'Aita Mari'-k Sizilian lehorreratuko ditu erreskatatutako 78 migratzaileak

Italiako Gobernuaren baimena jaso du Itsas Salbamendu Humanitarioaren ontziak. Gaur da abiatzekoa Pozzalloko portura, Erromak Catanian ontzi aldaketa bat egiteko biderik eman ezean

Andoni Imaz - Paulo Ostolaza
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Mediterraneoan erreskatatutako 78 pertsona daramatza Itsas Salbamendu Humanitarioa GKE gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak, baina gaurkoa izan liteke migratzaile horien azken eguna itsasoan. Denboralea aurreikusita, jadanik Italiara bidean ziren Italiako Gobernuak lehorreratzeko baimena eman zienerako. GKEak atzo goizaldean eman zuen berria: geldi zeuden, baina bazuten helmuga. Itsasoa baretuz gero, gaur da abiatzekoa Sizilia hegoaldeko Pozzalloko portura.

Itsasontzia ahalik eta azkarrena lehorreratzea komeni da, itsasoaren eta tripulatzaileen egoeragatik. Horregatik, atzo zeuden lekutik gertu —Catania eskualdean— dagoen porturen batera joateko baimena eskatu zioten Italiako Gobernuari. Kostatik sei milia eskasera zeuden atzo goizean, eta lehorreratzeko moduko bi portu daude badia horretan. Ez zuten erantzunik jaso, eta, beraz, gaur lehorreratuko dira ondo bidean; itsasoa baretzea da ezinbesteko baldintza horretarako. Iñigo Gutierrez Aita Mari-ko kideak bideo batean azaldu zuenez, «baikor» zeuden, «guztiak portu seguru batera ahalik eta azkarrena heltzeko gogoz». Migratzaileak ez nahasteko, berria ez zieten berehala eman, baina atzo arratsalderako jakinaren gainean zeuden.

GKEak larunbatean adierazi zuen denborak aurrera egin ahala itsasontzian doazen errefuxiatuen osasun egoera «konplexuagoa» izan daitekeela. Ostegunean egin zuten erreskatea: txalupa batean zihoazen 78 pertsona hartu zituzten ontzian, eta berehala eskatu zuten portu seguru bat. Azken egunetako denboraleak zaildu egin ditu maniobrak, eta zailtasunak izan dituzte migratzaileak seguru eta babestuta edukitzeko. Argi zuten hasieratik Italian edo Maltan behar zutela lehorreratu, ez zirela «inondik inora ere» joango Libiara. Azkenean, Italiako Gobernuak eman die baimena. Ez haiei bakarrik, gainera: Ocean Viking ontziko 213 migratzaileak han lehorreratu dira, eta Open Arms ere bidean da, 62 errefuxiaturekin.

Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterranee GKEena da Ocean Viking ontzia. Iragan asteko asteartean eta asteazkenean hainbat erreskate operazio egin zituzten, eta 125 pertsona hartu. Ostegunean, beste 90, Libiako kostatik 150 kilometrora, nazioarteko urtean. Ostiralean, emakume haurdun bat eta gizon eri bat ebakuatu zituzten, Maltara eramateko.

Open Arms-ek Aita Mari-ren antzeko bidea egin du; hango migratzaileen egoera «kritikoa» da. Ostegun goizaldean 73 errefuxiatu jaso zituzten, eta lehorreratzeko baimena nork emango zain zeuden. Atzo, «premiazko ebakuazio bat» egin zuten, eta 11 pertsona atera zituzten. Itsas Salbamendu Humanitarioak adierazi zuen beste bi ontziekin koordinatuta hartu zutela larunbatean Italiarantz joateko erabakia.

Gutierrezek egun hauetan mediterraneo itsasoan bizitzen ari direnaren berri ere eman zuen atzo ETBko En jake saioan. Haren arabera, migratzaileen itsasontzi askok uko egin diote Europarako bideari ekiteari, denboralearen ondorioz, baina «milia askotako eremuan ez dago erreskate ontzirik, eta informazio falta nabaria da». Ostegunean, adibidez, 94 pertsonako itsasontzi baten bila jardun zuten Aita Mari-k eta Open Arms-ek, baina ez zuten aurkitu. «Litekeena da desagertuta egotea», gehitu zuen Gutierrezek.

Migratzaileak banatzeko

Irailean, Mediterraneoan erreskatatutako pertsonak automatikoki banatzeko akordio bat sinatu zuten Alemaniak, Frantziak, Italiak eta Maltak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo adierazi zuenez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari eskatu zion Espainiak ere bat egin dezala akordio harekin, Aita Mari-ren egoerari irtenbide bat emateko «funtsezko pauso bat» delako, haren ustez. Sanchezek erantzun zion baietz, itunarekin bat egingo dutela, eta Aita Mari-k portu segurua izan dezan negoziatzen ari zela. Irailean, Espainiak ez zuen akordioa sinatu, argudiatuta etorkin gehien jasotzen duen bigarren herrialdea dela Europa hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.