Urtebete eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak Blanca Rosa eta Maria Isabel Bruño Azpiroz enpresariei, ETAri iraultza zerga ordaindu izana egotzita. 2003. eta 2006. urteetan ETAk iraultza zerga ordaintzeko eskatzeko bi gutun bidali zizkiela dio Auzitegi Nazionalak, eta bi ahizpek 6.000 euro ordaindu zizkiotela. ETA diruz lagundu zutela argudiatu, eta 15 hilabeteko espetxe zigorra ezarri die Auzitegi Nazionalak. Zigorra bi urtetik beherakoa izanik, ez dute espetxera joan behar izango. Beste zigor bat ere jaso dute Andres Bruño e Hijos enpresako presidente eta presidenteorde direnek: hiru urte eta lau hileko erabateko inhabilitazioa.
Otsailean epaitu zituzten Bruño ahizpak Auzitegi Nazionalean, eta egiten ari zitzaizkien bidegabekeria salatu zuten orduan. «ETAren biktima izan da gure familia duela 30 urtetik, eta orain Justiziaren biktima izaten ari gara».
Auzitegi Nazionalak onartu egin du ETAren gutunek «gainditu ezinezko beldurra» eragin ziela ahizpei, eta arindu egin die zigorra. Izan ere, bosna urteko espetxe zigorra eta 27.000 euroko isuna eskatuak zituen fiskalak.
Euskal alderdiek gogor salatu dute Auzitegi Nazionalak agindutako zigorra. «Ez da posible 30 urtean estortsioa jaso duen familiak zigorra jasotzea», esan du Joseba Egibar legebiltzarkide jeltzaleak. Hortaz, «zentzugabekeria zuzentzeko» eskatu du.
Aralarreko Aintzane Ezenarrok «arrazoi politikoak» ikusi ditu, «ETAk estortsioa amaitu duela iragarri duenean etorri delako» epaia. «ETAren biktimak Espainiako Justiziaren biktima» izaten ari direla salatu du.
EAko Juanjo Agirrezabalak epaia «injustua» dela esan du, eta zuzentzeko eskatu.
«Ezin da ados egon ETAren laguntzaileak eta mehatxuen biktimak nahasten dituen epaiarekin», adierazi du Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaileak. «Zerbait huts egiten ari da, mehatxatutako pertsonen egoera are gehiago larritu besterik egiten ez duten halako epaiekin».
15 hileko espetxe zigorra jaso dute Bruño ahizpek, 'iraultza zerga' ordaindu zutelakoan
EAJk, EAk, Aralarrek eta Ezker Batuak «zentzugabekeria» zuzentzeko eskatu diote Auzitegi Nazionalari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu