Zesta-punta

Euskal herritarrak dira Nazioen Ligan ariko diren puntista gehienak

Gernika-Lumon jokatuko dute txapelketa, ekainaren 1etik 6ra, eta, lehen aldiz, euskal selekzioa ofizialki ariko da Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean.

Aritz Erkiaga, pilota jotzear, Winter Series txapelketako partida batean. ERAMAN JAI ALAI
Aritz Erkiaga, pilota jotzear, Winter Series txapelketako partida batean. ERAMAN JAI ALAI
Julen Etxeberria.
2025eko maiatzaren 20a
13:07
Entzun 00:00:0000:00:00

Ekainaren 1a egun historikoa izango da euskal pilotarentzat. Egun horretan ariko da lehen aldiz euskal selekzioa Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean: zesta-puntako Nazioen Ligaren lehen ekitaldian. Abenduaren 28an Nazioarteko Federazioak eskubide osoko kide gisa onartu izanaren emaitza da. Eta nekez izan zezakeen estreinaldi hoberik euskal selekzioak, etxean jokatuko baitu aurreneko txapelketa, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian (Bizkaia). 

Sei selekzio lehiatuko dira sei egunez, ekainaren 6ra bitarte: AEBak, Espainia, Frantzia, Filipinak, Mexiko eta euskal selekzioa. Guztiak saiatuko dira sailkatzen datorren urtean San Luisen (Argentina) jokatuko den Munduko Txapelketarako.

Nazioarteko Federazioak gaur jakinarazi du zer puntista ariko diren Nazioen Ligan. Euskal herritarrak dira gehienak: 38tik 22; hau da, %58. Euskal selekzioarekin, Espainiakoarekin eta Frantziakoarekin arituko dira gehienak, hiru selekzio horietan Euskal Herrikoak baitira ia pilotari guztiak: 24tik hogei.

Zortzi pilotari hauek lehiatuko dira euskal selekzioarekin: Aritz Erkiaga, Imanol Lopez, Eñaut Urreisti, Unai Lekerika, Elaia Gojenola, Helena Barrenetxea, Maia Goikoetxea eta Maialen Aldazabal. Espainiarekin, berriz, Euskal Herriko zazpi puntista hauek arituko dira: Gorka Mugartegi, Ruben Bailo, Erik Mendizabal, Cosme Agirre, Erika Mugartegi, Arai Lejardi, eta Lur Lejardi. Gisela Ucles kataluniarrak ere Espainiarekin jokatuko du. Azkenik, Frantziarekin bost euskal puntista hauek jokatuko dute: Ludovic Ladutxek, Jon Tanburindegik, Thibault Basquek, Oihana Sorozabalek eta Xana Gonzalezek. Johan eta Gorka Sorozabal AEBetako selekzioarekin arituko dira.

Gizonezkoetan, Espainia, Mexiko eta AEBak A multzoan ariko dira, eta, Frantzia, euskal selekzioa eta Filipinak, B multzoan. Emakumezkoetan, berriz, multzo berean lehiatuko dira euskal selekzioa, Frantzia, Mexiko eta Espainia. Ekainaren 1etik 4ra ligaxka jokatuko dute; ekainaren 5ean, finalerdiak, eta, ekainaren 6an, finalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.