Andoni Zengotitabengoari 12 urteko espetxe zigorra jarri dio Portugalgo justiziak, han, ETAren biltegi bat antolatu eta 1.500 kilo lehergai gordetzea egotzita. Fiskalak eskatu bezala, terrorismoarekin lotutako delituak egotzi dizkio Caldas da Rainhako Auzitegiak. Talde terroristako kide izatea, legez kanpoko armak edukitzea, agiriak faltsutzea eta ibilgailu bat lapurtzea egotzi diote. Zengotitabengoa behin-behinean zegoen preso 2010eko martxotik Portugalen. Lisboako aireportuan atxilotu zuen Poliziak, ustez Venezuelara ihes egitera zihoala. Zengotitabengoak helegitea jartzeko aukera du.
Urte hartako otsailean Obidos herrian topatutako lehergaien biltegiarekin lotuta epaitu dute Zengotitabengoa, irailaren 13an hasi zen epaiketan. Oier Gomez ere epaitu nahi zuten auzi berean, baina Frantziak ez du hura Portugalen esku utzi. Portugalgo Poliziak dio Gomez Zengotitabengoarekin bizi zela lehergaiak gordetzen zituzten Obidosko etxeanbaina ihes egiten zuela. Frantzian atxilotu zuten apirilean.
Luzatzeko eskaera ukatuta
Epaimahaiak atzo eman zuen Zengotitabengoaren kontrako sententzia. Atzo bertan amaitu zen epaiketa, nahiz eta defentsak lekuko gehiagoren testigantza eraman nahi izan zuen auzitegira. Hamahiru lekuko gehiago deitu nahi zituen defentsak deklaratzera, haien artean, Portugalgo Poliziaren goi kargudun batzuk. Nolanahi ere, epaimahaiaren iritzian ez zegoen justifikatuta haiek deklaratzera deitzea, eta beraz, uko egin zion defentsaren eskaerari. Lekuko horiek «epaiketan zorrotz eztabaidatutako» gertaerei buruz ez daukatela ezer berririk esateko argudiatu zuen.
Abenduaren 12an amaitzekoa zen epaiketa berez, baina luzatzea erabaki zuen epaimahaiak, Fiskaltzak azken ondorioetan akusazioa gogortu zuelako. «Talde terrorista babestea» egotzi zioten, lehenaz gain. Hori hala, erantzuna prestatzeko epea luzatu zien defentsari eta fiskalari. Atzo azaldu zituzten azken ondorio horiek. Akusazioaren tamaina aldatuta defentsarako aukera gehiago behar zituela uste zuen defentsak, eta horregatik eskatu zituen lekuko gehiago.
Zortzi ahozko saio izan ditu epaiketak, eta Portugalen ETAren kontra egiten den aurrena da.
12 urteko zigorra Zengotitabengoari Portugalen
Epaia eman aurretik 13 lekuko gehiagok deklaratzeko eskatu du defentsak, baina tribunalak ez du onartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu