Pandemiaren laugarren olatua etenik gabe ari da maldan gora, gero eta malkartsuago. Beste behin, birusaren transmisioaren larriagotzea bistakoa da Hegoaldeko osasun agintariek argitaratutako datuetan. Osakidetzak eta Osasunbideak, guztira, 13.929 proba egin zituzten COVID-19a detektatzeko, eta horien %8,7k eman zuten positibo: 1.216k. Otsailaren 4tik aitzina Hego Euskal Herrian izandako daturik makurrena da hori.
Kutsatuen datuak lurraldeka aztertuta, Gipuzkoan detektatu dira kasu positibo gehien asteartean: 456. Gainera, Bizkaian 419 atzeman ditu Osakidetzak, eta Araban, berriz, 123. Halaber, Nafarroan atzemandako positibo kopuruak 200 kasuren langa gainditu du berriz ere; zehazki, azken zazpi egunetan kopurua bi egunetan baizik ez da izan 200dik beherakoa herrialdean. Atzoko testetan 213 detektatu ziren, eta %8,1 izan zen positiboen ehunekoa. Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako testetan %8,9 izan zen portzentajea.
Transmisioari buruzko datuak ez ezik, heriotzei loturikoak ere ilunak dira Hegoaldean; eten egin da beheranzko joera. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 52 lagun hil dira gaitzak jota azken astean. Iragan asteetako datuen aldean, heriotza kopuruak nabarmen egin du gora; izan ere, otsail bukaeratik izandako kopururik handiena izan da aurreko astekoa, hau da, apirilaren 5etik 11ra bitartekoa. Zenbatekoa otsailaren 22tik 28ra arteko astean izan zen langa horretatik goitikoa azkenekoz; Osakidetzak eta Osasunbideak 71 heriotza jakinarazi zituen hartan.
171 paziente ZIUetan
Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, atzo 104 pertsona ospitaleratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagotuta. Horiek aintzat harturik, guztira 751 lagun daude Hegoaldeko ospitaleetan erietxeraturik. Paziente horietako 580 gela arruntetan dira, eta, berriz, 171 daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Otsailaren 19tik izan den kopururik handiena da hori.