Otamendi, udaltzainei: «Berdin zait zer agindu dizueten; zatozte hona»

Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko urriaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sarasate pasealekuko okupazioaren polemika piztu zenetik, eraikina husteko agindua nork eman zuen argitzea izan da gakoetako bat. Erantzukizuna Fermin Otamendi zaintzako epailearena izan zela salatu zuen EH Bilduk larunbatean bertan, baina ardura oro ukatu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar batean, husteko agindurik ez zegoela argudiatuta. Operazioaren atzean Otamendi epailea zegoela berretsi zuen Aritz Romeo zinegotziak, eta agindua telefonoz eman zuela esan zuen.

Atzo arratsaldean, soka apur bat gehiago tenkatu zuen auzitegiak: hustea agindu ez, baina zaintzako epaileak udaltzainei bertaratzeko eskatu ziela aitortu zuen ohar batean. Idazki horretan azaltzen denez, Iruñeko 2 zenbakiko Instrukzio Auzitegiko epailea zegoen zaintza lanetan egun hartan —Otamendi, alegia—, eta, eraikina okupatzea «begien bistako delitua» zela ikusita, «bertaratzeko eta okupatzaileak identifikatzeko» agindua eman zien udaltzainei.

Epailearen eta Iruñeko Udaltzaingoko arduradunaren arteko elkarrizketaren grabazioa ere argitara eman zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak, «interpretazio okerrak saiheste aldera». Telefono dei hartan, okupazioaren berri eman zion Otamendi epaileak udaltzain arduradunari, eta polizien asmoen inguruan galdetu zion. «Une honetan daukadan agindua da esku ez hartzekoa», erantzun zion udaltzainak. Segituan, eraikinaren jabeak salaketa jarria ote zuen galdetu zuen epaileak, eta, udaltzainak baietz erantzun zionean, honako hau gaineratu zuen: «Hustea eskatu du? Ados. Bada, orduan, berdin zait zer agindu dizueten edo nork agindu dizuen: berdin dio horrek. Egin behar duzuena da hona etorri, eta eraikina okupatzen ari diren horiei ohartarazi [...]. Jabea okupazioarekin ados ez dagoela jakinarazi behar diezue, eta alde egin dezatela. Oraingoz, eraikinaren barruan daudenak identifikatu behar dituzue».

Elkarrizketa horren ostean, epailearen idatzizko agindurik gabe ere, gazteak identifikatu eta indarrez hustu zuten eraikina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.