Hezkuntza

'Herenegun' programa aurkeztu du Jaurlaritzak, eskoletan 1960-2018ko aroaz gogoetatzeko

Maite Alonsok azaldu du ikasmaterialen xedea dela ETAk iraun zuen aroari buruzko "pentsamendu kritikoa eta analitikoa" garatzea.

Ezenarro, Alonso eta Fernandez, materialaren aurkezpenean. JON O. URAIN
jon olano
2018ko urriaren 11
12:33
Entzun

Maite Alonso Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak, Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak eta Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariak aurkeztu dituzte 'Herenegun' hezkuntza programaren materialak, Donostian.

Materialak 1960-2018ko aroa jorratuko du; hain justu, ETAren sorreratik erakunde hori desegiterainokoa. "Paraleloan" landu dituzte ETAren historia eta testuinguru soziopolitikoa, Fernandezen hitzetan: "Gizarteak ETA egonda ere aurrera egin zuen, baina baldintzatuta". Haren iritziz, "gertatutakoaz ikasteko" balio behar du materialak, "berriro errepika ez dadin". Horregatik, Fernandezek bi galderatan laburbildu du unitatearen espiritua: "Nola gertatu zen? Hainbeste sufrimendu, zertarako?".

Bost koaderno eta beste hainbeste dokumental prestatu dituzte, eta ikus-entzunezkoen aholkulari gisa aritu dira Mariano Ferrer, Mari Carmen Garmendia eta Juan Pablo Fusi. "Politikatik aldendutako soslaiak" bilatu dituzte, baina "zorrotzak" eta "pluralak".

Orain, Jaurlaritzak talde parlamentarioei, Eskola Kontseiluari eta beste eragile batzuei igorriko die dokumentazioa, ekarpenak egin ditzaten. Asmoa da esperientzia pilotu gisa ezartzea programa, indarrean dagoen ikasturtearen azken hiruhilekoan. Zortzi ikastetxetan egingo dute proba, eta ebaluatu ondoren erabakiko dute hezkuntza sare osora zabaltzen duten. Fernandezek azpimarratu du "berme" gisa ulertu behar dela hori, eta Jaurlaritza prest dagoela materiala "aberasteko". Prestatutako materiala "oso ona" dela uste badu ere ez baitu hura "inposatu" nahi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.