Indarkeria matxista

13 urteko mutiko bat

Donostia, 2011ko abenduaren 1a.

2011ko abenduaren 1a
00:42
Entzun

2011ko abenduaren 1ean, Luis Serranok bere seme zaharrena hil zuen, bularrean labankada bat emanda. 13 urte zituen gazteak. Donostian gertatu zen.

Hilketa ez, baizik eta ezbehar bat izan zela argudiatzen ahalegindu zen gizona, baina zinpeko epaimahaiak frogatutzat jo zuen gizonak nahita hil zuela semea: emaztearen kontra mendekua hartzeko gogoa antzeman zioten hilketa hartan. Hemeretzi urteko kartzela zigorra ezarri zion epaileak Serranori.

Epaiketa egin zen arte, nolanahi ere, bost urte eta erdi igaro ziren; 2017ko ekainaren 5ean hasi, eta hilaren 23an bukatu zen. Epe horretan, gizona beste bertsio batzuk zabaltzen saiatu zen, baina zalantzarako tarte gutxi utzi zuen zinpeko epaimahaiaren ebazpenak, ekainaren 27an.

Luis Serrano eta Itziar Loinaz senar-emazteek lau seme-alaba zituzten, eta Donostiako Antigua auzoko pisu batean bizi ziren, alokairuan. 2011ko azaroan, emakumeak dibortziatzeko aukera proposatu zion gizonari. Serrano bere burua zauritu zuen labana batekin orduan, eta psikiatriko batean ingresatu zuten.

Handik irten zenean, amaren etxera joan zen bizitzera, eta behin baino gehiagotan saiatu zen Loinazekin harremanetan jartzen. Horretarako, gero hilko zuen semearen bitartekaritza erabiltzen ere saiatu zen.

Hilketaren egunean, eskolara zihoala, aita atera zitzaion bidera semeari, eta konbentzitu egin zuen, ama bizi zen pisura joaten utz ziezaion, handik traste batzuk jaso behar zituela esanda.

Sententziaren arabera, gizona etxera joan zenean labana sartu zion bihotzean semeari. Umearen ondoan eseri, eta inori abisurik eman gabe, hura hil arte han geldirik egon zen. Ondoren, bere burua zauritu zuen labanarekin.

Zinpeko epaimahaiak argi ikusi zuen horrela jokatzeko arrazoia: emazte ohiari kalte egin eta «mendekua» hartu nahi zuen gizonak.

Semea hil eta bere burua zauritu ondoren, pisutik atera, motor bat hartu, eta ezkutatu egin zen. Igeldo aldeko mendiko borda batean gordeta egon zen astebetez. Bere amaren etxera itzuli zenean atxilotu zuten ertzainek, eta epailearen aurrera eraman zuten.

Orduko hartan, istripu bat izan zela adierazi zuen Serranok. Semea erori, eta nahi izan gabe sartu zuela labana bularrean. Poliziak, berriz, suizidioaren hipotesia erabat baztertu gabe zeuden artean. Epaileak baldintzapeko askatasunean utzi zuen Serrano. Bost urte eta erdi egin zituen horrela.

Ahozko epaiketa hasi bitarteko denbora luzea izan bazen, halakoa izan zen epaiketa ere. Hiru aste iraun zituen eta, guztira, 50 pertsona baino gehiagok deklaratu zuten auzitegian. Serranok Miguel Castells abokatua hartu zuen defentsarako, eta Loinazen familiak, Iñigo Iruin. Elkarrekin lanean aritutako bi abokatuak aurrez aurre jarri zituen epaiketak beraz, eta horregatik ere hartu zuen oihartzuna auziak.

Azkenean zalantzarik ez zuen izan zinpeko epaimahaiak; egun bakar batean hartu zuen erabakia, eta hilketaren errudun jo zuen Serrano. Defentsako abokatuak, orduan, eskatu zuen zigorra hamabost urtera jaisteko, epaiketaren atzerapenak eragindako kalteengatik. Ez zioten onartu. Hemeretzi urteko kartzela zigorra eman zion epaileak Serranori —fiskaltzak eskatzen zuena baino urte bat gehiago, eta familiaren abokatuak eskatzen zuena baino urte bat gutxiago—. Emazte ohiari eta beste seme-alabei 314.000 euroren kalte-ordaina ematera ere zigortu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.