Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, herrialdeko biztanleek dagoeneko eskura dezakete 'COVID-19 ziurtagiri digitala'. Gobernuak gaur bertan jarri du martxan, eta Osasunaren Karpeta Pertsonalaren bidez deskarga daiteke. Digitala izanik, aise gorde daiteke sakelakoan. Gainera, gobernuak jakinarazi du aurki aurrez aurre ere eskatzen ahalko dela ziurtagiria, osasun etxeetako administrazio zerbitzuetan; kasu horietan, nahi izanez gero, paperean ere jasotzen ahalko da inprimakia.
Hain zuzen ere, herritar bakoitzak COVID-19arekiko duen immunitate egoeraren berri ematen du ziurtagiriak. Zehaztuko da herritarrak gaitzaren kontrako txertoaren dosiren bat hartua duen, dagoeneko gaitza igaroa duen edo berriki birusa atzemateko diagnostiko probaren batean emaitza negatiboa izan duen. Hiru baldintzetako bat betez gero, herritarrak aukera izanen du Europako Batasuneko herrialdeetara bidaia egiteko. Uztailaren 1etik aitzina, ziurtagiria Europar Batasun osoan izanen da indarrean.
Informazioa QR kode baten bidez dago emana, eta, gainera, hitzez ere irakur daiteke. Nafarroan, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.