Begirada berezia eskainiko diote bizitzari eta Euskal Herriari Iñigo Hermosok eta Urtzi Urrutiak ETB2ko Downtown saioan, John Andueza zuzendari dutela. Izan ere, Downen sindromea dute biek. Pertsonaia ezagun anitzekin elkartu, eta haiekin egiten dituzten jarduerak izango dira ikusgai astelehenero.
Lau programa grabatu dituzue. Zer moduzkoa izan da esperientzia?
IÑIGO HERMOSO: Niri izugarri gustatu zait esperientzia. Asko gustatuko litzaidake jendeak programa ikustea.
URTZI URRUTIA: Niri ere asko gustatu zait den-dena. Antzeko gauza gehiago egitea ere asko gustatuko litzaidake, egia esan. Programarekin leku gehiago bisitatzea; adibidez, Madril.
Gustura sentitu zarete ezagutu duzuen jendearekin?
I.H.: Ezagutu dugun jende famatuaren artean, nik bi nabarmenduko nituzke: Fito Cabrales musikaria eta Karlos Argiñano sukaldaria. Izan ere, Argiñano oso trebea da sukaldean. Asko gustatu zait harekin sukaldean aritzea.
U.U.: Ni denekin oso ongi sentitu naiz, eta, Iñigok esan duen bezala, ni ere Argiñanorekin oso gustura egon naiz. Gainera, aspaldi ezagutzeko aukera izan nuen, nire aitarekin batera. Hortaz, bigarren aldiz ikusi dut. Bestalde, kirolaren inguruko programako jarduera batekin ere asko gozatu dut: arraunarekin. Asko gustatzen zait arraun egitea. Saiorako, Zumaiako arraun taldeko neskekin batera egin dugu arraun.
Zer moduz moldatzen zarete kameren aurrean?
I.H.: Ba, ni, egia esan, ohituta nago jada kameren aurrean ibiltzen. Beraz, primeran.
U.U.: Ni ere ohituta nago. Dantza taldearekin atera nintzen behin telebistan. Baita Tele5n ere, McDonaldsen lan egiten nuenean. ETB2n ere atera nintzen aspaldi, Athletici buruzko saio batean. Orain, programa honekin, pixka bat ospetsu bilakatu naiz, nolabait.
Pertsona askorekin aritu zarete programa grabatzen. Harreman ona daukazue beste lankideekin?
I.H.: Bai, oso harreman ona daukagu zuzendariarekin eta beste langileekin.
U.U.: Hori da. Oso gustura egon gara lankide guztiekin.
Athleticzalea zara zu, Iñigo. Urtzi, berriz, Realzalea, ezta? Eztabaida ugari izaten dituzue futbolaren inguruan?
I.H.: Bai, niri asko gustatzen zait futbola. Athletic txikitatik izan dut maite, eta haien elastiko ugari eduki ditut. Jokalariekin ere konfiantza dut.
U.U.: Bai, batzuetan eztabaidak izaten ditugu, baina ez asko.
Saio batean, parapentean zoaztela ikusiko da. Hasieratik azaldu zineten hori egiteko prest?
I.H.: Parapentean hegan egiteko proposamena egin ziguten hasieran. Ni bota nintzen lehena, eta asko gozatu nuen esperientzia horrekin. Badakit pertsona bakoitza desberdina dela, baina nik, adibidez, gustura egin nuen.
U.U.: Niri hasieran beldur pixka bat ematen zidan, baina esperientzia polita izan da.
Gustatuko litzaizueke etorkizunean horrelako telebista programa gehiago egin ahal izatea?
I.H.: Bai, ondo legoke, esperientzia gehiago hartzeko, eta ikusleek ikus dezaten Urtzik eta biok jarraitu dugun prozesu osoa. Horrela, denek ikusiko dute Urtzik eta biok Downen sindromea eduki arren hori ez dela istripu bat; umea horrela jaiotzen da, ez dago besterik.
U.U.: Iñigok arrazoi du. Pertsona bakoitza desberdina da. Downen sindromearen fundazioarekin egiten ditugun gauzak ez dira zaletasun hutsak: niretzat, etorkizuna da. Ni, telebistan ateratzen naizenean, berdin zait zein kate izan, pozik jartzen naiz, eta hori da gizarteari eskatzen diodana. Niri izugarri gustatuko litzaidake telebistan jarraitzea, bai. Ez bakarrik Downtown-en, baizik eta beste motatako programetan.
Zein izan da programaren momentu onena?
I.H.: Niri parapentean hegan egitea gustatu zait asko, eta ez litzaidake inportako berriro egitea, eta baita zaldiekin ibiltzea ere.
U.U.: Niretzat, zaldiekin ibiltzea izan da unerik onena.
Urtzi Urrutia eta Iñigo Hermoso. 'Downtown' saioko kideak
«Bestelako saio gehiago egin nahiko genituzke»
ETB2 kateak bihar estreinatuko du 'Downtown' saioa, 22:25ean. Musikaren, sukaldaritzaren eta kirolaren inguruan duten grina erakutsiko dute Urrutia eta Hermoso aurkezleek, batetik bestera ibilita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu