'Aita Mari' ontziak 112 pertsona erreskatatu ditu

Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, hemeretzi adingabe daude erreskatatuen artean.

Erreskatearen une bat. DAVID APARICIO
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urriaren 30a
11:23
Entzun

Aita Mari ontziak 112 pertsona erreskatatu zituen herenegun iluntzean Mediterraneo itsasoan, erdialdeko ibilbidean. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, bi erreskate egin zituzten. Gaur eguerdian lehorreratzekoak dira Reggio di Calabrian (Italia). Erreskatatu guztiak «ondo» daude, baina ahul eta zorabiatuta daude, eta hipotermia sintomak ere badituzte. Erreskatatuen artean hemeretzi adingabeak dira, horietako sei 0 eta 3 urte bitarteko haurtxoak eta hiru 3 eta 12 urte bitarteko umeak.

Tripulazioko kideek azaldu dutenez, herenegun arratsaldean nabigatzen ari zirela egurrezko txalupa bat ikusi zuten, eta laguntzera joan ziren. Bertan zeuden 55 lagunak erreskatatu zituzten. Erreskate hura egiten ari zirela, abisu bat jaso zuten esateko inguruan beste txalupa bat zegoela noraezean. Bertara joatea erabaki zuten. Itxaso txarra zegoen, eta erreskatea «konplikatu xamarra» izan bazen ere, lortu zuten 57 pertsona salbatzea.

Horrelakorik ez gertatzeko, berriro ere, pasabide seguruak eskatu dituzte migratzaileentzat: «Inork ez luke bere bizitza itsasoan arriskuan jarriko legezkoak eta seguruak diren pasabideak jarriz gero, eta behartuta egongo ez balira tokialdatzera».

Hamabost egunean bigarrena

Ez da Aita Mari ontziak azken egunetan egin duen erreskate bakarra. Orain bi aste, urriaren 13an, 69 lagun erreskatatu zituzten. Italiako Gobernuak Napolin porturatzeko agindu zien, nahiz eta hasieran Genovara bideratu nahi zituen, erreskatea egin zuten lekutik 965 kilometrora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.