Oinez ibiltzea nahikoa ez, eta azken urteotan gero eta gehiagok gozatzen dute mendiaz, bizikletan eta korrika. Biak ala biak uztartuta, mendiko duatloien zirkuitua osatu zuten 2011n Juan Zubiak eta beste hainbat lagunek. Hirugarren urtea dute aurten, eta partaidez nahiz probaz «gainezka» omen daude. Mendiko duatloiei etorkizun oparoa ikusten diote gurean.
«Lehenengo bilerara neuk baino ez nituen papera eta bolaluma eraman, eta horregatik daukat ordutik nolabaiteko arduradun kargua taldean». Barre artean azaldu du Juan Zubiak Mendi Duatloia taldea nola sortu zen. Irakaslea lanbidez eta kirolari sutsua zaletasunez. Zubiak urteak zeramatzan lagunekin mendiko bizikletan eta mendi lasterketetan parte hartzen, eta zaletasun horretatik sortu zen Euskal Herriko mendi duatloi zirkuitua, 2010ean. «Ez genekien zer egin, baina argi geneukan herrian, Ibarran, zerbait antolatu nahi genuela mendian: maratoi bat, bizikleta proba bat... Eta halaxe bururatu zitzaigun, biak uztartu eta mendi duatloia antolatzea», azaldu du. Haien asmoak berehala izan zuen oihartzuna inguruko herrietan, eta, ezustean, zortzi probako zirkuitua osatu zuten. «Arriarandik deitu ziguten lehenengo, Amasatik ondoren, eta Zubietatik ere bai. Eurek ere mendiko duatloiak antolatu nahi zituztela esan ziguten eta, pixkanaka, elkarlanean, zortzi probako zirkuitu txiki bat prestatu genuen 2011rako».
Ilusioa zuten akuilu, eta lan handia izanagatik, gogotsu ekin zioten erronka berriari. Lasterketa askotan ibilitakoak ziren, bizikletan nahiz korrika, eta argi zeukaten «partaideei eta antolatzaileei laguntzea» izango zela euren helburu nagusia. «Federazio batek egiten duen lana egiten dugula uste dut, antolatzaileei eta korrikalariei laguntzen diegulako», azaldu du Zubiak.
Baliabideak eta prezioak
Izan ere, mendi duatloi bat antolatzeko azpiegitura handia behar da, eta Mendi Duatloia taldeak proba bat antolatzeko behar diren baliabide guztiak eskaintzen ditu: aseguruen kudeaketa, informazioa webgunean, boxeak, izena emateko orriak, kronometroak, etab.
Horrez gain, lasterkariei ere erraztasunak ematen saiatzen dira; prezioetan, esaterako. «Gaur egun, ia kirol guztietan eskatzen da federatuta egotea, eta probak asko garestitzen dira horren ondorioz. Guk ez diegu korrikalariei halakorik eskatzen, aseguruak kontratatzen ditugu, eta kito. Eta, hala, izena emateko prezioa ere arrazoizkoagoa dela uste dugu», azaldu du. Mendi lasterketa askotan 40 euroraino ere ordaindu behar izaten dute partaideek, eta errepideko duatloietan ere antzekoa da prezioa. Eta horri guztiari federatzeko urteko lizentzia gehitu behar zaio, 40-50 bat eurokoa. Batez beste, 15 bat euro kostatzen da gaur egun zirkuituko proba batean parte hartzea.
Horrela hasi ziren, eta Zubiaren eta lagunen hasierako «estrategiak» arrakasta izan duela: zortzi probarekin hasi zuten bidea, 2011n, eta hamahiru proba dauzka aurten Euskal Herriko zirkuituak. «Oso pozik gaude, gero eta herri gehiagotan ari direlako mendiko duatloiak antolatzen eta gero eta korrikalari gehiagok parte hartzen dutelako», azaldu du. Hamahiru asteburutan segidan probaren bat izatea, ordea, «gehiegitxo» delakoan, kezkatuta daude, eta datorren urterako guztia nola kudeatu pentsatzen ari dira.
«Udazkenean ez ezik, udaberrian ere zirkuitu bat egitea pentsatu dugu, irailetik abendura oso denbora gutxi daukagulako antolatu nahi diren lasterketa guztiak egiteko». Udaberrian, baina, errepideko duatloien eta ziklokrosaren garaia izaten da eta, beraz, ez dakite zertan geratuko den asmoa, ez dietelako gainerako kirol horiei «enbarazu» egin nahi.
Errepidetik mendira
Gero eta lasterketa gehiago, eta gero eta korrikalari gehiago. Zubiak aitortu du bizikletan eta korrika errepidean aritu izan diren asko eta asko mendira ari direla pasatzen, haren ustez, mendiko probetan denbora kontrolatzea ez delako horren erraza: «Errepidean, bizikletan nahiz korrika, beti goaz erlojuari begira, abiadura zorrotz zaintzen, eta helburua lortzen ez baduzu, frustrazioa sor daiteke. Mendian ez da horren erraza erlojuaren mende ibiltzea, ibilbideak asko baldintzatzen duelako erritmoa, eta, askotan, sentsazioek gidatuta aritu behar duzulako».
Ildo horretan, bereziki nabarmendu du mendiko duatloietan «oso giro ona eta herrikoia» izaten dela, eta askotariko ibilbideak antolatzen saiatzen direla, edonork parte har dezan. «Giroa paregabea da mendiko duatloietan. Igandeko proban, esaterako, lehenengo zihoan mutila erori egin zen eta atzetik zetozen bost korrikalari hari laguntzen geratu ziren. Halakorik nik behintzat ez dut beste inon ikusi», dio, hunkituta. Emakumeei ere bereziki dei egin nahi diete Mendi Duatloia taldekoek, «gainerako kiroletan bezala, mendiko duatloietan ere oso gutxi direlako», oraindik.
Zubiak azaldu duenez, hurrengo mendi duatloia aproposa da kirol hau probatu nahi dutenentzat, proba laburra eta luzea izango direlako aukeran,Mallabian (Bizkaia), larunbatean, 15:00etan.
Korrika eta pedal kolpeka
Irailaren 6tik martxan da 2014ko Euskal Herriko mendiko duatloien zirkuitua. Hamahiru probak osatzen dute aurtengo egutegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu