Aurkari zuzenak dira Osasuna eta Alaves. Iragan sasoian Lehen Mailara igo ziren biak, eta helburu bera dute orain: mailari eustea. Hortaz, gaur Sadarren elkarren artean jokatuko duten derbian hiru puntu baino gehiago egongo dira jokoan; areago kontuan izanda bi taldeek garaipen premia handia dutela.
Osasuna behetik gorako bidea ari da egiten, baina oraindik egoera nahiko makurrean dago: azken-aurrekoa da sailkapenean, eta etxean oraindik ez du neurketarik irabazi.Alavesek, berriz, suziria bezala hasi zuen liga, baina azken lau jardunaldietan ez da irabazteko kapaza izan. Bi taldeek dute behar gorria, eta horrek final kutsua ematen dio nafarren eta arabarren arteko derbiari.
Enrique Martin Monrealek zuzentzen duen taldeak urrezko puntua lortu zuen iragan jardunaldian San Mamesen —bana berdindu zuten—. Beraz, gogotsu eta konfiantzaz iritsiko da gaurko lehiara. Athleticen aurka partida oso txukuna jokatu zuten gorritxoek, batik bat lehen zatian. Minutu askoan estu hartu zituzten jokalari zuri-gorriak, erasoko joko bizi eta azkarrari esker. Gaur ere hala jokatuko balute, aukera ugari izango lukete hiru puntuak patrikaratzeko. Zernahi ere, Sadarren ez dabiltza kanpoan bezain ongi, ohi ez bezala. Etxean jokatutako partida gehienetan itxura etsigarria erakutsi dute, kontzentrazio aldetik oker larriak eginda, eta, hobetu ezean, nekez hartuko dute mendean Alaves.
Suspertu nahian
Osasunak adinako behar gorririk gabe, baina irabazteko premian helduko da derbira Alaves bera ere. Datuek ez diote gezurrik: azken lau partidetan puntu bakarra lortu du Mauricio Pellegrinoren taldeak, eta ahazteko moduko hilabetea pasatu berri du. Granadarekin batera, Lehen Mailako talderik eskasena izan da urrian. Ligari dotore ekin arren, goitik behera egin dute aspaldian, eta gasteiztarrak 15. postuan dira sailkapenean, hamar punturekin. Hots, aurkari zuzenek gora egin dutenez, huts egin ezinda helduko dira Iruñera. Besteak beste, ligan lehenengoz jaitsiera postuetan sartzeko mehatxuarekin aurre egingo diote jardunaldiari.
Mehatxuak mehatxu, kezka eta urduritasuna urrun dituztela adierazi zuen atzo Pellegrinok, eta konfiantza osoa dutela euren buruarengan. «Azken emaitzak ez dira onak izan, baina konforme geratu gara egindako jokoarekin. Ongi jokatu dugu, eta ez gaude larri». Oraindik ez, baina badaki irabaztea komeni zaiela. «Osasuna talde sendoa da, landua, eta gauzak oso ondo egin beharko ditugu irabazteko. Oso garrantzitsua litzateke hiru puntuak lortzea».
Hamaikakoari begira, Deyversonen hutsunea izango du taldeak, aurrelariak partida bateko zigorra bete beharko baitu. Haren faltan, Gasteiztik 800 bat jarraitzailek bidaiatuko dute Iruñera.
Irabazi beharra dute biek
Osasunak eta Alavesek derbia jokatuko dute gaur, Sadarren b Nafarrek lehen partida irabazi nahi dute etxean; arabarrek, berriz, txakalaldia atzean utzi

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu