Aurreko batean, jada ez dakit noiz, telesail batzuen alferrikako luzerari buruz idatzi nuen. Egia da, bai, batzuk jasotako aurrekontu itzel horiek justifikatu nahian ibili ohi direla eta, ondorioz, luzatzerik behar ez duten tramak luzatu ohi dituztela, inora ez doazen bideak, amaieran ez moralejarik ez bizitzaren metaforarik ez duten pasarteak eraikiz.
Bada, gaur, kontrako norabidea hartu eta kasu batzuetan justifikagarria iruditzen zaidan denboraren estiratze hori goraipatu nahiko nuke. Bai, kontraesan batean eroriko naiz; ez al da dibertigarria? Pentsalaria banintz, nahiago nuke erratikoa izan, errotua baino.
Komedia erromantikoaren esparruan bada trilogia bat, gisako beste film batzuen kalitatetik apur bat gailentzen dena: Before trilogia. Before sunrise, Before sunset eta Before midnight filmek osatzen dute, eta funtsean maitasun harreman baten ezaugarririk tipikoenetan oinarritzen den arren, ezaugarri bitxi bat gordetzen dute: film bakoitza bederatzi urteko aldearekin filmatu dutela, eta fikzioan ere halaxe erakutsi nahi izan dutela harreman hori. Hartara, lehen filmean Ethan Hawke eta Julie Delpy aktoreek gorpuztutako bi gazte elkar ezagutzen ikusiko ditugu; bigarrenean, 30ak pasatako bikote helduxeago bat; eta azkenekoan, adin ertaineko bikote ezkondu bat. Bada, hiruretan bigarren filmak interes berezia pizten dit; izan ere, horrek irauten duen denborak eta fikzioan kontatzen denak berdin irauten dute: 90 minutu. Gertakizuna ez da sekuentzia planoan kontatzen, baina ikusleak argi du narrazioan ez dela elipsirik egon.
Era berean dut gustuko Game of Thrones-eko The long night atala; adibidez, zeinetan gerlariak Winterfellen gelditzen diren, ibiltari zuriak noiz iritsiko. Telesailaren frenetismoaren eta hamaika azpi-tramen gorabeheren ostean, denbora gelditu egiten da bat-batean. Edo hori diogu berez, baina ez da hala: gure bizitzen erritmora egokitzen da, besterik ez. Su artifizial festaren erdian, ordea, egunerokoena eta grisena dirudien erritmo hori magiko bilakatzen da: kapsulatutako momentu horren distira behatzeko aukera eskaintzen duen keinua.
The Handmade’s Tale telesailak ere horrelako momentu asko ditu. Ze pozik nagoen behingoagatik itzuli delako; ea laster ikusterik dudan!