100.000 lagunek lan itunik gabe jarraitzen dute

Otsailean 9.400 langilek berritu dute hitzarmena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Iker Aranburu.
2015eko martxoaren 30a
14:53
Entzun

Lan Harremanen Kontseiluaren datuen arabera, otsailean pixka bat bizkortu da negoziazio kolektiboa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, oraindik orain hitzarmenak berritzeko erritmoa txikia den arren. Otsailean guztira 23 hitzarmen erregistratu ziren,  9.424 langile euren babesean hartuta. Hala, hitzarmena iraungita duten eta bestelako estaldurarik ez duten langileak lehen 105.265 ziren eta otsailean 99.689, batez ere, iraungita zegoen Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbiketako hitzarmena berritu egin delako.

Iraungita eta berreskuratu gabe dauden hitzarmenek euren eraginpean 99.689 langile hartzen dituzte (%18,2). Haietako 23 Euskal Autonomia Erkidegoan negoziatzen diren sektoreko hitzarmenak dira eta beste hiru Estatuaren eremukoak. 

Zuzenean lan hitzarmenik gabe dauden langileei batu behar zaizkie hitzarmena luzatuta eta berritzeko zain daudenena. Hori da talderik handiena: 2015eko otsaila amaitzean hiru lurraldeetako langileen %55,5 ziren, 304.666 hain zuzen ere. Enpresako 560 hitzarmen daude berritu gabe, eta (416 EAEn negoziatzen dira eta 144 Espainian).  Sektoreko 123 hitzarmen ere egoera berean daude, tartean hiru handienak: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako metalgintzakoak.

Soldata igoera txikiak

Izenpetzen diren lan itunen berezitasun bat da soldata igoera apalak finkatzen dituztela: batez beste %0,68 enpresako hitzarmenetan, eta %0,90 sektorekoak.

Enpleguak, orohar, pixka bat hobera egin du: erregistratutako langabezia %2,9 jaitsi zen eta jakinarazitako kontratuak %20,3 igo. Enplegu erregulazioko espedienteek %58,6 behera egin zuten 2015ko lehen bi urteotan, eta duela urtebete baino %46,2 langile gutxiagori eragiten diete. 

Lan gatazkek ere behera egin zuten. Hala, 2015eko otsailean urte arteko jaitsiera metatua %80,4koa izan zen EAEn lan egin gabeko egunei dagokienez, greba kopuruak %59,5 behera egin zuen eta grebetan parte hartu zuen pertsonak %64,6 jaitsi ziren. Jaitsiera garrantzitsuenak Bizkaian gertatu ziren eta lan gatazkak gutxien jaitsi ziren lurraldea Gipuzkoa izan zen. Precora aurkeztutako gatazken kopuruak ere %44,1 behera egin zuen.

Lan istripuek ere bilakaera positiboa izan zuten; izan ere, istripu arinak %0,4 jaitsi ziren, larriak %22,6 eta hilgarriak %33,3.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.