Orain hamar urte jarri zuen martxan Goienak Interneteko ataria. Sareak eta teknologia berriek informazioa jasotzeko modua aldatu dute, eta komunikazio talde horrek hasieratik heldu dio erronka horri. Hamar urteren ondoren, atzo Arrasateko Kulturaten (Gipuzkoa) aurkeztu zutenatari berritua. Erabiltzaileei garrantzi handiagoa eman, eta parte hartzea gehiago sustatuko du atariak. Dagoeneko martxan jarri dute.
Tokikom tokiko hedabideen topaguneak eskainitako plataforma erabili dute. Berrikuntza nagusia da erabiltzaileen parte hartzea gehiago sustatuko dutela. «Herritarrekin batera egin nahi dugu webgunearen zati garrantzitsu bat», azaldu du Iban Arantzabal Goienako zuzendariak.
Beraz, erabiltzaileen komunitateari indar handiagoa emango diote. Egitasmoak harrera ona izan duela dio zuzendariak. «Komunitateko partaide bilakatzen hasi da jendea dagoeneko». Atarian parte hartzeko, profila sortu beharko du erabiltzaileak. «Twitterretik edo Facebooketik sor daiteke». Atariaren eskuineko zutabean irakur daitezke erabiltzaileek egindako ekarpenak.
Blogak ere nabarmendu dituzte. Lehendik ere bazuten blog komunitatea. «Orain, herriz herri dabil gure kazetari bat blogen kontuarekin, eta hainbat blog berri edukiko ditugu». Esaterako, 1 Formulako blog bat dute prest. «1 Formulan lan egin duen pertsona batek egingo du, euskara hutsean». Horrelako «informazio bereziak» balio erantsia ematen diote atariari, Arantzabalen esanetan. «Blogen bitartez, informazio horiek lekua topatzen dute. Horrelako edukiak interesgarriak direnean, eta kazetariak ikusten badu albiste izan litezkeela, gure azalera ekarriko ditugu».
Debagoieneko merkataritza indartzeko bidea emango du atariak. Modu horretan, denda txikiei «garrantzi handiagoa» emango diete. Telefono gida osoa goiena.net-en jarriko dute. «Dendariek euren orriak eduki ahal izango dituzte hor bertan. Batzuk badaude dagoeneko». Bestetik, Debagoieneko denda txikiekin batera beste webgune bat abiarazi dute: aurreztu.com. Egunero-egunero produktu bat eskainiko dute leiho batean, deskontu handi batekin.
Data berezia
Goienaren Interneterako jauziaren urteurrenak bat egin du Arrasate Pressen 25. urtemugarekin. «Gertaera horiek kontuan hartuta, pentsatu dugu une egokia zela plataforma berrira jauzi egiteko», dio Arantzabalek.
Tokikomeko plataformarekin, tokiko beste hedabideekin elkarlan sarea osatuko dute. «Esaterako, Tolosaldeko Atariarekin». Beste hainbat tokitako hedabideek ere atari berrituak izango dituzte aurki.
Azken hamar urtetan Goiena komunikazio taldean ataria «ardatz» bilakatu da. Nahiz eta telebistak eta paperak «indar handiagoa eduki», lehentasunezkotzat dute sarea. «Audientzia altuagoak dituzte telebistak eta paperak, masiboagoak dira». Halere, Interneteko edukiak dira audientzietan goranzko joera duten bakarrak. «Are gehiago orain, tablet eta telefonoekin. Geroz eta sarrera gehiago datoz gailu mugikorretatik».
Euskarri askotan lan egiten dute Goienan, eta, horrek, edukiak modu askotan lantzeko aukera ematen diete. «Gure eginkizuna gure bezeroentzako eduki interesgarriak sortzea da, gero hori ahal den euskarri gehienetan emateko». Sareak gainera, euskarri guztiak uztartzeko aukera ematen die.
Komunikazioa
Goienaren atari berritua martxan jarri dute, hamargarren urteurrenean
Ataria komunikazio taldeko hedabideen ardatza izango da, eta erabiltzaileen parte hartzea sustatuko du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu