HEZKUNTZA

120 ikastetxetan ez dute egingo Lehen Hezkuntza erdiko proba

Hezkuntza Plataformen Topaguneak eman du oraingoz uko egiteko asmoa agertu duten eskolen datua. Jaurlaritzak esana du “barne proba” denez ikastetxe bakoitzak erabaki behar duela.

Manifestazioa egin dute Portugaleten. @HEZK_TOPAGUNEA
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko apirilaren 30a
11:53
Entzun

Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako azterketaren aurka intsumisio jarrera agertu zuten iaz eskola ugarik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. LOMCEn ezarritako proba da, eta Eusko Jaurlaritzaren Heziberri planean ere bai. Iaz 30 eskolatan egin zuten probako azterketa, eta komeria handiak izan zituen Hezkuntza Sailak, uko egin ziotelako ikastetxe askotan.

 

Aurten ikastetxe guztietara hedatzekoa dute azterketa, baina ezezkoa eman dute eskola askok. 120 zentro dira jadanik, Hezkuntza Plataformen Topaguneak jakinarazi duenez: 46 Bizkaian, 45 Gipuzkoan eta 29 Araban.

 

Manifestazioa egin dute eguerdian Portugaleten (Bizkaia), eta han eman dituzte orain arte planto egiteko asmoa agertu duten eskolei buruzko datuak —herriz herri zenbat diren ere zehaztu dute, eskolen izenik eman gabe—. LOMCEri “planto” egiteko aldarria berretsi dute plataformetako ordezkariek, eta Jaurlaritzari eskatu diote erretira ditzala Heziberri planeko dekretuak. Plan hori “LOMCEren euskal aplikazioa” dela salatu dute, eta, horren aurrean, “ebaluazio sistema propioa” eskatu.

 

Eusko Jaurlaritzak esana du eskola bakoitzak duela hirugarren mailako azterketari buruzko ardura. Adierazi du eskolen “barne ebaluazioa” dela, eta, hortaz, haiek erabaki behar dutela zer egin. Muzin egiten dioten gurasoen kontrako neurriak hartzea ere baztertu du Hezkuntza Sailak. Ziurtatu du proba horrek ez duela izango zuzeneko eragin akademikorik, eta emaitzak ez dituztela inolaz ere argitaratuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.