«Txupinazoari buruz ematen den irudia negargarria da. Lan egin behar dugu hori aldatzeko. Egun, ordea, hainbat bidetatik hedatzen dira irudi horiek. Hedabideek ere erabiltzen dituzte, sentsazionalismoak gehiago saltzen duelako. Elastikorik gabeko eta ardoz blai egindako emakumeen irudiek gehiago saltzen dutelako. Baina hori ez da sanferminetako benetako irudia. Salbuespena da». Kazetarien galderei erantzunez mintzatu zen horrela Iruñeko alkate Enrique Maia, atzo, txupinazoan hainbat emakumeren aurkako sexu ukituak eta erasoak erakusten dituzten argazkiei buruz. Ez zuen eraso hitza erabili alkateak, dena den. «Saltzen den irudiarekin» kezkatuta zela nabarmendu eta gero, gertaeren inguruko iritzia eskatu zioten kazetariek. «Gertaerarik gabe argazkirik ez dago, noski», erantsi zuen.
Halako erasoei aurrea hartzeko neurri jakinik ez zuen iragarri, hala ere, Enrique Maiak. «Saiatzen gara aurre egiten; poliziak ere horretarako daude karrikan». Alkateak ezagutarazi zuen aurtengo sanferminetan zazpi salaketa jarri dituztela sexu askatasunaren aurkako delituengatik. «Gehienak familian gertatutakoengatik izan dira, ez bestan. Bortxaketarik ez da gertatu», zehaztu zuen Iruñeko alkateak.
Espainiako Poliziak bi salaketa jaso ditu, Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak atzo azaldu zuenez. Foruzaingoan, berriz, lau aurkeztu dituzte, erakunde horretako prentsa bulegotik atzo baieztatu zutenez. Kasu guztietan, emakumeen aurkako ukituengatik.
Sanferminak hasi zirenetik, atzo mintzatu zen Enrique Maia lehendabiziko aldiz txupinazoan gertatutakoen inguruan. Kazetarien galderei erantzunez mintzatu zen, eta irudiak zabaltzeari eman zion, batez ere, garrantzia; sanferminei buruz prentsari banatutako txostenean, sexu askatasunaren aurkako delituengatik aurkeztutako zazpi salaketen berri esaldi batean jaso du Iruñeko Udalak, eta alkateak haien berri eman zuen, salaketen %61 lapurretengatik aurkeztu dituztela erran eta gero.
Sanferminetan jazo gertaera negatiboen artean, txupinazoari egindako «boikota», prozesioaren egunean udalbatzako kideen aurka izandako protestak, eta hilaren 13ko entzierroko jende meta aipatu zituen Iruñeko alkate Enrique Maiak. «Gertaera negatioan» artean ez zuen sexu askatasunaren aurkako erasoen berri eman. Txupinazoa berriz atzera ez dadin neurriak iragarri zituen alkateak hurrengo urterako. «Segurutzat ematen genituen teilatuen gisako tokiak are gehiago zaintzeko konpromisoa hartzen dugu». Irailerako entzierroaren mahaiaren bilerara deituko duela ere erran zuen. Sanferminetan gertatzen diren eraso sexisten aurka lan egiteko, ordea, deus ere ez zuen iragarri.
PPNk ere sanferminen inguruko bere iritzia eman zuen atzo, prentsa ohar baten bidez. Idatzian sexu erasoen inguruko aipamenik ez zuen egin. Besten «itzalak» aipatu zituen: txupinazoa atzeratzea, prozesioko protestak, eta hilaren 13ko entzierroa. Espainiako Gobernuak berak ere salatu du egunotan «emakumeen aurkako jazarpena»; Nafarroako PPk, berriz, ez zuen deus aipatu atzo.
Bertzelako irakurketa egin zuen Bilduk. Eraso sexistak salatu, eta haien inguruan Iruñeko Udalak izan duen jarrera kritikatu zuen koalizioak. «Lotsagarria izan da; erasoak direla-eta isildu izana arduragabekeria handia da». «Pedagogia» behar dela nabarmendu zuen Bilduk, eta erasoekin tolerantziarik ez izatera deitu. Ezkerrak ere sanferminetako eraso sexistak salatu zituen atzo.
Emakumeen aurkako sexu erasoak eta ukituak urtero gertatzen dira sanferminetan. Aurten, ordea, inoiz baino oihartzun handiagoa izan dute hedabideetan eta sare sozialetan. Hori gertatu izana ontzat jo zuen atzo Astelehen Lilak elkarteko Tere Saezek. «Eztabaida, behingoz, mahai gainean dago. Orain arte isilarazi egiten zen gertatzen zena».
Urratsik ez aurrera
Duela hogei urte emakumeen aurkako tratu txarrekin gertatzen zena gogora ekarri du Tere Saezke: «Iritzi nagusia zen senarrak emaztea kolpatzen bazuen zerbaitegatik zela; zerbait egin izanen zuela emakumeak kolpe hori jasotzeko. Esparru horretan aurrera egin dugu nabarmen, eta iritzi hori bazter gelditu da, erabat; sexu erasoen esparruan, ordea, ez dugu urratsik egin aurrera».
Hori da arazoa, Saezen hitzetan. «Kontua ez da emakume batek elastikoa kentzea erabakitzea; kontua da inguruan dituen gizonen buruetan dagoena. Oraindik ere, sexu objektutzat hartzen dutela emakumea», ohartarazi du: «Elastikoa kentzeak ez du erran nahi ukitzeko eta biluzteko baimena ematen duenik. Emakumeak badu eskubidea karrikan egoteko, bestaz gozatzeko; eta argi izan behar dugu, noski, ezetz erraten badu, ezetz dela».
Eraso sexistei aurrea hartzeko lan handia dago egiteko, Saezen arabera. Eta urte osoan egin beharreko lana dela nabarmendu du, gainera. Sanferminen bezperan, besta parekideen aldeko kartela plazaratu zuen Iruñeko Udalak; hori ere gogoan hartu du: «Ongi dago, baina ez da nahikoa, eta berandu dator».
Udalari, batetik, sexu erasoen aurkako protokolo bat martxan jartzeko eskatu dio Astelehen Lilak elkarteko kideak. «Erasoa jasotzen duen emakumeak jakin behar du nora jo, eta, batez ere, jakin behar du toki horretan prestakuntza egokia duen pertsona batek artatuko duela. Oraindik ere, errudun sentitzen dira neska gazte anitz erasoak jasateagatik. Argi utzi behar da, gainera, sexu erasoa ez dela bakarrik penetrazioa».
Neska eta emakume horiei, bertzetik, espazio publikoan duten tokia betetzeko lan egiteko eskatu die Saezek. «Ahaldundu behar dute». Gizarte osoari, azkenik, mahai gainean jarri den eztabaidari heltzea galdegin dio.
Nagore Laffageren hilketa ekarri du gogora. 2008ko sanferminetan hil zuten, «ezetz errateagatik». Uztailaren 7an haren irudia hirian erakutsi nahi izan zuen Astelehen Lilak elkarteak; txoko bat egin udaletxeko paretan, edo zezen plaza inguruan. Udalak ez zion baimenik eman. Laffageren hilketak, hala ere, lagundu du gaurko eztabaida pizten, Tere Saezen ustez.
Lanean hasteko deia egin du Astelehen Lilak elkarteko kideak. «Entzierroaren mahaia deitzen duen bezala, udalak hasi behar du erasoen esparruan ere gauzak egiten. Ezin da isildu».
Sanferminak. Eraso sexistak
Txupinazoko irudiek kezkatzen dute Maia, baina ez du neurririk iragarri
Sexu askatasunaren aurkako delituengatik zazpi salaketa jarri dituzte sanferminetan, «gehienak familian gertatutakoengatik»Ikurrina, prozesioa eta entzierroko jende meta jo ditu alkateak gertaera negatibotzat

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu