Lehen Mailako hiru euskal taldeek aldatuko dute entrenatzailea: Realak, Eibarrek eta Athleticek. Bitxiki, gainera, sasoi paregabea egin baitute azken biek. Eibarrek zortzigarren postuan amaitu du liga, eta inoiz baino puntu gehiago pilatu ditu maila nagusian. Athletic, berriz, laugarren izan da, eta ia azkeneraino aritu da Txapeldunen Ligarako borrokan. Apalago aritu da Reala. Jose Luis Sanchez Verak duela hilabete eskas iragarri zuen ez zuela segituko, duela bi aste gauza bera egin zuen Yerai Martinek, eta David Aznarrek ere hala egin du gaur. Ezustean hartu dute askok erabakia. Martinek badu ordezkoa: Iñaki Goikoetxea.
Aznar azken bi denboralditan izan da talde zuri-gorriaren lemazain, eta taldea hazi egin da haren aginduetara. Honela laburbildu du klubak haren ibilbidea: «Taldea gaztetu eta sailkapeneko goiko aldean kokatu du». Eskerrak eman dizkio entrenatzaileari «profesionaltasunagatik, eguneroko ahaleginagatik eta erakundearen alde izandako konpromisoagatik».
Guztientzat esker hitzak izan ditu teknikariak ere: «Egun gogorra da niretzat. Beti da zaila agur esatea maitatua sentitu zaren toki bati. Asko eskertzen dut izandako aukera hau, eta oso harro nago kolore hauek defendatu izanaz. Egindako lanarekin gustura nago; berriro ilusioa pizteko gai izan gara, eta onenekin aritu gara lehian. Niretzat, hori da garrantzitsuena. Sekulako bi urte izan dira».
Jakina zen Aznarri kontratua bukatzen zitzaiola denboraldia amaitutakoan, baina, egindako bidea eta izandako emaitzak aintzat hartuta, gutxik esperoko zuten ez segitzea.
Iraia Iturregiren lekukoa hartu zuen Aznarrek 2023ko udan; sasoi baterako sinatu zuen. «Trantsizio urtea» izango zela nabarmendu zuen klubak. Helburuak «aise» beteta, ordea, kontratua berritzea adostu zuten bi aldeek. Haren aginduetara, lehen sasoian bosgarren amaitu zuten zuri-gorriek, eta sendo aritu zen taldea. Besteak beste, etxean puntu gehien batu zutenen artean hirugarrena izan zen Athletic, eta Espainiako Kopan finalerdietaraino iritsi zen —Bartzelona txapeldunak kanporatu zuen—.
Espektatiba handiak sortu zituen taldeak, eta bigarren denboraldia parekoa edo are hobeagoa izan da. Athleticek laugarren amaitu du sasoia, eta Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokan bete-betean ibili da, atzetik aurrera egin baitu. 2017-2018ko denboraldian bukatu zuen azkenekoz postu horretan. Oraingoan, bisitari gisa izan da indartsuena, eta orro egin du Lezamatik urrun ere: puntu gehien bildu dituztenen artean hirugarrena izan da. Gainera, ligako multzorik gazteena izan du Athleticek. Kopan bestelakoak dira kontuak: lehen partidan hartu zuen kolpea, Cacereñoren aurka galduta.
Urte hasieran egin zion BERRIAk elkarrizketa teknikariari, eta, Athleticen jarraitzea gustatuko ote litzaiokeen galdetuta, halaxe erantzun zuen: «Beti esan dut oso pozik nagoela hemen. Oso eskertuta nago klubak nire aldeko apustua egin zuelako. Izan ere, Real Madril utzi ostean, aukera eman dit gorenean entrenatzen jarraitzeko, eta nire lana aitortua izateko. Hemen jarraitu nahi dut, bi aldeek ikuspegi bateratu bat dugun bitartean». Orduan, «ikuspegi bateratua» zutela adierazi zuen Aznarrek, baina gauzak aldatu egin dira, antza.
Goikoetxea, Yerairen ordezkoa
Realak eta Athleticek ez dute jakinarazi nork ordeztuko dituen bateko eta besteko entrenatzaileak; bai, ordea, Eibarrek. Iñaki Goikoetxea arituko da Yerai Martinen ordez. Sasoi baterako sinatu du kontratua debarrak.
Esperientzia handia du Goikoetxeak: bigarren entrenatzaile izan zen talde txuri-urdinean hiru denboraldiz, 2018tik 2020ra bitarte —aulkian zegoen Realak Espainiako Kopa irabazi zuenean—. Dominikar Errepublikako selekzioan aritu zen gero, eta 2022-2023ko denboraldian itzuli zen Euskal Herrira, Real Union taldean analista aritzeko. Martxoan, klubak David Movilla entrenatzailea kaleratu zuen, eta Goikoetxeak hartu zuen taldea zuzentzeko ardura denboraldia amaitu arte. Haren aginduetara, mailari eustea lortu zuten; azken hilabete eta erdian ez zuten partidarik galdu.
Amorebietako bigarren entrenatzaile aritu da azken urteetan, erronka berri bati heltzea erabaki duen arte: Eibarreko entrenatzaile izango da. Maila nagusian aurrenekoz arituko da lehen entrenatzaile gisa. Goikoetxeak azaldu duenez, klubak haren aldeko apustu sendoa egin du, eta, beraz, konbentzitu egin dute.
Hurrengo sasoiari begira, argi du zer nahi duen: «Azken urteak oso onak izan dira Lehen Mailan, eta asmoa dinamika horrekin segitzea da. Entrenatzaile bakoitzak bere libreta du, eta saiatuko naiz zerbait desberdina ematen. Baina ideia da egunero lan egitea asteburuan lehiakor aritzeko: hau da, egunerokoan dena eman eta intentsitate handiz entrenatzea, gero partidetan hori erakusteko».

Entrenatzaileaz gain, beste kontu ugari ere aldatuko dira taldean. Klubak atzo jakinarazi zuen hamalau jokalarik ez dutela taldean jarraituko hurrengo denboraldian. Haietako bat da Ane Campos. Aurrelariak sei denboraldi egin ditu Eibarreko elastikoarekin, 129 partida jokatu ditu, eta hamar gol sartu. Taldeko kapitainetako bat ere izan da. Camposek ez ezik, Eibar utziko dute Noelia Garciak, Espe Pizarrok, Andrea Alvarezek, Elba Vergesek, Andrea Sierrak, Maria Mirallesek, Bernadette Amani Kakounanek, Annelie Leitnerrek eta Eva van Deursenek ere. Beste batzuk, berriz, euren taldeetara itzuliko dira, utzita aritu ostean: Eider Arana, Eunate Astralaga eta Mariana Cerro Athleticera, eta Margherita Monnecchi Fiorentinara. Proiektu berri bat abiatuko du klubak.
Baita Realak ere. Talde txuri-urdinaren jokalariak ere erabat aldatuko dira. Bederatzi dira segituko ez duten jokalariak: Ane Etxezarreta, Amaiur Sarriegi, Sanni Franssi, Elene Lete, Manuela Vanegas, Izarne Sarasola, Elene Viles eta Lorena Navarro. Bestalde, Maria Valle Real Madrilera itzuliko da, denboraldi honetan talde txuri-urdinean utzita aritu ostean.
Athleticen, oraingoz behintzat, ez da halako urakanik izan. Marta Unzuek eta Itsaso Mirandak ez dute taldean jarraituko. Ekainean bukatzen zaie kontratua, berriz, Nahikari Garciari eta Mariasun Quiñonesi, eta klubak oraindik ez du jakinarazi kontratua berrituko duten ala ez.