"Denak salbu daude". Hitz horiekin, SMH Itsas Salbamendu Humanitarioak jakinarazi du Aita Mari erreskate ontziak Italiako Gobernuaren ardurapeko ferry batean utzi dituela aste honetan Mediterraneoan erreskatatu dituen 34 migratzaileak. Atzo jaso zuen toki seguru batean uzteko baimena. "Muturreko egoeran" ziren, eta lehorreratzeko baimena eskatu zieten, eta baimena atzo iritsi zen: ferry batean uzteko, Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak bart gauean jakinarazi duenez. Paola de Micheli Italiako Garraio ministroak eman du baimena.
#AitaMari. The transfer finish. All save. Thanks everyone for the support.#AitaMari. Hemos finalizado el transfer de todos los recatados. Todos a salvo. Gracias a todos por el apoyo.#SMH#MAYDAYTERRANEO#safepassagepic.twitter.com/kBl1PhTcSp
— SMH (@smhumanitario) April 19, 2020
Aita Mari Lampedusatik Sizilia mendebaldera joan da, Italiak aginduta, eta Palermo inguruetan dago. Datozen orduetan utziko ditu migratzaileak ferry horretan, eta litekeena da lehen egunetan berrogeialdian egotea, koronabirusagatik. Aita Mari-ren eskifaiako kideen artean ez dago medikurik; erreskaterako deia jaso zutenean, haien asmoa Pasaiara (Gipuzkoa) itzultzea zen, eta, hori dela eta, gutxieneko eskifaiarekin doaz.
"Aita Mari-n doazen pertsonei emandako erantzuna eskertu nahi dugu, haien osasuna okertzen ari baitzen. Maltak utzikeriaz jokatu du salbamendua eta laguntza ematerakoan, eta bi egunez utzi zituen itsasoan noraezean gu iritsi arte", esan du Iñigo Mijangos Itsas Salbamendu Humanitarioko presidenteak. Italiako salbamendu taldeen jarrera ere eskertu du. GKEak gaineratu du Alan Kurdi ontziak ere jaso duela baimena daramatzan 145 migratzaileak beste ontzi batean uzteko.