Egun, pentsaezina da Sadarrik gabeko Osasunarik. Estadioa erabat sustraiturik dago Iruñeko klubera. Zale gorritxoen elkargunea da, eta beren pasioaren adierazpidea. Haatik, Osasunaren etxea ez da beti Sadar izan. Hasieran, Iruñeko taldea han-hemenka ibili zen. Eta, 1922an, bere lehen zelai propioa eraiki zuen, Donibanen. 1967ra arte jokatu zuen han. Zelai hark ia 20.000 ikusleko edukiera ere izan zuen, baina, 60ko hamarkadarako, zaharkiturik gelditu zen jada. Osasunak puntako instalazioak eduki nahi zituen, eta, hartara, zelai berri bat eraikitzea deliberatu zuen. Hala sortu zen Sadar, duela mende erdi.
Erabakia 1965eko apirilaren 9an hartu zuten bazkide konpromisarioek. Hiriaren zabalkundearen ondorioz, ia ezinezkoa zen zelai zaharra handitzea; beraz, aukera bakarra hutsetik hastea zen. Gainera, Donibaneko barrutia salduta, hainbat zorri egin ahal izan zien aurre Osasunak. Guztira 40 milioi pezeta 241.000 euro jaso zituen eremuaren truke. Diru horren zati batekin, Sadar erreka ertzeko lur sail bat erosi zuen Jacinto Saldiseren zuzendaritzak. 17,5 milioi pezeta 105.000 euro ordaindu zituen.
Tomas Arraras arkitektoa arduratu zen proiektua garatzeaz, eta baldintza nagusi bat jarri zion klubak: estadioa zaleen eta taldearen ezaugarriekin bat etor zedila. Eraikuntza lanek 51 milioi pezetako kostua 307.000 euro izan zuten. 1966ko urrian hasi ziren zelaia eraikitzen, eta emaitza estadio dotore bat izan zen. Donibaneko zelaiak ez bezala, itxura homogeneoa zeukan, eta 23.283 ikusle har zitzakeen. Izenaren inguruan, ez zen zalantza handirik izan: Sadar deitu zuten, alboan zuen errekaren omenez.
Egitasmoa finantzatzeko, Donibaneko zelaia eta hainbat jokalari saldu zituen Osasunak, eta, horretaz landa, mailegu bat eskatu zion Nafarroako Aurrezki Kutxari. Alabaina, horrekin ez zen aski izan gastu guztiei aurre egiteko, eta zuloa sortu zen klubaren diru kutxan. Ordea, 2014an hondamenditik libratu zuen. Sadar Nafarroako Gobernuari emanda, Ogasunarekin zeukan zorraren zati handi bat kitatu zuen.
Sadar estreinatzeko, txapelketa bat jokatu zuten Osasunak, Vitoria Setubalek eta Zaragozak. Lehen partida portugaldarrek eta espainiarrek jokatu zuten, 1967ko irailaren 2an. Lehia bana bukatu zen. Osasunak ez zuen estreinaldian parte hartu, eta zergatiak ez dira inoiz jakin. Gorritxoek egun bat geroago egin zuten debuta beren zelai berrian, Vitoria Setubalen aurka. 3-1 irabazi zuten, han bildutako milaka zaleen gozagarri.
Fernando Osaba izan zen partida hura jokatzeko ohorea izan zuen jokalarietako bat. Egun hartaz oroitzapen oso onak ditu. Hogei urte zituen orduan. «Momentu garrantzitsua zen klubarentzat. Oso hunkigarria izan zen dena». Osaba izan zen partida hartako heroia, harenak izan baitziren Osasunak Sadarren sarturiko lehen bi golak. Oraindik gogoan du aurrenekoa. «Hegaleko oso on bat genuen, Luis Astrain. Hark erdiratu egin zuen baloia, eta nik boleaz egin nuen errematea». Esperientzia ahaztezina izan zen harentzat, betidanik Osasunaren zalea izaki. «Jokatzeko aukera izatea, eta gainera golak sartzea, gauza handia izan zen niretzat».
Osasunaren bigarren taldetik zetorren Osaba. Erakustaldia eman zuen debutean, baina, handik aurrera, ez zuen nahi bezalako ibilbiderik izan. Antzeko zerbait jazo zitzaion Nafarroako taldeari. Denboraldi hartan, Hirugarren Mailara jaitsi zen. «Talde ona genuen. Taldekide asko Lehen Mailan aritu ziren gero, eta maila onean gainera. Baina sasoi hartan oso eskas aritu ginen». Osabak ez du uste zelai aldaketak eraginik izan zuenik. «Sadarren ere gainean genituen zaleak. Oso alde gutxi zegoen zelai batetik bester».
Garai hartan, Pedro Mari Zabalza ere futbolean zebilen. Sadarrera mugitu baino hilabete batzuk lehenago utzi zuen Nafarroako taldea, Bartzelonara joateko. «Pena eman zidan, baina jasotako eskaintza ezin nuen baztertu». 1976an itzuli zen, eta orduan aritu zen aurrenekoz Sadarren. «Zelai oso bero batekin egin nuen topo. Sasoi hartan Bigarren Mailara bueltatu ginen. Azken-aurreko jardunaldian lehia erabakigarria genuen etxean, Culturalen aurka, eta giro aparta izan zen».
Igoera haren ondotik, klubaren arorik onenetako baten lekuko izan zen Sadar. Lehenik, 1979-1980ko sasoian Lehen Mailara itzuli zen Osasuna, eta, ondoren, elitean egonkortu zen; besteak beste, Zabalzaren eskutik. Areago, Europan ere egin zituen agerraldiak. Osasunaren aulkian zortzi sasoi eman zituen erreskadan Zabalzak, eta klubaren historian partida gehien zuzendu dituen teknikaria bihurtu zen. «Urte zoragarriak bizi izan genituen, eta Sadar horren parte izan zen. Zaleen babesa funtsezkoa izan zen». «Oso berezia izan zen Real Madrili 0-4 irabazi osteko partida. Peñek deialdia egin zuten jendea zapi gorriarekin joan zedin. Uztailaren 6a zirudien».
Esentzia berbera
Urte batzuk lehenago egin zen Osasunaren zale Juan Kruz Lakasta kazetari iruindarra. Gogoan du nola gaupasa egin zuten 1985ean, Osasunak Glasgow Rangersen aurka jokatu zuen lehiarako sarrera lortzeko. «Hamahiru urte genituen. Nolabaiteko kontu iniziatikoa izan zen guretzat. Garai hartan apenas zegoen eserlekurik, eta mukuru bete zen Sadar».
Mende berriarekin batera, berriz ere onen artera itzuli zen Osasuna, eta hamalau urtez iraun zuen han. Aro horretako erreferente nagusia Patxi Puñal izan zen. Hura da Nafarroako taldearen historian partida gehien jokatu dituen jokalaria. Puñalen arabera, Sadar «zentzu guztietan» da berezia. «Etxekoek jokatzeko duten moduarekin identifikatzen da. Zelai txikia da, eta jendea oso gainean izaten dira. Zaleak zelai barruan daudela eman ohi du».
50 urte hauetan, nola ez, aldatu egin da Sadar. Denboraren joanean, eraberrituz joan da, garai bakoitzera egokitzeko. Nolanahi, Puñalek uste du esentzia bera daukala. «Aldaketak izan dira. Hala nola jada ez dago hesirik. Baina jendearen berotasuna berdin sentitzen du jokalariak». Iritzi berekoa da Zabalza. «Jokalariei asko gustatzen zaie zelaian giroa egotea. Sadar faktorea beti izan da funtsezkoa».
Osabak, ordea, hor ere aldaketa izan dela deritzo. «Egun atxikimendu handiagoa dute zaleek. Orduan ere giro ona izaten zen Sadarren, baina hainbeste aldatu da futbola…». Bestalde, Lakastak uste du giroa ez dela garai batean bezain maskulinoa. «Lehen gizona besterik ez zen ikusten, baina, azken urteetan, geroz eta emakume gehiago dago». Gainera, orain euskara gehiago aditzen omen da. «Miranda presidentearekin, mugarri garrantzitsu bat iritsi zen: bozgorailuetatik agurra euskaraz egiten hasi ziren. Gainera, ekitaldia egin zen Bai Euskarari! ekimenaren baitan, eta Sadar euskal zalez bete zen. Hunkigarria izan zen».
[Youtube]https://youtu.be/tcZmhqeCbMQ[/Youtube]