitzak plataforma propioak baititu horretarako.

Eskaintza osoa ikusgai da webgunean, eta maiatzaren 27an zabalduko da guraso elkarteen jardueretan izena emateko epea. Ekainaren 9tik 12ra bitartean, guraso elkarteek beraiek jakinaraziko dute taldeen osaketa, eta ekainaren 16ra arte aukera izanen da matrikula ordaintzeko eta plaza ziurtatzeko.

Kontzientziazio kanpaina eskoletan

Garmendiaren hitzetan, ezinbestekoa izanen da ikastetxeetan «kontzientziazio lana» egitea, bilatzailean ezer eskaini aurretik. «D ereduko azken urteetako soziologia oso anitza da, eta familia guztiek ez dute transmisioaren inguruko beharrezko orientazioa. Horregatik, kanpaina bat martxan jarri genuen hainbat ikastetxetan, familiei aisiaren garrantziaz ohartarazteko». Sortzen elkarteko kideek gogorarazi dute euskarazko hezkuntza arautuak «umeen denbora osoaren %15» hartzen duela soilik; hortaz, gainerako denbora horrek «berebiziko eragina» du euskararen transmisioan eta garapenean: «Gure helburua baldin bada ume guztiek euskara eroso erabiltzea, euskarazko zirkuituak beharko ditugu etxean eta aisialdian: kultur agenda, eskolaz kanpokoak, ludotekak, ipuinak, abestiak, jolasak, telebista, filmak, webguneak...».

Jauzi.eus bilatzailea Sortzen elkartearen ENP Euskararen Normalizazio Planaren puntuetako bat da. Plan estrategiko horrek helburu garbi bat du, Otxoaren esanetan: «D ereduko ikastetxe bakoitzeko ume guzti-guztiek euskaraz eroso aritzeko moduko gaitasuna lortzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.