Berrogeita hamar kiloko txingek atzamarretatik ihes egin aurretik, Juanjo Agirregabiriak (Deba, 1958) buruarekin agurtu zituen zaletuak. Haren azken proba zen, irailaren 8an. Baigorrin (Lapurdi) jokatutako Euskal Herriko Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketan. Garaipena lortuta eman zion amaiera 35 urteko ibilbide oparoari. Tartean, Euskal Herriko zortzi txapel. «Ez daukat hasierako motibazio hura. Uste dut gauza guztiek bukaera bat izaten dutela, eta, nire kasuan, iritsi da momentu hori», azaldu duArruan-ek. Ez dirudi iritziz aldatuko duenik.
Hala ere, oraindik sasoiko dagoela antzematen zaio; gorputz gihartsua du, Arruan baserrian urte luzeetan landua. Hortik datorkio ezizena. Hamahiru urterekin atera zen «kalera», eta, geroztik, Deban bizi da. Eguneko erlojuari ostutako ordu apurretan entrenatzen izan da orain arte, Mendaroko errotula lantegitik kanpo dituen ordu libreetan. Baserrian ere jarraitzen du lanean, eta bistan da haren beso zuztarrek atseden gutxi izan dutela.
Hogei urterekin sentitu zuen aurrenekoz 50 kiloko txinga haiek esku banatan hartzeko beharra. Arretaz ari zen jarraitzen Itziarko jaietan Ibixa Osa ospetsua egiten ari zen lan saioa. «Zenbat plaza egiteko kapaz izango nintzen galdetzen nion neure buruari, eta proba egin nuen. Ez nion usainik ere hartu», gogoratu du barrezka. «Baina zin egin nuen hurrengo urtean ondo prestatuta joan eta irabazi egingo niola. Eta halaxe izan zen. Orduantxe hasi nintzen gogor entrenatzen eta herriko jaietan parte hartzen».
Egongelako armairua txapelez gainezka du, baina ez dio garrantziarik ematen. Gaztetan bost maratoi ere korritu zituela nota du jarraian, beste edozein pasadizo kontatzen ari balitz bezala. Arruan ez bezala, badira istorioak larregi puzten dituzten kontalariak, gertaerarik xumeenarekin ere jakin-nahia pizten dakitenak.
Agirregabiriak orain bi urte lortu zuen balentria orain ehun urte lortu izan balu, hiru metroko gizon erraldoiaren kondairak egundaino iraungo zukeen bizirik. 2011ko urtarrilaren 9an, Arruan-ek orain 20 urte Santxo-k egindako 36 plazak hamabost metrotan ondu zituen. Plaza bakoitzak 28 metro ditu, eta kirolariek distantzi horretan ahalik eta joan-etorririk gehien egin behar dute txingek lurra ukitu gabe.
Marka erregistratu gabe gelditu da, horretarako Agirregabiriak 900 euro ordaindu behar baitzituen; 500 euskal federazioarentzat eta 400 dopinaren aurkako kontrola egiteko. «Ingurukoek badakite errekorra hor dagoela. Ez dut behar inork ofizialki onartzerik. Nik beti jokatu dut garbi. Marka hortxe egongo da», aldarrikatu du.
Eta marka galanta da. Kilometro oso bat, 50 kiloko lasta bi zintzilik, gorputz makurtutik behera izerdi tantak isurtzen diren bitartean. Lehenago hasten dira, ordea, atzamarrak zirrindoletatik laban egiten eta bihotzeko balbulen txorrotak zabaltzen. Orduan hasten du txinga eramaileak bere buruaren aurkako desafio garaiezina, denbora kontua baino ez delako tregoa eskean ari den subkontzienteari men egitea. Eta bitartean, bakarrizketan dihardu.
«Gauza asko entzuten dira plazetan, baina zeure buruan gotortu behar duzu. Behin nire suhiaren aurka galdu nuen Gipuzkoako Txapelketa, eta epelak entzun behar izan nituen. Ez nion irabazten laga; irrist egin zidaten atzamarrek», defendatu du bere buruaesku laztuei begirik kendu gabe. «'Zer hartzen ote duk? Orain ere sartu duk zerbait ala?' Horrelakoak ere entzun behar izan ditugu», dio burua jasota. Debarrak, baina, plaza maite du, eta ezin du aurpegiko irribarrea ezkutatufrontoietan ezagututako jendeaz akordatzerakoan.
Belaunaldi berriaren zain
Aitortzen du, hala ere, gero eta jende gutxiago hurbiltzen dela erakustaldietara, eta txinga-erutearen urrezko aroa aspaldi geratu zela atzean, ainguratua, 36. plaza hartan txinga biak lurrari josita geratu ziren bezalaxe. «Hasierako urteetan asko ibiltzen ginen, batik bat Bizkaitik. Astebururo bizpahiru erakustaldi eginda, garai hartako hogei mila pezeta irabazten genituen. Egia da sekula ez dela diru askorik mugitu txinga eroate probetan, baina soldata borobiltzeko, ez zegoen batere gaizki».
Orain bestelakoak dira kontuak. Gero eta nekezago ikusten da jende gaztea herri kirol probetan, eta irrikaz espero den belaunaldi berri horrek loratu gabe darrai. «Nola esango diot, bada, gaztetxo bati txingak eramaten hasteko? Etengabe ari dira esaten-eta ikastolako motxilak ez kargatzeko liburuekin!», kexatu da. Urteak dira ez duela Gipuzkoako Txapelketarik jokatu. Ez motibazio faltagatik; ez du lehiakiderik aurkitu, hiru lehiakide behar baitira gutxienez txapelketa osatzeko.
Afrika aldetik heldu da haize freskoa. 29 urte ditu Ousmane Drame senegaldarrak, eta metro eta 90 zentimetroko garaiera du, eta gorpuzkera gihartsukoa da.Orain bost urte iritsi zen Euskal Herrira, Barakaldora, eta entzutetsua izan zen oso Agirregabiriaren aurka jokatutako desafioa. Aurreko Euskal Herriko txapelketan zazpi plazatako aldea atera zion Arruan-ek, eta ia abantaila horixe eman zion desafioan.
Drame aukerarik gabe gelditu zen txingek laban egin eta gero.Hori bai, ez zen esku hutsik bueltatu, debarrak aholkuren bat edo beste eman baitzion proba osteko solasaldian. Maisuak hasiberriari emandako azken lezioa izan zen hura. Gainbeheran etorritako kirolak lurra jo behar zuela zirudienean, lurrean itsatsitako esparatrapu zuria zapaldu, buelta eman, atzamarrak estutu eta beste plaza bat betetzeari ekin zion.
Tradizioari eutsiz azken plazaraino
Duela bi igande jokatutako azken txapelketan, Juanjo Agirregabiriak amaiera eman zion bere ibilbide oparoari. Balentria eta txapel asko lortu ditu txingak eroaten aritu den 35 urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu