Yerai Martin: «Sentimendu kontrajarriak izan ditut, baina uste dut hauxe dela onena»

Eibarreko entrenatzaileak ez du jarraituko Gipuzkoako taldea zuzentzen, hark hala erabakita. Klubari eskerrak eman dizkio agur prentsaurrekoan.

Yerai Martin Eibarreko entrenatzailea, gaur, agur prentsaurrekoan. RAUL BOGAJO / FOKU
Yerai Martin Eibarreko entrenatzailea, gaur, agur prentsaurrekoan. RAUL BOGAJO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Eibar
2025eko maiatzaren 19a
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Entrenatzailearen lana errendimenduari eta emaitzei estu-estu lotuta egon ohi. Asmatuz gero, aulkian tokia ziurtatua du; taldea herrenka badabil, baina, hura izan ohi da fokupean jartzen den aurrenekoa. Mila motibo daude teknikaria aldatzea erabakitzeko, baina enbor bereko arrazoiak izaten dira maiz: emaitza txar asko izatea erreskadan, sasoiko helburua bete ez izana, taldearen jokoak ez konbentzitzea, tirabirak... Bada, ez da hala izan Yerai Martin Eibarreko entrenatzaileari dagokionez: agur gozo-gozoa izan du.

Denboraldi historikoa eginda, zortzigarren postuan amaitu du liga Gipuzkoako taldeak, eta inoiz baino puntu gehiago pilatu ditu maila nagusian. Gainera, garaipen batekin borobildu du sasoia. Hala ere,  teknikariak ez jarraitzea erabaki du. Hiru urte egin ditu Eibar zuzentzen: aurrenekoan, taldea Lehen Mailara igotzea lortu zuen; bigarrengoan, mailari eustea; eta azkenengoan, egonkortzea. Erabakia hartzea kostatu zaiola aitortu du, gaur Ipuruan egindako agur prentsaurrekoan: «Sentimendu kontrajarriak izan ditut, baina uste dut hauxe dela onena».

Adierazi duenez, «ondo hausnartutako» hautua izan da: «Hiru denboraldi izan dira, eta lan asko dago horren atzean. Momentu on asko, baina baita higadura ere. Denboraldian buruari bueltaka ibili naiz, eta azkenean erabaki hori hartu nuen, betiere duda eta zalantza puntu horrekin. Aurrekoan, aulkian nengoela, zera pentsatu nuen: 'Jo, bukatzen ari da, eta, aldi berean, a ze pena'». Hala ere, Eibarreko etapa orain uztea harentzat «onena» dela uste du, jarraian honako hau gaineratu duen arren: «Oraindik ez dut imajinatzen Yerai Eibar gabe».

«Emozio askoko egunak» izan dira hauek harentzat: «Azken partida Ipuruan, azken momentuak taldearekin, azken bidaia... Ni, gainera, nahiko sentikorra naiz halakoetarako». Urduritasunak urduritasun, ezin hobeto biribildu du Eibarren egindako bidea; 1-3 irabazi zioten atzo Sevillari. «Taldeak merezi zuen. Uste dut ez dagoela bukatzeko egoera hobeagorik: garaipena lortuta, talde giro politean... beti gogoratuko dut azken momentu hori».

«Hiru denboraldi izan dira, eta lan asko dago horren atzean. Momentu on asko, baina baita higadura ere»

YERAI MARTINEibarreko teknikaria

Entrenatzaileak eskerrak eman dizkie klubari, jokalariei eta bidean alboan izan dituen guztiei. Harengan konfiantza osoa izan dutela adierazi du, eta egunero egindako lana goratu: «Jokalari guztiak nirekin batera joan dira denbora osoan, eta nik eskatutakoarekin aurrera egin dute. Aulkian zaudenean, politena zure taldea zelaian ikustea da. Talde umila eta langilea gara, baina pertsona handiek osatzen dute klub hau, eta hori izan da helburuak lortzeko gakoa».

Hala ere, azken sasoian, aurrekoekin alderatuta, «energia kutsatzeko indar falta» sumatu du teknikariak, eta, beraz, aldaketa bat eskatu dio gorputzak. Azpimarratu du Eibarren ez zaiola ezer falta izan: «Oso gustura egon naiz». Haren etorkizunaren inguruan, berriz, ez du ezer argitu. «Gaztea naiz, eta espero dut aukerak izatea beste toki batean».

Igotzea lortutako sasoia, kutunena

Garai on asko bizi izan ditu Yerai Martinek Eibarreko entrenatzaile lanetan. Emaitzak aldeko izan ditu, eta horrek laguntzen du. Bat aukeratzeko orduan, baina, ez du zalantzarik egin: Lehen Mailara igo zireneko urtea du andoaindarrak denetan kutunena. Ipuruara iritsitakoan izandako harrera beroa gogoratu du, besteak beste.

Yeraik ez ezik, Jordi Torres emakumezkoen zuzendari eta lehen taldeko idazkari nagusiak ere utziko du taldea; Rocio Candalek hartuko du haren lekukoa. Hark ere esker oneko hitzak baino ez ditu izan, eta «asko ikasi» duela nabarmendu du. «Eibarrek 360 graduko trebakuntza eman dit; izugarria izan da».

Andoaindarrak, berriz, esan du «egunerokoaz gozatzen» ikasi duela. «Partidak irabazteko egiten duzu lan, baina neurketek 90 minutu soilik irauten dute: %20 da hori, eta %80 gainerako guztia da. Goizero esnatu eta Ipuruara etortzeko gogoa izan dut, eta hori da politena eta garrantzitsuena. Lehen, askotan emaitzan jartzen nuen arreta osoa, baina ikasi dut jokalariekin, klubeko kideekin... pasatutako momentu horietaz guztietaz gozatzen. Une onak eta txarrak daude futbolean; onez disfrutatu behar da, txarrez ikasi, eta konstantea izan».

Era berean, Cesar Palacios Eibarreko kirol zuzendariak txalotu egin du Yerai Martinek eta Jordi Torresek egindako lana, eta haien esfortzua eta inplikazioa eskertu: «Onena opa diet. Hau haien etxea da, eta badakite. Gustatuko litzaiguke gurekin jarraituko balute, eta saiatu ginen, baina ulertu genuen haiek ziklo bat amaitu zutela; jakin behar da kluba bere onenean dagoenean ere agur esaten, eta batzuetan hori da onena».

Hamalau jokalarik utziko dute Eibar, tartean Ane Campos

Aldaketa garaia dator Eibarren. Liga amaitu berritan, klubak jakinarazi du hamalau jokalarik ez dutela jarraituko hurrengo denboraldian. Horietako bat da Ane Campos. Aurrelariak sei denboraldi egin ditu Eibarreko elastikoarekin, 129 partida jokatu ditu, eta hamar gol sartu. Taldeko kapitainetako bat ere izan da. Klubak eskerrak eman dizkio Eibarren «balioen isla» izateagatik. Era berean, Camposek eskerrak eman dizkie alboan izan dituen guztiei: «Asko ikasi dut, eta zuekin asko hazi naiz; zuen ondoan eta zuekin batera». Camposek ez ezik, Eibar utziko dute Noelia Garciak, Espe Pizarrok, Andrea Alvarezek, Elba Vergesek, Andrea Sierrak, Maria Mirallesek, Bernadette Amani Kakounanek, Annelie Leitnerrek eta Eva van Deursenek ere. Beste batzuk, berriz, euren taldeetara itzuliko dira, utzita aritu ostean: Eider Arana, Eunate Astralaga, Mariana Cerro eta Margherita Monnecchi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.