1.000 hildakoen langa (eguneko laburpena)

Guztira 994 pertsona hil dira Euskal Herrian koronabirusarekin gaixotuta, azken orduetan beste 45 lagun gehiago

Maniki bat maskararekin, Iruñeko denda batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Pello Urzelai.
2020ko apirilaren 11
19:00
Entzun

1.000 hildakoen langa gainditzear dago Euskal Herrian. Gaur argitaratutako zenbaketaren arabera, 994 pertsona hil dira koronabirusarekin gaixotuta. 245 Araban, 394 Bizkaian, 117 Gipuzkoan, 227 Nafarroan eta bi Lapurdin. Gaurko zenbaketan, beste 45 hildako gehiago, bezperan baino bat gehiago. Positiboei dagokienez, beste 481 kasu berri atzeman dituzte, bezperan baino hamaika gehiago (guztira, 14.357). Ospitaleratuen kopurua beheraka doa, baina erritmo geldoan. 1.833 pertsona daude ospitaleratuta, bezperan baino 59 gutxiago. Zainketa Intentsiboetarako Unitateetan, 322 pertsona daude oraindik. Munduan, egunez egun, Ameriketako Estatu Batuetako zifrak okerragoak dira. Positibo gehien duen herrialdea da (milioi erdi bat baino gehiago), eta hildako kopuruan Italiarekin parekatu da (18.649 hildako, Italiak baino 202 hildako gutxiago).

Espainiako Gobernuak berretsi du konfinamendu osoa astelehenean amaituko dela (Hego Euskal Herrian, asteartean), eta lanera itzultzen direnentzat prebentzio neurri sorta bat argitaratu du. Halaber, garraio publikoan maskarak banatuko dituela iragarri du. Konfinamendu osoaren amaierari buruzko eztabaidak jarraitzen du. Batetik, erabakiak ez duelako adituen batzordearen onespenik. Bestetik, Italiak maiatzaren 3ra arte luzatu du jarduera ez funtsezkoen geldialdia, nahiz eta zifretan joera hobea izan.

Beste eztabaida puntu bat herri azoken inguruan izan da. Neurri bereziekin bada ere, ohiko azoka egin dute gaur Eibar, Ondarroa, Oñati eta Zarautzen. Eusko Jaurlaritzak debekatu arren, Bergaran, Azpeitian eta Ordizian egiten jarraitzea erabakia zuten udalek, azoken eskumena eurena dela argudiatuta. Baina, eguerdian, Jaurlaritzak atzera egin du, eta azokak baimenduko dituela jakinarazi du

DATUAK: Koronabirusaren azken datuak

MAPA: Koronabirusaren zabalkundea herriz herri eta osasun eremuka

Agian honek ere merezi du

Petrolio gutxiago. Petrolio ekoizpena %23 gutxituko dute, inoizko murrizketa handiena. Petrolio gutxiago behar delako, eta prezioak gehiago amildu ez daitezen. Errusiak eta Saudi Arabiak sinatu zuten akordioa ostiralean eta Amerikako Estatu Batuek eta G20ak ontzat eman dute. Bestalde, gasolidegien zerbitzua murriztuko da, Espainiako Gobernuak baimena emango baitu gasolindegi batzuk ixteko edo haien ordutegia murrizteka, eskariaren jaitsiera dela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.