Euskal Herria Irulegiko Eskuarekin txundituta zegoen bitartean, Jonek beste misterio bat zuen argitzeko: ama non dagoen. Iratxe Malkorra da Joneren ama, Irulegiko Eskua aurkitu zuena, baina desagertu egin da. Alabak podcast batean grabatuko du ikerketa. Hau da, podcast bat fikziozko lan baten barne. Abiapuntu hori du Ahalaken fikziozko podcastaren istorioak. Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute gaur, eta lehen minutuak 50 ikaslek ere entzun ahal izan dituzte. Ikus-entzunezkoaren zortzi atalak, osorik, entzungai dira gaurtik EITBren Guau plataforman.
Xabi Paiak eta Aitzol Barandiaranek sortu dute Ahalaken proiektua, EITBLab laborategiaren deiari erantzunez —#10garrena fikziozko podcasta ere sortu zuten biek EITBrentzat—. Joli Pascualenak egin ditu zuzendari lanak, eta ekoizpena Arteman komunikazioak egin du.
«Hau Da Vinci kodea da, baina euskararen jatorriaren inguruan», egin du alderaketa Paiak. Iragarri du hiru modutara jaso daitekeela Ahalaken: «Edonon entzun daiteke, Guaun eta plataforma guztietan baitago; bestetik, entzuleak esango du: 'Hara! Xabier Leteren kantak hori esaten du!', eta piztuko zaio gogoa beste nonbait bilaketa egiteko; gainera, atal bakoitza leku batean gertatzen da». Bigarren atalean, kasurako, [Donostiako] San Telmo museoa agertzen da, eta ez da kasualitatea aurkezpena bertan egin izana. Ekitaldiaren aurkezpena Iker Huitzik egin du, eta, hain justu, museoaren gidariaren rola antzeztu du lanaren bigarren atalean.

Pertsonaiei ahotsa jartzen, besteak beste, Jone Laspiur, Itziar Atienza, Jon Olivares eta Aritz Mendiola aritu dira. Baita Edurne Azkarate, Mikel Laskurain, Asier Hormaza, Joseba Apaolaza eta Mikel Losada ere. Mattin Aiestaran Irulegiko indusketako arkeologoak ere jarri du ahotsa atal batean.
Pello Zabalaren ahotsa
Paiak esan duenez, fikziozko ikus-entzunezko berriak badu adimen artifiziala. «Baina badu inteligentzia naturala ere, lantalde zoragarri bat». Thriller baten bitartez gogoeta ere piztu nahi dutela aipatu du sortzaileak. «Kultura batek jolasteko ere izan behar du, eta atzera begiratzeko. Ez da kontrakulturarik egongo kulturarik ez baldin badago. Sail honek errepasatu egiten ditu gure kulturaren behi sakratu asko».

Lanaren ahots deigarrienetakoa Pello Zabalarena da —2022ko otsailaren 2an hil zen frantziskotarra—. Adimen artifizialaren bitartez, klonatu egin dute haren ahotsa, istorioaren mesedetan. Sendiaren eta Elizako haren lagunen baimena jaso du EITBk. «Pello Zabala gakoa da thriller honetan», iragarri du Paiak. «En nombre de la rosa filma hartu, eraman Arantzazuko santutegira, eta imajinatu ezazue horren euskal bertsio bat». Azken helburua zein da? Paiaren erantzuna: «Euskalduntasunaren inguruan gogoeta egitea». Entretenituz, bide batez.
Adimen artifizialak sortutako bideoak
Adimen artifiziala ez da Zabalaren ahotsetara mugatu. Atal bakoitzarekin, adimen artifizialak sortutako bideo bat zabalduko dute sare sozialetan. Atal baten bideo laburra proiektatu dute aurkezpenean, eta atzerriko akziozko fikzio lan baten trazak zituen. Bideo labur horiekin film labur bat osatuko dute, zortzi ataletakoak bilduta. Guau plataforman ikusi ahalko da.
Hezur-haragizko hiru aktore ere izan dira aurkezpenean. Jone Laspiurrentzat lehen esperientzia izan da soilik ahotsarekin lan egiten. «Bakarka geunden estudio batean, Joli Pascualena zuzendaria eta Iñigo Etxarri soinu teknikaria han zeudela, eta oso desberdina izan da niretzat». Abentura batetik bestera ibiliko da Laspiurren pertsonaia. Haren ama Iratxe Malkorra izango da Itziar Atienza. «Zoragarria izan da Malkorraren pertsonaiari ahotsa jartzea». Jon Olivaresek, berriz, taxista antzeztuko du, Jone protagonistak topatuko duen «bidelagun berezia». Laspiurrek aipatu du arrisku egoerak gertatzen direla ataletan, eta egoera horietan ahotsa «moldatu» behar izaten dela. «Pertsonaia bizitzen ari denera egokitu».

Maite Goñi EITBko Irrati eta Audioko zuzendariak aipatu du lehendik prest zutela Ahalaken, baina egokitzat jo dutela Euskaraldiaren testuinguruan aurkeztea. «Nazioarteko produkzioen mailan jarri nahi genuen, eta osagai ugari biltzen ditu. Museoen presentzia ere garrantzitsua da lan honetan: herri fikzioa egin nahi dugu, gure herria erakutsi». Hain zuzen ere, hainbat museotan QR bidez emango diote jarraipena Ahalaken-en kontakizunari.
Aurkezpenaren amaieran, Pascualenak eta Huitzik laneko Ahalaken kanta nagusia abestu dute.