Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

'Bigfoot'-en harrapaketan

2018ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Telebistak —beraz, pertsonek eta munduak— ni harritzeko duen gaitasunak ez du mugarik. Astearte gauean, grazia asko eragiten ari ez zitzaidan umorezko saioa iragarkietara joandakoan, Mega kateko Bigfoot capturado dokumentalarekin egin nuen topo. Atentzioa eman zidan saioaren hasierak. Bereziki, komunitate zientifikoaren iritziaren aurka, animalia horren existentzia sinesmen handiz defendatzen duen pertsona eta talde antolatuak aurkeztu zituelako. Horietako bat zen dokumentalaren aurkezlea. Hasteko, hiru grabazio aurkeztu zituen, lauso samarrak denak. Horietan, zientzialariek mitologiarekin, folklorearekin edo okerreko identifikazioarekin lotzen duten animaliaren aztarnak ikusten zituen berak. Eta argi eta garbi azaldu zuen dokumentalaren helburua: grabatu egin nahi zuen eta, ahal balitz, bat harrapatu.

Hala hasi zuen Ipar Amerikan zehar eramango zuen bidaia. Erakutsi zigun, unibertsitate batera joanda, sinesgarrien iruditzen zaien bide horietako batean ikusitakoaren arabera egindako hiru dimentsioko hezurdura, adibidez. Eta aurkeztu zigun, urte batzuk atzera, Kaliforniako baso eremu amaigabe bateanbigfoot delakoarekin topo egin zuen gizona. Abiatu zen harekin geroztik bisitatu gabe zuen zero gunera, antolatu zuten gaua pasatzeko kanpalekua eta, goizeko ordu txikietan, esnatu ziren txistu hots beldurgarri batekin. Ez zuten nahi zuten irudirik lortu; bai, ordea, tentsioa, iluntasuna, oihuak, plano dardartiak eta beste eskaini. Bigfoot baten bila abiatzekoa zen espedizioarekin egin zuen bat, segidan. Badaude, bai, halako taldeak, AEBetako gizarteaz ditugun estereotipo zenbaitekin erabat lotzen direnak. Haiek ere, gaua igarotzeko tokia aukeratu, eta inguruan hainbat kamera kokatu zituzten. Gau haietako batean, errepikatu egin zen eszena. Eta, gainera, kamerak harrapatu ez zuen arren, arrastaka eraman zuen espedizioko kideetako bat. Hori gutxi ez, eta kamera finkoetako bat bota eta lurrean zela haiek piztiaren begia bailitzan aurkeztutako beste irudi lauso bat hartu omen zuen. Loak hartu ninduen, une hartan. Atzo ez nuen mundua harritu zuen titularrik irakurri.

Gurean edozein lan burutzeko zailtasunak ezagututa, beste batzuek daukaten erraztasunak adierazten duena burutik kendu ezinik nabil, oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.