Maltak 43 migratzaile porturatzea ukatu dio 'Aita Mari' itsasontziari

Erreskatatutakoak osasunez ondo daude, «oraingoz». Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEaren ontzia itsasoan noraezean dauden 55 migratzaile topatzeko ahaleginean ari da, Lampedusa aldean

Aita Mari itsasontziak herenegun erreskatatutako migratzaileetako batzuk. ITSAS SALBAMENDU HUMANITARIOA.
Igor Susaeta.
2020ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Maltako Gobernuaren beraren baimenarekin, Itsas Salbamendu Humanitarioa GKE gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari itsasontziak 43 migratzaile erreskatatu zituen, herenegun. Baina etorkin horiek bere kostaldean porturatzeko baimena ukatu dio Maltak GKEari, idatziz. «Gainera, migratzaileak beste ontzi batera lekualdatu eta portu seguru batera eramateko baimena ere ukatu digu. Malta da egoeraren legezko erantzulea, berak koordinatu baitzuen erreskatea», azaldu du Daniel Rivas GKEaren kideak. Hau da, Maltak ez diola Aita Mari-ri inongo irtenbiderik ematen.

Rivasek argitu du errefuxiatuak ondo daudela, eta, «oraingoz», ez dagoela inor osasun arrazoiengatik ebakuatzeko beharrik. Maltak herenegun agindu zien mediku bat bidaliko zuela, helikopteroz, ontziaren tokira. Eta bidali zuen, baina, zailtasun teknikoak zirela medio, helikopteroak ezin izan zuen lur hartu, eta, hortaz, ez diete osasun azterketarik egin etorkinei. Aita Mari-ren eskifaiako kideen artean ez dago medikurik; haien asmoa Pasaiara (Gipuzkoa) itzultzea zen, eta, hori dela eta, gutxieneko eskifaia darama.

Oraintxe bertan Itsas Salbamendu Humanitarioaren ontzia da Mediterraneo itsasoan erreskate lanetan dabilen bakarra. Maltak erreskatatutako migratzaileak porturatzea ukatu dionez, Lampedusa uharterantz (Italia) jo du. «Ea Italiak erreakzionatzenduen eta porturatzen uzten digun». Baina Italia ere ezezkoan dago, COVID-19ak eragindako krisia dela eta. EBko herrialde bakar batek ere ez du auziari buruzko adierazpenik egin.

Badago beste arrazoi bat Lampedusarantz jotzeko. Alarm Phone migratzaileentzako laguntza zerbitzuaren arabera, 55 errefuxiatu daramatzan ontzi batek lauzpabost egun daramatza noraezean, eta Lampedusa inguruan dago. Rivasen esanetan, uhartetik 33 bat itsas miliara dago. «Saiatu gara topatzen, baina ez dugu lortu». Aita Mari-k 140 bat lagunentzako tokia du.

Alarm Phonek salatu duenez, Portugalgo bandera duen merkantzia ontzi bat migratzaileen ontzitik gertu igaro zen atzo, eta, haiek erreskatatzeko agindua jaso arren, ez zuen egin. Rivas: «Ez dakigu zer gertatu zen, zehazki, baina paso egin zuela dirudi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.