Gutxi gorabehera. Bukatzear da urtea, eta, urtero gertatzen den legez, urtekoari neurria jartzeko ordua da. Neurria, nota edo dena delakoa. Baina futbolean urtea bi denboralditan banatzen denez, zati baten gainbegiratua bakarrik egingo dugu orain: sasoi honena. Bukatzeko dago, oraindik erdia baino gehiago falta da, eta, gertatua aztertzea zaila ez bada ere, gure hiru taldeen jarduna hain izan da berezia, zehaztugabea eta gorabeheratsua, azterketa honek gutxi gorabeherakoa izan behar du ezinbestean.
Gutxi. Sailkapena hartu, eta horrek bai ez duela gezurrik esaten. Nahiz eta egia biribilak denboraldia amaieran kontatu. Orain-oraingoari begiratua emateak azaltzen du nola ibili den Osasuna. Biribila izan da haren lana, baina ez adiera onean, ez: hasitako lekura itzuli da. Horra biribiltasuna. Oso gaizki ekin zion, zuloaren zuloan, onera egin du berriki, baina larunbatean kale egin eta gero, hasierako lekuan da berriz, zulo gorrian. Gutxi egin du, hor ez da dudarik, baina gutxitik edo gutxirekin asko ere egin du, zulotik aterata ibili denean. Orduan, zein ote da taldearen neurria? Jose Luis Mendilibar esan eta esan ari den hori, ziurrenik: «Gu Osasuna gara, gure taldea hau da, eta garbi izan behar dugu zein den gure helburua». Lehen Mailan jarraitu behar du hemendik sei hilabetera. Orain arteko bidean, zaila dauka. Gabezia dezente ditu taldeak: handiena da ahuldu egin dutela joan zen sasoikoarekin alderatuz gero; gero, aurrealdean dezente falta zaio, eta beste horrenbeste jokoaren sormenean. Gutxi da, eta gutxi dutenen lekuan da Osasuna.
Gora. Reala dago goren. Zazpigarren. Gora begira, goian helburu jakinik jarri nahi ez, baina. Beste kontu batzuk dira horiek. Orain arteko jardunean, behetik ere izan du, orain goitik izan duen bezala. Gora, behera eta berriz gora. Aspaldi ez bezalako gorena zapaldu berri du. Estiloa edo eredua ezaguna bilakatzen ari da, baina zorigaiztoak eragin dio zoriona: lesioek. Jokatutako zati honen hasierako zatian, estiloa edo eredua bera zen, baina orduan ari ez ziren jokalariek eman diote jantzia orain; edota, bere lekuan jokatzera besteen lesioek eraman dituzten jokalariek. Deigarria den beste kontu bat: etxetik kanpo, jokalari berri horien jantziak soinean, taldeak hartu duen jantzia azkenaldian. Hasierakoaren bestekoa, orduan dena edo ia dena galduz, eta orain, ia dena irabaziz. Zaleen aurrean, aldiz, kontrako joera: hasieran, asko irabazi, eta orain, gutxitxo. Gora begira jarri da, baina gutxitik eta behera begirakoak ere pairatu behar izan ditu abuztutik hona. Hemendik aurrerakoa nondik joango den? Ematen du taldeak hartu duela halako traza fidagarria... edo, dena esaten hasita, taldea dagoen lekuan jokalariak jartzea ez al da hobe? Gauza bat taldea baita, bere adiera ederrean, eta bestea jokalariak, jokalari bat eta beste bat eta beste bat.
Behera. Gutxi baino gehiago da, baina gora dauka gainetik. Erdialdetik behera dago Athletic. Gutxiren infernutik ez dago gertu, eta gora urrundu egin zaio larunbatean galdu eta gero. Ez gutxi eta ez gora, oraingoz. Behera, joan zen sasoiko loriarekin alderatuz gero, eta behera, gora bere egitea ez baitzen zail ikusten. Baina itsutu egin da dena, edo ia dena. Taldeak ezin du lehen bezala jokatu, oso noizean behin baino ez du lortu, eta partida osoan inoiz ez. Gutxitxo, aukeran. Oker ekin zion, goraldia izan du gero, baina behera erori da berriz. Sekulako gol piloa jaso du, sartu gutxiago, eta orekaren mundutik aparte segitzen du, ilunpetan argia aurkitu ezinda. Baina argia etxea bertan ez al dauka ba? Bai, baina... Galderak ziurtasunak baino gehiago dira. Zalantzak baieztapenak baino ugariago. Haserreak pozak baino sarriago. Ba al da norbait jira eta bira bueltaka doan gurpil hau bide onean jartzeko? Zoroaldi puntuan, zoro fama duen zentzudunari begira jarri behar. Erantzuna daukala esan berri du.

Aulkitik begira
Gutxi, gora eta behera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu