'Aita Mari'-k jasotako hiru lagun Lampedusara eraman dituzte

Beste 40 daramatzate ontzian, eta portu segururen batera joateko baimenaren zain jarraitzen dute.

'Aita Mari' ontzikoak, itsasoan erreskatatutako migartzaile batzuk porturatzen, iazko azaroan. FRANCESCO RUTA / EFE
2020ko apirilaren 15a
10:40
Entzun

Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak astelehenean erreskatatu zituen Mediterraneoan noraezean zeuden 43 pertsona. Maltara joatea zen eskifaiaren asmoa, baina salatu zuten herrialde horrek ez ziela porturatzeko baimenik ematen.

Ontzian zihoazen hiru lagun, familia berekoak, Lampedusan porturatzea ahalbidetu dute Italiako agintariek, GKEak berak jakinarazi duenez. Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, eskerrak eman dizkiete Italiako osasun zerbitzuei, ematen ari zaizkien laguntzagatik. Beste 40 migratzailek jarraitzen dute ontzian, herrialderen batek kai segururen batera joateko baimena eman arte.

Daniel Rivas GKEaren kideak azaldu du errefuxiatuak ondo daudela. Maltak porturatzea ukatu eta gero jo zuten Lampedusarantz, baina ez soilik horregatik; Alarm Phone migratzaileentzako laguntza zerbitzuaren arabera, 55 errefuxiatu daramatzan ontzi batek lauzpabost egun daramatza noraezean, eta Lampedusa inguruan dago. Rivasen esanetan, uhartetik 33 bat itsas miliara dago. «Saiatu gara topatzen, baina ez dugu lortu». Aita Mari-k 140 bat lagunentzako tokia du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.