Migrazioak

'Aita Mari' ontziak 93 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoan

Erreskatatutakoen artean 37 adingabe daude, eta haurdun dauden hiru emakumezko

jarraia177281.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 10a
17:05
Entzun

Aita Mari itsasontziak 93 lagun erreskatatu zituen atzo Mediterraneo erdigunean, eta eskifaiako kideek jakinarazi zuten denak ondo daudela. Erreskatatutako pertsonen artean 37 adingabe daude, eta haurdun dauden hiru emakume; ordu asko zeramatzaten itsasoan, aski «prekarioa» zen txalupa batean. Portu seguru batean sartzeko baimena lortzeko zain daude orain itsasontziko arduradunak.

Urtarrilaren 30ean atera zen ontzia erreskate lanetara, Atenastik. Iazko azaroaren 22an, beste 78 lagun erreskatatu zituen, eta, handik egun batzuetara, Siziliako Pozzalloko portuan lehorreratu zen. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak kudeatzen du ontzia; garai batean atunontzi bat zen, eta, egun, prestatuta dago erreskate lanetarako. Ontziko buruzagiek aurreko erreskatea bukatu eta berehala azaldu zuten jardunean jarraitzeko asmoa. Eta Euskal Herrira ez itzultzea erabaki zuten; Espainiako agintariek itsasoratu ahal izateko eman zieten baimenean ez du propio jartzen erreskateak egin ditzaketenik, eta ez dute bueltatu nahi Espainiako administrazioaren peko kai batera, gero berriz itsasoratzeko arazoak izan ditzaketelakoan. Onartu dute, hala ere, Espainiako Gobernuak ez diela inolako isunik edo ondoriorik ezarri azaroan egin zuten erreskatearen harira.

Gobernuz kanpoko erakundeko arduradunek, erreskate berri honen harira, gogora ekarri dute inguruan portu seguruak Italian eta Maltan soilik daudela; usu adierazi dute ez dutela aintzat hartuko Libiara joateko hautua, errefuxiatuen eskubideak babesteko oinarrizko eskubideak ez direlako bermatzen bertan. Oroitarazi dute, gainera, Europako Batasuneko buruzagiek bermatu behar luketela Mediterraneoan salbamendurako sistema egoki bat; izan ere, gaur egun eginkizun hori Libiaren ardurapean uzten dela deitoratu dute.

Ontzia berriki itsasoratua zen; izan ere, urtarrilaren 30ean hasitako ibilbidean eten bat egin behar izan zuten Tunisian, denboraleak behartuta.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.