Hoolek irabazi du Giroko erlojupeko luzea, ezustean, eta Roglic suspertu egin da

Herbeheretarra izan da espezialisten artean onena, eta sailkapen nagusiko hautagaiak aise azpiratu ditu, eguraldia lagun. Roglicek igandean izandako galera txikitu du, eta bosgarren ipini da. Del Torok, berriz, eutsi egin dio lidergoari.

Dann Hoole podiumean, Giroko gaurko etapa irabazi eta gero. LUCA ZENNARO / EFE
Dann Hoole podiumean, Giroko gaurko etapa irabazi eta gero. LUCA ZENNARO / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko maiatzaren 20a
18:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Taldekideen zerbitzura egon ohi da Daan Hoole (Lidl), baina bere kabuz distira egiteko abagunea izan du gaur. Bizikleta adardunera igo, eta artean eguraldiak trabarik jartzen ez zuela baliatuta, ziztuan osatu du 28 kilometroko erlojupekoa. Ziklista askok igaro dute helmuga hark baino geroago, baina bakar batek ere ez du hobetu herbeheretarrak ezarritako marka –32.30–: ez Joshua Tarlingek (Ineos), ezta sailkapen nagusiko txirrindulariek ere. Tarlingek eta Ethan Hayterrek (Soudal) bukatu dute Hooleren atzetik etapako sailkapenean, zazpi eta hamar segundora, hurrenez hurren. Xabier Mikel Azparrenek (Q36.5) zenbait arazo izan du ibilbidean zehar, baina emaitza bikaina lortu du halere: hamargarren izan da, 54 segundo galduta.

Euria eta haizea zailtasun gehigarria izan dira Giroa irabazi nahi dutenentzat. Haien artean, Primoz Roglic (Red Bull) izan da onena. Igandean denbora dezente galdu zuen asfaltorik gabeko bideetan, baina okerra zuzendu du gaur, eta hamargarren postutik bosgarrenera egin du jauzi. Hankaz gora joan da ibilbidea ikuskatzen ari zela, baina eguraldiarekin aurkariek baino zorte apur bat hobea izan du, lehorrean hasi baitu saioa. Azken txirrindulariek aterkiak besterik ez dute ikusi lanari ekiterakoan, eta amaieran ere erauntsiak harrapatu ditu. Juan Ayuso (UAE) Roglic azpiratu eta Isaac del Toro taldekidearen maglia arrosa bereganatzeko bidean zen; ordea, moteldu egin da bigarren mugarritik aurrera, euripean. Roglic hamazazpigarren izan da, 1.15era, eta hemeretzi segundo gehiago behar izan ditu Ayusok. 25 segundo falta izan zaizkio Del Torori lidergoa kentzeko.

Arratsaldeko ordu bata eta hogeian ekin diote saioari txirrindulariek. Luccatik Pisara egin dute, banaka. Alexander Kriegerrek (Tudor) piztu du lehia, eta Hayter izan da kronometroa 33 minutu baino azkarrago gelditu duen lehena: 32.40. Azparrenek ere gezi bihurtuta osatu du ibilbidea, eta hirugarren postuan ipini da behin-behinean. Haatik, penatuta agertu da helmuga zeharkatu berritan: «Hiru kilometroren faltan zulo bat harrapatu dut errepidean, eta besoen euskarria askatu zait. Gainera, irratia ez zebilen ondo, eta hasieratik erreferentziarik gabe aritu naiz. Ez nekien gehiago edo gutxiago estutu. Pena da, oso hanka onak bainituen».

Hoole onenen artean ibili zen bigarren egunean Albanian jokatu zen etapan —seigarren bukatu zuen—, eta irabazteko hautagai bilakatu da gaur, Hayterren erreferentzia zazpi segundoan onduta. Hortik gutxira, Tarlingek mehatxupean jarri du Hooleren lehen postua. Erlojuaren aurka garaipena errepikatzea zen txirrindulari galestarraren asmoa, eta gauzak nahi bezala egin ditu aurreneko mugarrira bidean. Ez, ordea, hortik aurrera, eta zazpi segundora geratu zaio helmugan Hooleren marka. Wout van Aertek (Visma), berriz, ez du garaipenaren borrokan sartzerik izan, igandean bere onera itzuli zen arren.

Berriz ere agintean

Sterrato zatietan iraultza izan zen hautagaien artean, eta amildu egin zen Roglic; ez, ordea, Giroa galdutzat emateraino. Eta gaurko saioaren ondoren, bete-betean sartu da berriro maglia arrosa lortzeko borrokan. Ayusok ere aurrerako urratsa egin du, Del Toro baino indartsuagoa izan baita, bereziki bigarren mugarriraino. Liderraren jantzia mexikarrak darama soinean, baina baliteke taldeko aginte makila Ayusoren eskuetan izatea.

Roglicek 30 segundo galdu ditu lehen erreferentzian, eguraldiak baldintzatuta, eta komeria are handiagoak izan dituzte beste faboritoek. Naturari ezin zaio aurre egin. Garaipenetik oso aparte bukatu dute Roglicek eta Ayusok, baina aldea atera diete aurkariei. Antonio Tiberi (Bahrain) eta Simon Yates (Visma) hainbestean moldatu dira, eta ondo kokatuta daude nagusian: Tiberik hirugarren jarraitzen du, 1.01era, eta Yates laugarren da orain, 1.03. Jarraian Roglic dago, 1.18ra. Alabaina, dezenteko galera izan dute gaur Giulio Cicconek (Lidl), Richard Carapazek (Education) eta Egan Bernalek (Ineos), eta lidergoa bi minutu baino gehiagora dute orain. Bihar, txirrindulariak mendian barneratuko dira berriro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.