Mendi ibilaldia

Lekandako igoera, Saldropo hezegunetik abiatuta

Beste bide batetik joango gara Arrabako larrera, Gorbeia iparraldera, eta handik ekingo diogu Itxina inguru liluragarriko Lekandako gailur panoramikora (1.309 m) igotzeko bideari.

Lekanda mendia
Lekanda, Aginaldeko larretik. GORKA LOPEZ
Bizkaiko ibilbidea. Lekanda
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Saldropo, Atxuri, Aldimañapeko pista, Lapurzulo muinoa, Lekanda
  • Distantzia: 19,2 km (920 m+)
  • Iraupena: 5 ordu eta 55 minutu
  • Ingurunea: Gorbeialdea, Itxina
  • Estekak: LEKANDA
2025eko maiatzaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ibilbidean garrantzizko mugarri asko aurkituko ditugu, bai naturari erreparatuta, bai mendizaletasuna kontuan hartuta, eta bai paisaia aldetik. Ikusi besterik ez dago: Saldropo, Atxuri, Gorbeia, Aldamin, Arrabako larrea eta Itxinaren harrizko sendotasuna. Eta, gainera, horra hor gailurrean izango dugun ikuspegi zoragarria.

Atxuriko harrizko ataka aldera

Saldroporaino iristeko, Barazar mendatetik abiatzen den bide asfaltatutik joango gara. Askaldegien arteko aparkalekuan gaudela, ezkerreko lerroa albora utzi, eta aurrera egingo dugu bidea bitan banatu arte; orduan, ezkerrekotik joko dugu: GR12 eta GR282 ibilbideekin lotutakoa da bide bat, eta Atxuri du helmuga. Zuhaiztiaren gainetik, hantxe begiztatuko dugu Gorbeiako gailur harroa; haren ondoan, Aldamingo pareta, koskaz betea.

Bidetik oinez goazela, ezkerretara utziko dugu Saldropo hezegunea, eta, bidea bitan banatzean, eskuinetara jo eta hortik segituko dugu, erreka gaineko pasabidea igaro, eta aurrera egingo dugu alertze eta izei artean. Aurrerago, haztegi bateko izeidi bat zeharkatutakoan, bidea bitan banatuko da berriz. Ezkerrekotik joango gara, eta, nahiz eta GR ibilbideen barruan ibili, ez dugu seinalerik ikusiko. Bidexka batean sartuko gara, aurrera egin baso misto batean barrena, eta igotzen hasiko gara, aurreko mazelan gora.

Partez soildutako gain batera iritsiko gara, eta zutoin bateko kartelak adieraziko digu Atxuri aldera joateko, ezkerretara jota. Eta halaxe da, baina erne: bidea ez da argi eta garbi ikusten, eta, hamabost metro egindakoan, eskuinetara jo behar da, arbola bateko seinalea ikusi, konifero artean pasatu, eta garbiago ikusten den bidexka bati segitu. Hala egin ezean, mazela oihantsua zeharka gurutzatzen duen zidorrean sartuko gara, harik eta arbola erori batzuek bidea trabatuko diguten arte.

Bide onak sigi-saga pare bat egiten ditu mazelan, eta bidezidor batera iristen da. Zidorra estua da, eta bihurgunetsua; hezetasuna baldin badago, lokaztuta egoten da, baina erraz asko igo daiteke harrizko maila batzuetaraino, Atxuriko paisaia harritsuaren atari moduko batean. Atxurin, ikuspegi bikainak izango ditugu Anboto eta Bizkaiaren barnealdea begiztatzeko. Hura zeharkatu eta gero, bidexka estu batetik segituko dugu, eta beste maila batzuetatik Atxuriko erlaitzera eta laugune zabalera iritsi.

Arrabako larre aldera

Eskuinetara jo, eta erlaitzetik segituko dugu irtengune batera iritsi arte; han, eskuinetik inguratu irtengunea, eta zeharka jaitsiko gara konifero multzo baten parean dagoen larrera. Gorbeiaren soslaia ezkerretara utzita, aurrera egingo dugu xuxen-xuxen, Aldamingo hegaletan barreiatutako bordak ikusteko moduan. Behe-beheko borda txikitxoa ezkerretara utzita, ehun bat metrora, aurrera egingo dugu ukuilu batera hurbildu arte; ezkerreko larrera jo, eta pista batera aterako gara, ezkerretik. Handik, Aldamiñapeko bordetara igoko gara.

Hirugarren eraikinaren beheko aldean, bidea bitan banatzean eskuinetara joko dugu, larre batera iritsi, eta, seinale batzuei kasu eginez, GR12 aldera egingo dugu, eskuinaldera, Egiriñao aldera. Borda bateraino jaitsi, eta haren ezkerraldean bidezidor bat ikusiko dugu: hari segika, diagonalean joango gara Aldamingo mazelan, Lapurzulo pasabideraino iritsi arte. Han, eskuinetara egingo dugu, eta Gaztarrieta inguratzen duen bidexkari lotu, Gorbeia atzean utzita. Handik jaitsiko gara Arrabako larrera.

Lekandan gora

Arrabako aterpea 200 bat metro ezkerretara utzita, harako pistan sartuko gara, baina beste aldera, eskuinetik. Bide horretatik ehun bat metro egin, eta atera egingo gara, ezkerreko larrea gurutzatu, plubiometro zahar bat duen haitz baten azpitik pasatu, eta zuzen segituko dugu aurreko mazelaraino. Goraka hastean, eskuinetara jo eta mugarriz markatutako igarobide batetik joko dugu, Itxinara sartzeko modua ematen du eta. Sakonune txiki bat inguratu eta gero, eskuinetara egingo dugu, eta gora egingo dugu aldapa harritsu batzuetan: azken aldapa bukatutakoan, Lekandako gailurreko buzoia ikusiko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.