Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza martxoaren 1ean hasi zenEgin egunkaria zenaren dokumentu funtsa Euskadiko Artxibo Historikora eramaten, eta zortzi egunez lanean aritu ostean, amaitu dituzte garraio lanak. Orain, materiala desinfektatu egin behar da ikertzaileek dokumentu-ondare gisa erabili ahal izateko. Apirilean ekingo diote lan horri.
Mikel Aizpuru Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondareko zuzendariak adierazi duenez, Egin-en instalazioak “erabat abandonatuta” zeuden eta, beraz, “funtsen % 40 baino ez dago ikerketa-lanetarako erabiltzeko moduan”. Hain zuzen ere, dokumentu ondarea Artxibo Historikora mugitzeko arrazoia zen "ondare hori zegoen egoera ikusita, kalte konponezina saihestea". Egunotan egiaztatu ahal izan dutenez, materialaren zati batek jasan du kalte hori; hala ere, hainbat dokumentu eta argazki ikertzaileek erabiltzeko moduan daude.
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz itxi zituzten Egin egunkaria eta Egin Irratia, aurten duela hogei urte, eta Jaurlaritzak auzitegi horren baimena jaso ostean hartu du bere gain ondare horren ardura. Urrian eskatu zuten baimena, eta abenduan eman zieten. Jaurlaritzak azaldu duenez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren parte den Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kezka adierazi zuen hedabidearen argazki funtsaren eta dokumentu artxiboaren gainean, eta kezka horretatik abiatu zen agiritegia lekualdatzeko prozesua.